Altsasuko auziagatik 588 egun preso egon ondoren Iñakik (3 urte eta erdiko zigorra) eta Aratzek (4 urte eta 2 hilabeteko zigorra) hirugarren gradua jaso zuten abenduaren 20an, 11:30 aldera. Kartzelako atean zain zituzten euren senide eta lagunak. Ordutik biak astegunetan Zaballako espetxera lotara joaten dira eta asteburuak etxean pasatzen dituzte.
Altsasu Gurasoak taldeko kideek adierazi zutenez, “Iñaki eta Aratz kalean daude, baina ez aske. Epaia betetzen ari dira. Jakina, hirugarren graduak gure sufrimendua arintzen du, baina ez du bizi duten injustizia egoera aldatzen. Gogoratu gainontzeko semeek kartzelan segituko dutela”. Guztiak kalean ikusi arte borrokan segituko dutela gaztigatu dute gurasoek. Bitartean Iñaki eta Aratz, pixkanaka euren bizitza berregiten hasi dira. Herrira bueltatu zirenean ez zen harrera berezirik izan.
Bigarren gradua
Adur, Jokin eta Oihan (1153 egun preso hirurak), Jon Ander eta Julen (619 egun preso biak) bigarren graduan sailkatu zituztela jakin zuten joan den astean. Hori horrela, laurek kartzelatik egun batzuk ateratzeko baimenak eskatzeko aukera dute. Baimena ematea beste kontu bat da. Eta kalean pasatzeko baimen batzuk egiterakoan hirugarren gradua eskatzeko aukera izanen dute. Zortzigarren auzipetu Ainara kalean dago, urte eta erdiko zigorra jaso baitzuen.
Bitartean, auzipetuen abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionalean eskaerak eginak dituzte eta epaitegiak haiek onartuko dituen edo ez erabaki zain daude. Espainiako bidea agortuta Giza Eskubideen Europako Auzitegiko, Estrasburgoko bidea hartzea geldituko litzateke.