Altsasuko Udalaren hirigintza plana edo Udal Plan Orokorra 2002koa eta hainbat aldaketa herritarren parte-hartze prozesurik gabe tramitatuak izan ziren. Aurreko legegintzaldian udalean ordezkatuta zeuden alderdi guztiek premiazkotzat jo zuten Udal Plan Orokor berria izatea. Javier Ollo Martinez alkateak udalaren behar hori horrela laburbildu izan du: “dugun plana Altsasuko Udalarendako ez da tresna bat, askotan arazo bat da”. Horiek horrela aurreko legealdiaren akaberan Altsasuko Udalak Udal Plan Orokor berria egiteko pausoak eman zituen. Aurrekontuetan horretara 245.000 euro bideratu zituen, horietatik % 80 Nafarroako Gobernuak pagatuko ditu.
Herri baterako hirigintza araudia onartzea epe luzeko lana da. Eta prozeduraren barruan ezinbestekoa da herritarren parte hartzea. Lehen pauso horren bidez udalak herriko hainbat sektoreren egoerari buruzko informazioa jasoko du. “Informazio hori izatea ezinbestekoa izanen da gure udalerriko errealitate sozioekonomikora egokituko den Udal Plan Orokorra egiteko”. Partaidetza planaren barruan hainbat bilera eginen dira, eta horien datak udalak garaiz jakinaraziko dituela aurreratu du.
Herritarren Partaidetzarako Planaz
Altsasuko Udalak parte-hartzearen bidez herritarren artean dauden ikuspegi guztien kezkak, iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko aukera izan nahi du. Horretarako, ezinbestean, indarrean dagoen Udal Plan Orokorrari buruzko informazioa altsasuarren eskura jarriko du. Bestetik, herri inklusiboagoa definitzeko, kontuan hartuko dira bi sexuen arteko berdintasun-aukerei buruzko alderdiak.
Indarrean dagoen hirigintza planaren berrikuspenak zazpi pauso ditu. Aurrenekoan, natura- eta kultura-ondareari, herriari, ekipamenduei, azpiegiturei, ekonomia jarduerari eta mugikortasunari buruzko hainbat informazio jasoko da, diagnosia egiteko. Bigarren pausoa alternatibak zehaztu eta aurretiazko Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia (LOEE) egitea izanen da. Fase horretan Udal Hirigintza Planaren egitura orokorra eta organikoa definituko duten ildo nagusiak osatuko dira. Fase hori garrantzitsuena da parte-hartze publikoari dagokionez, udalerriaren eredua definitzen baitu. Altsasuko Udalak antolamendu alternatibak dituen proposamen bat jarri du mahai gainean, eta proposamen horren gainean kokatu eta eztabaidatu behar da. LOEE egin aurretik, iradokizunak jasotzeko, indarrean dagoen plangintza baloratu eta hainbat aukera aztertu behar dira.
Altsasun indarrean dagoen planaren ezaugarriak direla eta, kudeaketan hainbat problematika dituzten sektore ugari daude, esaterako, Zelandi, Arkangoa-Mendizal, Lezalde, Dermau, Benta-Zelai, Ameztia edota Zuntaipe. Bertako bizilagunekin, edo beste sektore batekoekin, parte hartzeko saioak egitea aurreikusi da.
Hirugarren pausoa LOEE onartzea izanen da, horren aurretik txostena jendaurrean jarri eta aurkezpen publikoa eginen da. Horrek bide emanen dio Udal Hirigintza Planaren aurreneko bertsioari, eta fase horretan ere bilera kolektiboa eta aurkezpena aurreikusten dira, besteak beste. Hirigintza plana jendaurrean jartzea izanen da bosgarren pausoa. Ondoren etorriko baitira behin behineko eta behin betiko onarpenak.