Mugimendu feministak bortxatuaren kontrako jazarpena salatu du

Guaixe 2020ko ots. 15a, 12:43
Biktimak jazarpena pairatzen duela salatzeko bilkura egin zuten.

Duela lau urteko sexu erasoaren ondorengo egunetan emakumezkoaren kontrako jazarpenak segida duela gaur egun salatu zuten. Emakumezkoari “sinisten dutela” berretsi zioten.

2016ko otsailaren 6ko goizaldean Alde Zaharreko taberna bateko komunean sexu erasoa izan zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Horregatik, gizonezko altsasuar bat sei urteko espetxe zigorra betetzen ari da. Altsasuko mugimendu feministak deituta kontzentrazio jendetsua egin zen Foru plazan joan den ostegunean. Aski da! Jazarpenik ez. Guk sinisten dizugu leloa zuen pankarta zabaldu zuten bitartean kintoen dantzaldia eten egin zen. 

Altsasuko mugimendu feministako kideek gogoratu zuten duela lau urte salaketa soziala egin zutela, baita ondorengo jazarpenarena ere. “Baina kalera ateratzeko beharra izan dugu, jazarpen horrek etenik izan ez duelako”. Mugimenduko kideek azaldu zutenez, “nazkatuta gaude erasotuak izateaz aparte, herriaren epaiketa bikoitza eta jazarpenak jasotzeaz. Horrela argi uzten duzue zuen jarrera matxista”. Gaztigatu zutenez, “jazarpen hori biolentzia matxistaren eta patriarkatuaren beste adibide garbi bat da, emakumezko eta mugimendu feministaren kontrako erasoa da”. Mugimendu feministatik nabarmendu zutenez, halako jazarpen kasuek “balio beharko ligukete begiak zabaltzeko, gure kaleetan ere erasotzen gaituzte!”

Lagunak 
Kontzentrazioaren ondoren biktimaren lagunek ere hitza hartu zuten. “Bortxaketaz gauza asko esan eta idatzi dira, gezurra gehienak. Neska, familia eta lagunak isilik mantendu gara, errespetuagatik eta duintasunagatik. Baina badirudi horrela lortu dugun gauza bakarra dela beste batzuk biktimaren kontrako gezurrez betetako mesprezuzko kanpaina handi bat egitea izan dela. Beraz, ez gara isilik mantenduko”. 

Adierazi zutenez, “bortxaketa bat izan zen. Justizia patriarkal honek hirutan zigortu du gizon hori”. Gogorarazi zuten proba fisikoak daudela, epaia publikoa dela eta edonork irakur dezakeela. Lagunek gaineratu zutenez, “biktimak bortxaketa salatu ondoren, emakumezkoei beti pasatzen zaigun moduan, bortxatua izan zela erakutsi behar izan zuen, prozesu luze eta gogor bat jasanda”. Gertatutakoa gezurtatzen dutenei eta Altsasuri zuzenduta, biktimaren lagunek esan zutenez, “argi eta garbi dugu Altsasun bortxaketa bat izan zela. Gure herrian ez ditugu ez bortxaketarik ezta bortxatzailerik nahi. Ez ditugu herri epaiketak eta erasotzaileak defendatzen dituztenak jasanen”. 

Erlazionatuak