Hirigintza plana egiten hasteko, sektorekako bilerak

Guaixe 2020ko ots. 19a, 11:29
Altsasuren ikuspegia bargatik.

Herriko hainbat hirigintza sektoreri buruzko informazioa jaso nahi du udalak, “informazio hori izatea ezinbestekoa izanen da gure udalerriko errealitate sozioekonomikora egokituko den Udal Plan Orokorra egiteko”.

Herriko hirigintza araudi berria onartzeko prozedura martxan du Altsasuko Udalak. Udal Plan Orokorra egiteko aurreneko pausoa parte-hartze prozesua martxan jartzea da. Hirigintza ikuspegitik Altsasu hainbat sektoretan banatuta dago eta bakoitzari buruzko informazioa eskuratzeko herritarrei irekitako saioak antolatu ditu Altsasuko Udalak. Guztira zortzi saio izanen dira, Iortia kultur guneko areto txikian eginen direnak. Saio horien egutegia ezagutarazi ditu dagoeneko udalak. 

Udal Plan Orokorrean altsasuarren parte-hartze saioen aurretik Altsasuko Udala hainbat erakundetako ordezkariekin elkartuko da udaletxeko bilkura gelan. Bilera horiek joan den ostiral hasi ziren, Cederna-Garalurreko eta Sakanako Garapen Agentziako kideekin elkartuko ziren udal arduradunak. Etzin, berriz, 10:00etan Sakanako Enpresarien Elkartearen eta 12:00etan Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Elkartearen txandak izanen dira, eta aste honetako ordutegi bera mantenduko da. 

Parte-hartze egutegia 
Otsailak 28, ostirala 
10:00etan Ameztia. 
12:00etan Zuntaipe. 

Martxoak 6, ostirala 
10:00etan Dermau. 
12:00etan Zelandi. 

Martxoak 13, ostirala
10:00etan Lezalde. 
12:00etan Zelai salmenta. 

Martxoak 27, ostirala
10:00etan Arkangoa. 
12:00etan Mendizal.

Erlazionatuak