Altsasuko auzian zigortu baina aske zegoen Ainarak dagoeneko ez du epaitegira sinatzera joan beharko. 2018ko erdi aldera arte astean bitan pasa behar zuen epaitegitik sinatzera, eta ordutik pasa den astera arte 15ean behin. Bestalde, auzitegiak Ainarari pasaportea bueltatu dio. Espainiako Auzitegi Gorenak Ainarari urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion mehatxu eta desordena publikoko delituengatik. Altsasu Gurasoak taldeak joan den ostiralean jakinarazi zuenez, epaitegiak zigorra bost urterako eten dio. Epe horretan deliturik betetzen ez badu ez du espetxean sartu beharrik izanen.
Auziko gainontzeko epaituei dagokienez, Aratz eta Iñaki 3. graduan daude eta astegunetan espetxera lotara bueltatu beharra dute. Gainontzeko auzipetuak 2. graduan sailkatu dituzte eta espetxe onurak eskatu dituzte, zenbait egunez espetxetik ateratzeko baimenak zehazki. Adurrek, Jokinek eta Oihanek 1.188 egun egin dituzte preso Zaballan. Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 654. Azken biak preso daude. Guztien askatasuna aldarrikatzeko, beste behin Santa Ageda eguneko larunbata baliatuta, altsasuarrek elkartasun zortzikoa dantzatu zuten.