Ibarreako saneamendu lanei bultzada

Guaixe 2020ko ots. 17a, 12:29
Altsasuko ikuspegia Bargagaindik.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan lanen bigarren eta azken faserako 250.000 euroko diru-saila izatea onartu du Parlamentuak. Lanak aurten eginen dira.

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordea alderdiek Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei aurkeztutako emendakinak aztertzen aritu zen joan den aste osoan. Ekonomia eta Enpresa Garapen Departamentuaren aurrekontuaren emendakinen artean Altsasuri lotutako bat zegoen:  Ibarrea industrialdeko uren saneamendua egiteko bigarren faserako 250.000 euro bideratzea. Lanen helburua da industrialdean dauden lantegietako eta etxeetako ur beltzak Altzania ubeldean ez bukatzea, araztegian baizik. Geroa Baik aurkeztu zuen mozioa aho batez onartu zuten asteazkenean. 

Lan horien aurreneko fasea udazkenean egin zen. Ibarrea industrialdearen hasieran zegoen kolektorearen ondoan biltegi berria egin zuten. Horrekin batera, industrialdeko kale guztian aurrera saneamendu sarea egin zen eta lantegiak eta etxeak hartara lotu ziren. Bigarren fasean industrialdeko hondakin urak Txunkai auzoko ur-biltegira eramateko lanak eginen dira. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez, “teknikoki lehenengo fasea baino konplexuagoa da bigarren hau, batez ere, industriagunearen hasieran dauden bi zubiengatik, trenbidearena eta Altzania gainekoa”. Alkateak jakinarazi digunez, lanen proiektua egina dago eta 400.000 euroko aurrekontua dute. Jasotako dirulaguntzarekin eta udalaren joan den urteko soberakinarekin finantzatuko dituzte lan horiek. Lanek urtea despeditu aurretik eginak egon beharko dute. 

Ollok argitu digunez, “etorkizunean, agian Tokiko Azpiegitura Plan berri batekin, Ibarmusu auzoan eta Ameztia auzoko zati batean (Ibarrea industriagunetik hasita Guardia Civilaren kaurtelera arte) ur zikinak eramateko instalazioa egin beharko da. Kasu horretan etxebizitzez osaturiko espazioak dira”. 

Erlazionatuak