Udaltzainak VioGen sisteman trebatu dira

Guaixe 2020ko ots. 22a, 12:16
Udaltzainak Gobernu Ordezkaritzako prestakuntza saioan.

Genero indarkeriako biktimen banakako jarraipen eta ebaluaziorako koordinazio eta informazio eguneratuko tresna da.

Nafarroako hainbat Udaltzaingok bat egin dute VioGen sistemarekin eta hari buruzko prestakuntza jaso zuten astelehenean. Tartean ziren Altsasuko udaltzainak. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan egin zen Genero Indarkeria kasuetarako Jarraipen Sistema Integralari (VioGén) buruzko prestakuntza-jardunaldia. Udaltzainek Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko agenteen bidez jaso zuten prestakuntza. VioGen sistema aplikazio informatikoa da eta hura nola erabili eta  biktima bakoitzari dagozkion datuen tratamendua nola egin azaldu zieten udaltzainei, besteak beste, 
kasuaren alta, polizia-jarduerak, kontaktuak, salaketak, gertakariak, lokalizazioak, neurri judizialak, biktimaren eta egilearen arteko harremana edo arriskuaren balorazioa nola egin. Azken horri esker, babes-neurri egokiak zehazten dituzte.

Prestakuntza-jardunaldiak sexu indarkeriarekin lotutako beste baliabide batzuk ezagutzeko aukera izan zuten udaltzainek: ATENPRO (Gurutze Gorria kudeatzen duen Espainiako Gobernuaren genero-indarkeriaren biktimei arreta eta babesa emateko telefono-zerbitzua), urruntze-neurriak eta -zigorrak telematikoki kontrolatzeko gailua (Cometa) edo Alertcops aplikazioa, mugikorraren bidez polizia-alertak sortzea ahalbidetzen duena.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Jose Luis Arastik, esan zuenez “polizia-kidego guztien inplikaziotik bakarrik ehundu ahal izanen dugu genero indarkeriaren biktimen babesa bermatzeko behar dugun laguntza eta baliabide sarea”. Gogorarazi zuen sartu berri diren Udaltzaingoek Barne Ministerioko Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren laguntza izanen dutela etengabe, baita dagoeneko VioGén barruan dauden polizia-kidegoena ere. Azkenik, genero indarkeriaren aurkako borrokan udaltzainek duten papera azpimarratu zuen: “hurbiltasuneko eragile nagusiak dira. Gaineratu zuenez, “sarritan poliziak izaten direla biktimekiko lehen lotura, eta polizien zeregina funtsezkoa da haiekin egoteko, gidatzeko eta salaketa jartzeko behar duten konfiantza sortzeko. VioGenen ez dagoena ikusezina da sistemaren begietara, eta, hala, ezinezkoa da haren segurtasuna bermatzea".