Genero indarkeria pairatu duten emakumezkoen arretarako protokoloa

Guaixe 2019ko aza. 25a, 10:47
Segurtuasun indarretako ordezkariak protokoloa sinatzen.

Udaltzaingoak, Foruzaingoak, Guardia Civilak eta Policia Nacionalak sinatu dute. Haren bidez, Atsasuko Udaltzaingoak koordinazio eta informaziorako VioGen Sistemara sarbide izanen du.

Altsasuko Udalak 2019-2023 aldirako II. Berdintasun Plana onartu zuen lastaileko bilkuran. Haren barruan kokatzen da genero indarkeriaren biktima diren emakumezkoen polizia arretarako elkarlan protokoloa sinatzea. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, protokoloak “Altsasuko Udaltzaingoak arlo horretan egiten zuen lana sendotzen du, espezializatutako sekzioak dituzten gainontzeko segurtasun indarrekin etengabeko koordinazioan izanen da”. 

Sinatutako protokoloaren ondorioz, Altsasuko Udaltzaingoak VioGen Sistemara sarbidea izanen du. Alkateak azaldu zuenez, “genero indarkeriako biktimen banakako jarraipen eta ebaluaziorako koordinazio eta informazio eguneratuko tresna da”. Baina sistema horretara sartzeko beste bi pauso eman behar ditu Altsasuko Udalak. Aurrena, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioaren Etxeko eta Genero Indarkeriako Biktimen Babeserako Estatuko Segurtasun Indarren arteko Elkarlan eta Koordinazio Protokoloarekin bat egitea. Eta, atzena, Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzan eskatzea Genero Indarkeria kasuen Jarraipen Integralerako Sisteman (VioGen) bat egitea. 

Hiru pausoak betetzen direnean, Barne Ministerioaren eta Altsasuko Udalaren arteko hitzarmena sinatuko da eta, horrela, Altsasuko Udalak VioGen Sistemara sarbidea izanen du. Azken hitzarmen hori Espainiako Gobernu Ordezkariak eta Altsasuko alkateak sinatuko dute. Baina horra iristeko aurreneko pausoa ostiralean eman zuten Juan Carlos Zapico Revueltak (Foruzaingoaren burua), Francisco Lopez Canedok (Policia Nacionaleko Nafarroako goi buruzagia), Jose Santiago Martin Gomez (Guardia Civileko Nafarroako koronel burua) eta alkateak.