Bi auzipeturi espetxetik ateratzeko hiru eguneko baimena eman diete

Guaixe 2020ko ots. 28a, 14:41
Ostiralero, 20:00etan, udaletxe parean kontzentrazioa egiten da auzia salatu eta presoen askatasuna aldarrikatzeko.

Jokinek eta Oihanek jaso dute espetxeko tratamendu batzordearen oniritzia. Haiek bezainbat egun preso daraman Adur zain dago, baita Jonan eta Julen ere.

Altsasu Gurasoak taldeko kideek ostiraleko kontzentrazioan jakinarazi zutenez, Altsasuko auziagatik Zaballan preso dauden Jokinek (8 urte eta erdiko zigorra, 1.202 egun preso) eta Oihanek (9 urte eta erdiko zigorra, 1.202 egun preso) kartzelatik hiru egun ateratzeko baimena jaso dute. Haiek bezainbat denbora preso daraman Adurrendako baimena aurki iristea espero dute gurasoek (8 urte eta erdiko zigorra, 1.202 egun preso). Halako baimenak emateaz espetxeko tratamendu batzordea arduratzen da. 

Jon Anderrek eta Julenek (7 urte eta erdiko zigor bana, 668 egun preso) joan den astean bete zuten zigorraren laurdena, beraz, baimenak eskatzeko aukera dute. Berez, zigorraren laurdena 17 egun barru beteko dute, baina kalean zeudela epaitegira sinatzera joateagatik (hasieran astean bitan, 2018ko martxotik aurrera 15ean behin) eta pasaportea kentzeagatik zigor egunak kendu dizkiete. 

Bestetik, Aratz (4 urte eta 2 hilabeteko zigorra) eta Iñaki (3 urte eta erdiko zigorra) abenduaren 20tik zigorra hirugarren graduan betetzen ari dira. Azkenik, Ainarak urte eta erdiko espetxe zigorra etenda du eta bost urtetan deliturik egiten ez badu ez du kartzelan sartu beharko. Otsaileko aurreneko astetik ez du epaitegira sinatzera joan beharrik eta atzerrira bidaiatzeko aukera du.