Lau eurodiputatuk Didier Reynders Europako Justizia komisarioari gutuna bidali zioten ostiralean. Justizia komisarioari eskatu diote “ahalik eta lasterren” berrikus dezala Espainia terrorismoaren aurkako borrokari buruzko 2017/54 zuzentaraua nola aplikatzen ari den, uste baitute estatu horrek bere transposizioarekin “ia mugarik gabe” zabaldu duela terrorismo-mota penala, terrorismoa ez den egoeratara zabalduz. Sinatzaileen iritziz “anbiguoa eta zehaztugabea” da, eta 2salaketa arbitrario batzuk eragin ditzake”. Gutunean Altsasuko edo Nines Maestroren (Palestina laguntzeko elkartasun bilketa bat antolatzeagatik terrorismoa leporatzen diote) kasuak aipatu dituzte.
Idatzia Miguel Urban (Podemos, Europako Ezker Batua/Ezker Berdea taldeko kidea), Izaskun Bilbao (EAJ, Renew Europe taldeko kidea), Pernando Barrena (EH Bildu, Europako Ezker Batua/Iparraldeko Ezker Berdea taldeko kidea) eta Diana Riba i Giner (ERC, Los Verdes taldeko kidea) sinatu zuten. Laurek gaineratu dute transposizio okerraz aparte Espainiako sistemaren berezko beste faktore batzuekin bat egiten dutela, esaterako, “epaileen independentziaren arazoekin” eta “Erkidegoko zuzenbidearen ezagutzan dauden hutsuneekin”.
Lau eurodiputatuek Reyndersi nabarmendu nahi izan diote terrorismo delituak Auzitegi Nazionala bezalako auzitegi berezi batek epaitzen dituela. Sinatzaileek azaldu dutenez, “erregistro judizialak ez dira justizia sistema arruntera itzultzen, terrorismo akusazioa altxatzen denean ere”. Bestetik, gogorarazi dute 2016/343 zuzentarauaren 4. eta 5. artikuluek debekatzen dutela “akusatua errudun gisa aurkeztea iritzi publikoari”. Lau eurodiputatuen ustez, premisa hori “behin eta berriz urratzen dute botere judizialak eta Espainiako hedabideek. Terrorismoarekin lotutako atxiloketak, oro har, zuzenean transmititzen dira hainbat telebista-katetan; akusatuaren argazkiak bere izen-abizenekin banatzen dira, eta ikusizko baliabideak erabiltzen dira, bai eta egoera horietan gizabanakoek erakunde kriminal arriskutsu bateko kide gisa aurkezten duten lengoaia mota bat ere”.