Koronabirusak sortutako krisiak gazteek zituzten ateratzeko baimenak bertan behera utzi ditu.
Zein egoeratan daude presoak kartzelan?
Etxean egotera behartuta gaudenez, gauza bategatik edo besteagatik, denok gogoratzen ari gara kartzelan dauden lagunak, senitartekoez eta kideez. Hala daude une honetan Altsasuko bost gazte. Abenduaren 20az geroztik Aratz eta Iñaki 3. graduan daude. Oker ez banaiz, birusarengatik, ez dira espetxera lo egitera joaten. Halako eskumuturra jarri diete. Etxean konfinatzeko aukera izaten ari dira.
Preso daudenak, elkarrekin daude?
Bai, 4. moduluan, errespetukoan. Bostek zigorraren laurdena beteta dute. Adur, Jokin eta Oihan hiru urte eta erdi eginen dituzte preso. Tramite guztiak eginda, hirurek Madrilek onartutako baimenak zituzten. Jada hanka bat kanpoan zutela koronabirusa dela eta bertan behera gelditu zaie irteera, hiru eguneko irteera. Haiendako gogorra izan da. Julenek eta Jonanek onartuta dute ateratzeko baimena, baina Madrilek berresteko zain daude. Gazteen kezka momentu honetan handia da.
Zaballan koronabirusak jotako gaixorik bada?
Ez digute esan haien moduluan inor dagoenik. Baina kezka handia da. Izan ere, haien moduluko zenbait kide egunero lanera ateratzen dira. Honengatik kartzela barruan hainbat aldaketa izan dira. Esaterako, paketeen joan-etorria moztu dute, baita aurrez aurreko bisitak edota mintzalekukoak ere. Bisitak bertan behera gelditu dira. Eta ez dute martxan jarri bideo-konferentzia moduko komunikazio biderik. Halako mozketa eta egoera berezi batean hori interesgarria litzateke. Gainera, azpiegitura egonda. Ez dakit guztiendako adina azpiegitura egonen den, baina, nolabait, astean behineko bideo-konferentzia bat-edo posible izanen balitz gauza ederra litzateke. Bai haiendako bai familia edo lagunendako. Elkar ikusteko, aurrez aurreko eta lokutorioetako bisitariek denak bertan behera gelditu direnez…
Senideekin eta lagunekin harremana mantentzeko modu bakarra kabina batetik, pagatuta, egindako telefono deiak dira, ezta?
Gainera, garesti xamar izaten da. Aurtengo berria izan da lehen bost minutuko deiak zirela eta orain zortzi minutura luzatu dutela. Oker ez banaiz hamar dei dituzte. Eta gero kartak. Baina posta zerbitzuan ere murrizketa batzuk izan dira eta ez dira horren sarri iristen. Baina iristen dira. Jendeak idatzi nahi badie, hori da komunikatzeko modu bat. Helbidea da: Centro Peninteciario de Alava. Portillo San Miguel, 1. Carretera N-1, Km. 340. 01230 , Nanclares de Oca. Boskoteari idazteko gogoa daukak, aupa! Pozik hartuko dute.
Kartzelan ikasten eta hainbat jarduera egiten ari ziren. Segitzen dute? Edo hori ere moztu da?
Beraien bizitza ere aldatu da. Garai batean liburutegira eta kiroldegira joaten ziren. Edo bisitetara. Kartzela barruko irteera horiek guztiak moztu egin dituzte eta haien eguneroko bizitza modulu barruan egiten dute. Imajinatzen dut ikasketekin segituko dutela, daukaten denboran, haien ziegan. Baina halako azpiegiturak erabili gabe. Bitxikeria bat aipatu ere. Birusak ekarritako aldaketako bat da. Zuzendaritzaren helburua da ahalik eta denbora gehien eman dezatela haien ziegetan; ez egoteko jende guztia patioan, jende guztia batera. Nolabait, jendea konfinatzea nahi dute. Eta, horretarako, zer pentsatu dute? Kartzela barruan dagoen telebista katea martxan jartzea. Zuzendaritzak eskatuta, egunean hiru film edo hiru ikus-entzunezko jartzen dituzte. Eta Jonan eta Julen horretan dabiltza, egunero hiru film edo kirola egiteko saio bat edo halako gauzak jartzen kartzela guztiarendako. Horrekin buru-belarri ibili dira egun batzuetan. Jada, martxa hartu dute. Kirola eta ikasketak. Esan dezakegu denak eguneroko errutinan murgilduta daudela, guztiak zentratuta daude.
Jende askoren errutina bihurtua zen ostiraleroko kontzentrazioan parte hartzea. Badirudi jendeak aldarrikapena balkoietara eraman duela, ezta?
Gurasook ez dugu halako ekimenik bulkatu, baina bai ikusi ditugula, eta eskertzen ditugu jendearen ekarpen horiek. Ez dakit zein saretan esaten zuten asteazkenetan 18:00etan. Eta badirudi Altsasuko balkoi batzuetan mantendu dute ostiraleko hitzordua. Eskerrik asko guztiei Altsasuko gazte hauek gogoratzeagatik.
Frantziako Gobernuak 5.000 preso aske utziko ditu. Espainiakoak halakorik eginen duela irudikatzen duzue?
Itzela litzateke. Semeak esan dit inguruko hiruri 3. gradua eman dietela eta aurki ateratzekoak direla. Gure gazte hauek, eta imajinatzen dut beste askok ere, esaterako, zergatik ez konfinamendua etxean egin? Zigorraren laurdena bete dute, beti jarrera ona erakutsi dute egunerokoan, urtetan. Zergatik ez? Gaur egun dauden bitartekoekin, eskumuturrekoa dela eta… ba, etxera etortzea. Zeren kontuan izan behar dugu kartzela ez dagoela prest jende asko aldi berean gaixotzeko. Oso azpiegitura txikiak dauzka. Erizaindegia oso leku txikia da. Mediku bat eta ez dakit zenbait erizain, baina gutxi. Oheak ere bost gehienera. Halako jende pila dagoen leku batean, azpiegiturarik ez, dena itxita… Hor koronabirusa sartzen bada zoramena izan daiteke. Kontuan izan behar dugu, gainera, bertan dagoen jende asko immunoeskasia duela. Eta bestelako gaitz eta konplikazioak badituztela, hepatitisa dela eta bestea dela. Konfinamendua etxean pasatzea, hirugarren graduak aurreratzea konponbide on bat litzateke. Zertarako itxaron? Eta gazte hauen kasua da nik gehien ezagutzen dudana. Denak ikasten ari dira. Eta denek daukate, edozein gaztek bezala, kanpoan ikasketekin segitzeko grina, beharra eta nahi handia. Askok badituzte kanpoan lan eskaintzak. Bada ordua gazte hauek laguntzeko eta zor zaiena emateko. Beraien bizitzarekin segitzeko.
Zertan da auzibidea?
Une honetan klasifikazioaren helegitea Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean dago. Espetxeko bigarren gradua beharrean hirugarren gradua eskatzen duen helegitea da. Zertarako? Kanpoan ikasteko edota lan egiteko. Batzuek lan, besteak ikasi. Esandakoa, gaur egun badaude baliabideak. Hauek nahikoa erakutsi dute jarrera aldetik, finak direla. Baina beste kezketako bat da honek guztiak tramitazioa mantsotuko duela.
Dagoeneko hiru epaiketa. Hurrengoa non?
Espainiako Konstituzio Auzitegia lehenik, nahi eta nahi ez. Konstituzionalean helegite guztiak aurkeztu ditugu, Ainararena barne. Erabakiaren zain gaude, onartuko duten eta gaia aztertuko duten, edo ez duten onartuko eta Europako Giza Eskubideen Auzitegira joanen den.
Abokatuek noizko espero dute baiezko edo ezezko hori?
Justizia geldoa da eta zenbait gaietan agian presa gehiago hartzen dute. Komeni denean. Hori ere egiten badakitela erakutsi dute. Konstituzio Epaitegian urte bat izan daiteke, aurkezten denetik epai bat jasotzen den arte. Ez da zientzia zehatza. Ikusiko dugu gehiago den edo gutxiago den.