Koronabirusagatik sortutako krisia dela eta, 2019/2020 denboraldiari uste baino lehenago agur esan behar izan dio Naiara Diez kapitain altsasuarraren Gernika Lointek taldeak. Espainiako Saskibaloi Federazioak liga bertan behera uzteko erabakia hartu du, eta aurrerago erabakiko du zein taldek lortuko duten hurrengo denboraldian EuroCup-ean jokatzeko txartela.
Saskibaloi Liga bertan behera uzteko erabakia hartu du federazioak.
Badakigu koronabirusarengatik munduan zer nolako egoera dagoen, eta aurreko astean federazioak ligari bukaera emateko hartutako erabakiaren berri eman zigun. Nik uste hoberena dela; etxean gaude, eta jokatu ahal izateko aurretik entrenatzeko hilabete bat izan beharko genuke, lesioak ez izateko. Horrela erabaki dute eta horrela da.
Futbola bueltatzeko xehetasunak adosten ari dira. Erabaki horren atzean diruak pisua duela uste duzu?
Beno, hori dirudi... Gure saskibaloi liga, beharbada, ez da jendearendako hain garrantzitsua. Futbolak, guztiok dakigun moduan, diru asko mugitzen du, interes asko daude atzetik, telebista eskubideak daude, zale asko daude eta ekonomikoki diru asko galtzen ari direla badakigu. Ez dakit ondo edo gaizki aterako den, baina badirudi martxan jarriko direla, ez bakarrik Espainiako Futbol Liga baizik eta Europako Champions Txapelketa ere; beraiek jakingo dute, ziur neurriak jarriko dituztela pandemia hau geratzeko eta dena ziurtasunez egingo dutela. Erabaki horiek ez dakit ongi edo txarto aterako diren, baina beharbada ekonomia hobestu dutela ikusten da.
Liga bertan behera gelditu dela jakitea nola hartu zenuen?
Espero nuen, baina tristeziaz hartu nuen. Azkenean denboraldi ikaragarria egin dugu Lointek Gernikan; Emakumezkoen Ohorezko Mailako Ligan 3. postuan geunden, Europan oso ongi ibili gara, eta denboraldi bikaina izan da guretako. Bagenekien liga horrela bukatzeko aukera bazegoela, baina gatza da, inori ez zaio horrela bukatzea gustatzen. Espero genuen, baina halako zapore gazi bat uzten dizu. Batez ere taldekideak lagunak garelako, ia familia izango bagina bezala. Denbora asko pasatzen dugu batera, asko bidaiatzen dugu, gauza onak eta txarrak batera pasatzen ditugu, eta guretako gatzena egun batetik bestera agur esatea izan zen. Dena oso azkar iritsi zen; hasierako erabakia hurrengo partida publikorik gabe jokatzea izan zen, hurrengo egunean jada esan ziguten hurrengo bi jardunaldiak bertan behera utziko zituztela eta egun batetik bestera bakoitza bere etxean geunden, Gernikan genituen gauzak ia ia batu gabe, ezjakintasun hori atzean genuela. Bideo-deiak egiten ditugu eta asko hitz egiten dugu, baina ez da berdina.
EuroCupean, ligan… beste taldeekin koronabirusaren gaia aipatzen zenuten?
Bai, noski, hitz egiten zen. Taldean hitz egiten zen eta Ligan ere. Ligako talde guztietako kapitainek Whatsapp talde bat dugu eta koronabirusa zela eta, zer nolako egoerak gertatu ahal ziren hitz egiten genuen gure artean. Ez genuen espero birusa hain azkar hedatuko zenik. EuroCupeko partida baterako Frankfurteko aireportuan geundela, jendea maskarillarekin ikusi genuen lehenengoz, eta 10-15 egun pasata etxean geunden, konfinamenduan. Oso azkarra izan da.
Sekulako denboraldia egin duzue. EuroCupean historia egin eta final zortzirenetara iritsi zineten; Valenciaren kontra erori zineten baina burua tente, sekulako kanpaina egin eta gero. Emakumezkoen Endesa Ligan, 22 jardunaldi jokatuta, Perfumerias Avenida liderrak 41 puntu zituen, Girona bigarrenak 40 eta zuek, hirugarrenak, 39 puntu. Beraz, asko zegoen jokoan oraindik. Orain, liga bertan behera geratuta, txapeldunik egongo al da? Azken orduko berriren bat ba al duzue?
Espainiako Saskibaloi Federazioak eta klubek liga nola geratuko den erabaki beharko dute. Momentuz ligako 3. postua gurea da eta postu horrek hurrengo denboraldian EuroCupean parte hartzeko aukera ematen du. Guk uste dugu postuak mantenduko direla. Ez dakigu aurten txapeldunik egongo ote den; dakigun bakarra da talde guztiek 1. mailan jarraituko dutela, ez dela jaitsierarik egongo, eta 2. mailatik bi talde igoko direla. Hortaz, hurrengo denboraldian 16 talde egongo gara 1. mailan. Oraindik hitz egiten daude, baina hori da intentzioa. Liga bukatu baino lehen esfortzu asko egin genuen 3. postuan egoteko eta espero dugu postu hori mantenduko digutela. Baina federazioak esan arte ezin dugu ezer ziurtatu.
Kirolari profesionalak entrenatzen hasiak dira. Nahiz eta liga bukatu, Malostera entrenatzera hurbilduko zarete?
Liga bukatu da, eta jokalari bakoitza bere etxean dago. Ameriketan daude batzuk, beste lurraldeetan beste batzuk... ezin dira bueltatu. Kirola egiteko egoera hobetu da, baina lurralde batetik bestera bidaiatzen egoteko egoera ez da hobetu. Gure liga bukatu da eta ez gara Malostera bueltatuko hurrengo aurre-denboraldia hasten denera arte. Etxean egiten dugu kirola, eta gutxika hasi gara kalera ateratzen kirola egiteko, gainontzeko jende guztia bezala. Kirolari profesionalak gara, baina gainontzeko herritarrak bezala aterako gara kalera, eta neurriak jarraituko ditugu.
Altsasun zein aukera duzu entrenatzeko?
Altsasun egonda aukera bakarra da kalera ateratzea eta etxean egin ahal diren ariketa fisikoak egitea. Esaten dutenean kirolari profesionalak entrenatzera bueltatu ahal direla... bai, baina instalazioak pribatuak izan beharko lirateke horretarako. Altsasuko kirol instalazioak publikoak dira eta itxita daude. Horregatik esan dizut gure aukerak gainontzekoen berdinak direla. Kiroldegia irekitzen ez duten bitartean guztiak egoera berean egongo gara.
Hurrengo denboraldiari begira zein asmo dituzu? Lointek Gernikan jarraituko duzu?
Oraindik oso goiz da horretaz hitz egiteko. Nik uste hurrengo asteetan hasiko garela taldearekin hitz egiten, hurrengo denboraldiari begira ea zer gertatuko den zehazten. Klubeko zuzendaritzak dagoen egoera zein den aztertu beharko du, hurrengo denboraldiari begira. Nik uste dut ekonomikoki gauzak aldatuko direla; ez dakit babesleek jarraituko duten ala ez, jokalariok oraindik ez dakigu ezer. Orain zuzendaritzakoen txanda da.
Honetatik ikasbiderik atera ahal dugu?
Zer edo zer ona atera beharko genuke. Denondako egoera berdina da hau, eta egoera hau guztion artean atera behar dugu aurrera; nik uste, azkenean, gauza onak aterako ditugula. Lehen guretzat arruntak ziren gauzak, garrantzirik ematen ez genienak, zein garrantzitsuak diren konturatu gara. Nire kasuan, denboraldi osoan barna bidaiatzen nabil eta orain nire familiarekin egotea polita da, eta aprobetxatu behar dut. Nire lagunekin ere denbora pasatzea espero dut, ahal denean haiek besarkatzea. Orain bideo-deiekin dugu harremana baina espero dut beraiekin lehenbailehen egotea.
Kontaktu fisiko horren falta gogorra da. Aipatzen zenuen taldekideekin behar bezala ezin despeditu izana gogor egin zitzaizula.
Bai, pertsonak gara eta pena ematen digu horrek, baina gauzak horrela izan dira eta positiboki hartu behar dugu, eta kontzientzia hartu. Egoera oso zailak gertatzen ari dira, jende askok senitartekoak galdu ditu eta oso zaila da honi gauza onak ikustea. Guztia aldatu da, baina gutxika normaltasunera bueltatuko gara eta gertatutakoaz gauza asko ikasi beharko genituzke.