Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa patronatu batek zuzentzen du. Haren irizpideak gauzatzeaz arduratzen da gerentea, klinikako langileekin batera. Perezek lau medikuz osatutako osasun taldearen ardura du. Geriatrian, psikiatrian eta neurologian espezialistak daude talde horretan. Klinikak aurrera egiteko haiekin batera eskuz esku aritzen dira erizainak, erizaintzako laguntzaileak, teraupeutak, fisioterapeutak, garbitzaileak, sukaldariak… langile guztiak.
Noiz hasi zineten neurriak hartzen?
Nazio epidemiologia-egoerak larritasuna eta mugikortasunaren kontrola transmititzen hasita zela ikusita, martxoko bigarren astean senideen bisitak mugatzen hasi ginen, azkenik, bertan behera utzi arte. Hasieran esan zen: bisitari bakar bat, egunean behin eta beti bisitari bera; klinikara koronabirusa ekartzeko arriskua txikitzeko eta pazienteak ez kutsatzeko. Ondoren, ez genituen baimendu.
Aldi berean, eguneko zentrokoei ez etortzeko aholkatu genien. Gobernuaren ixteko agindurik ez genuen, horregatik aholkua. Jakinarazi genien guk zerbitzua posible ziren berme guztiekin emanen genituela, baina adinekoendako gaixotasunak duen arriskua oso handia dela azaldu genien, are gehiago dependentzia mailaren bat duten pertsonengan eta, gainera, kognizio-narridurarekin. Askok aholkua bete egin zuten, beste batzuk ez. Ongi iruditzen zait. Alarma-egoerak (martxoaren 16an) ekarri zuen eguneko zentroen itxiera.
Horretaz aparte, ditugun kanpo unitateetan dauden pertsonei ez etortzeko aholkatzen hasi ginen: fisioterapia, funtzio-errekuperazioa, mantentzea, psikoestimulazioa… Azkenik, guztiak ixtea erabaki genuen. Uste baikenuen klinikatik zenbat eta jende gehiago pasa, pertsonendako eta pazienteendako arriskua handitzen zela. Erabat itxi genuen klinika: ez senide, ez kanpo erabiltzailerik. Behar beharrezkoa zen bakarra ospitale gunea zen.
Ospitale gunean neurri gehiago hartu dituzue?
Martxoko bigarren astean ospitale gunea bitan banatu genuen. Koronabirus aldean COVID-19a duten gaixoak egon daitezke. Eta koronabirus gabeko aldea, COVID-19rik ez duten pazienteak hartzen dituena. Beharren arabera baliabideak egokitu ditugu eta gaur egun hirutan banatuta dugu ospitalea. Azkenekoan, prebentzio aldean, koronabirusarekin ustez gaixo dauden pazienteak daude bertan; baieztatuta ez daudelako edo PCR negatiboa izan arren dituen sintomak koronabirus infekzioa duela nabarmen iradokitzen dutelako. Pertsona horiekin zerbait berezia egin beharra dago.
Gure eraikinak solairu bakarra du eta hori zailtasun bat da. Solairuak bagenitu banaketa errazago eginen genuke. Eta banaketa horiek egiteko ateak jarri behar izan ditugu. Ekonomia inbertsioa eskatu du. Mugimendu fluxuak sortu behar izan ditugu alde bakoitzean lanean ari ziren langileak ez nahasteko, ordutegiak aldatu…
Zergatik banaketa?
Infekzio-gaixotasun bat duzunean, pazienteak elkarrengandik zenbat eta urrunduagoak izan hobe, elkar kutsatzeko arriskua txikitzen duzu. Koronabirusa transmisio gaitasun handia duen infekzio-gaixotasuna da. Pazienteen arteko kontaktua murrizteko banatu dugu ospitalea. Bat gaixotzen bazen besteak kutsatzeko arrisku handiagoa zegoelako. Eta elkarrekin zenbat eta gutxiago egon hobe delako. Irizpide horiek Osasun edo Gizarte Ongizatetik iristen dira. Baina ospitalean bereizketak egin behar zirela esaten zuen agindua jaso genuenerako 15 egun baino gehiago generaman neurri hori hartuta.
Ospitalean altak eta bajak daude.
Pazienteak sartu eta atera egiten dira. Paziente batek kanpotik koronabirusa ekartzea eta gainontzekoak infektatzeko arriskua handia izan zitekeen.
Eta zuen pazienteak ez dira ohikoak.
Kognizio-narridura mailaren bat dute beti, dementzia izan edo ez, eta jokabidearen-nahasmendua. Halako pertsonak ezin dituzu gela batean itxita utzi prebentzioagatik. Jokabidearen-desorekatzeagatik sartu badira eta gela batean ixten badituzu gehiago okertuko da haien egoera. Ospitaleratzeak ez luke zentzurik izanen.
Horregatik, gure protokolo guztiak birdiseinatu behar izan genituen. Ospitaleaz aparte, lantaldeak ere berregituratu ditugu, langile gehiagorekin, pazienteak artatu eta egun osoa gela barruan egon ez daitezen, jarduerak egiten segitu dezaten eta, horrela, alde-funtzionala ez galtzeko. Gainera, jokabidearen-nahasmenduari dagokionez, buru horiek egonkortzen joateko. Bestela ezinezkoa zen.
Ez dira beti gelan egon?
Gureak banakako gelak dira, komuna dutenak, kamerak. Isolatze horiek egiteko aukera dugu. Koronabirusa duenak gelan egon behar du. Eta, hala ere, egun osoan gelan itxita ez izateko antolatu gara eta patiora paseatzera atera ditugu; guk Norberaren Babeserako Ekipoa jantzita genuela eta haiek ezer ez ukituz.
COVID-19 proben kudeaketa nola egin duzue?
Osasunbidearen pazienteak ditugu gurean. Haien protokolo guztietara lotuta gaude eta eman dizkiguten irizpideak bete ditugu. PCRak eman dizkiguten loturen bidez kudeatu ditugu, eta ez dugu batere arazorik izan. Erraza izan da. Hau ospitale bat da eta ospitaletan egunero pazienteei bizi-konstanteak hartzen zaizkie. Eta bakarren bati egunean hirutan hartu behar bazaio, edo behar direnak, hala egiten da. Gainera, dagozkion analisiak, miaketak…
Eta gaixo egon zitezkeenen jarraipena?
Susmo handia genuenen kasuetan koronabirusa balute bezala tratatu ditugu. Zenbait proba eta behaketa egin behar dira egunetik egunera, jakiteko gaixo dagoen edo ez. PCR negatiboa izanda ere, baina oraindik koronabirusa duela susmatzen badut analitikak eskatzen ditut eta protokoloak segitzen ditut. Eta klinikoki ezarritako epea pasata beste PCR bat eskatu behar dudanean, proba eskatzen dut, koronabirusa duen edo ez jakiteko. Ez dugu inolako arazorik izan. Pertsona horiek bi aste baino gehiago izan ditugu alde horretan.
Susmoa txikiagoa zen pazienteen kasuan talde txikitan izan ditugu. Saiatu gara geletan denbora gehiago eman zezatela, eta komunak diren espazioetan, beti zaintzapean daudenez, haien artean gutxienez bi metroko distantzia egotea.
Eta terapiak?
Okupazio-terapeutarekin pazienteen orekatzea laguntzen duten jarduerak egin dituzte. Pazientea ez da soilik botikekin orekatzen, botikak doitzea funtsezkoa da, baina bestelako terapiak egiten direlako ere orekatzen da. Terapia gehienak mantentzen ahalegindu gara. Beste modu batera. Lehen mahai baten bueltan esertzen baziren, orain bi metroko distantziara eseri dira, edo bakoitzak bere mahaian egin ditu gauzak. Horretarako, zenbait espaziori erabilera berriak eman dizkiegu. Esaterako, eguneko zentroa itxita dagoenez, hango areto handia egokitu dugu alde bateko pazienteak han egoteko aukera izan zezaten, espazio handian haien arteko banaketa handiagoa delako. Jarduerak eremuka izan dira. Baina distantzia mantenduta, okupazio-terapeutak bi eremurendako jarduerak egiteko aukera ere izan du, laguntzaileen laguntzaz.
Norbera babesteko ekipamendua jantzita gelan sartzen zaretenean esan dezakete: non arraio nago!
Oso deigarria egin zait pazienteak ez zirela izutzen! Horren zati bat lantaldearen arrakasta da. Egia da ere gure lantaldea trebatua eta prestatua dagoela. Guztiek dakite nola gerturatu pazienteengana, nola mantendu hurbiltasuna, nahiz eta itxura horrekin joan. Logikoki, azaltzen ahalegintzen gara. Euren gaitasunen arabera ulertuko dute haiek.
Horren guztiaren emaitza zein izan da?
Oso ona. Ospitalean pazienteen arteko kutsatzerik ez dugu izan. Jokabidearen-nahasmendua eta koronabirusa zuten pertsonak ospitaleratu dira. Baina gauza bat da koronabirusa duela dakizun bat etortzea eta, bestea, ospitale barruan kutsatzea. Azken hori ez da izan, eta garrantzitsua da.
Ohe guztiak beteta daude?
Bai, guztiak, 21ak (guztiak Osasunbidearekin kontzertatuta). Sartu-irteerak egon dira. Batzuk adinduen egoitzetan sartzeko zain zeuden. Baina egoitzek egoera zaila bizi behar izan dutenez, eta ezin izan dituztenez pazienteak hartu, kutsatzeko arriskua altua zenez, ospitalean ohi baino denbora gehiago izan dugu jendea (normalean lau aste ingurukoa da), egoitza batzuk pazienteak hartzeko gaitasuna izan duten arte.
Osasunbideari egoeraren berri eman behar izan diozue?
Jakina. Osasun eta Gizarte Ongizate Departamentuek egoitza bakoitzean harremana mantentzeko pertsona batzuk izendatu dituzte. Galdetzen ziguten zein behar genituen, haien laguntzaren beharra genuen, egoera orokorra zein zen, ebaluazioa egin… Ohikoa. Egin beharra dute eta jarraipena eta laguntza ongi egin dute. Erizainen bat bajan izan dugunean erizainen bat ordu batzuetarako uzteko prest agertu ziren. Ez zela beharrezkoa esan genien, trebe ginela. Hori adibide bat da, baina hainbat jarri ditzaket: proben kudeaketan… guztian. Bi departamentuek krisiaren kudeaketan erraztasunak besterik ez dizkigute eman. Logikoki, zentro bakoitzak autogestionatu beharra du, beretik eman, guztia egokitu eta zorrotza eta zehatza izan arauetan.
Langileez zer esan dezakezu?
Protokoloen aldaketen gainetik, batzuetan hiruzpalau egunetan, nik nabarmenduko nuke taldearen konpromisoa. Guztiek dena, ehuneko ehuna eman dute. Denek egin dute ekarpena familiak faltan zituzten pazienteak ahalik eta hobekien egon zitezen. Berdin da erizain-laguntzailea, erizain, medikua izan. Aparte, garbiketa lantaldeak egin duen ahalegin izugarria. Protokoloak diseinatuta ere, bakoitzak bere ekarpena egiten ez badu, protokoloek ezin dutelako funtzionatu. Pazienteen arteko kutsatzerik ez bada izan, guztion inplikazio horren ondorioz izan da. Oso garbi dut, denon lanagatik izan da. Bestela ezinezkoa litzateke.
Langileen inplikazioa ikaragarria izan da. Txapela kentzekoa! Niretako klinikaz harro eta pozik egoteko arrazoietako bat da. Langile guztien jokabidea eredugarria izan da. Askotan aldatu dizkiegu protokoloak, egunero informazio berria ematen genien, egunero prestakuntza gehiago… Hori nekagarria da. Aparte, norberak bizi duen egoera pertsonala: tentsioa, zenbait arriskuren esposiziopean egotea…
Eta gaitza kaletik klinikara eramateko kezka.
Ez dakizu zein larritasun eta beldur maila pasa dugun guztiok, nik barne. Batez ere gure pazienteen hauskortasunagatik. Egia da 24 orduak babes neurriekin lan egiten dugula. Neurri horiek kutsatzeak saihesteko balio dute, bai pazienteak badu bai guk badugu. Koronabirusa toki guztietan dago. Guk guztiok ditugun beldurrak dira, lehenik, koronabirusa ekartzea. Eta bestea, paziente berri batek ekartzea eta gainontzekoak kutsatzea. Beldur horrekin biziko gara guztiok txerto bat izan arte. Garrantzitsua da pentsatzea zerumuga txertoa dela, eta ez deskonfinamendua. Koronabirusak hor jarraitzen baitu, eta kutsatzen jarraituko du.
Gure artean geldituko da.
Hori oraindik ez dakigu. Sindromeak sortu dituzten beste koronabirus batzuk, lehen SARS-a edo MERS-a, ez dira gelditu. Baina badakigu 2020 urte guztian koronabirusa gure artean izanen dugula. Eta etengabeko babes neurriak hartzen segitu beharko dugula. Zaindari ibili beharko gara, kutsatze arriskuak segituko baitu.
Langileak zein babes neurrirekin irudikatu behar ditugu klinika barruan?
Guk hasieratik babes ekipamendu gisa buzoa eskatu genuen. Jokabide-nahasmendua duten pazienteek arramaska egiten dute, ttua bota… Gaixoek ez dute ukondoan eztula egiten jakinen. Horregatik, iruditzen zitzaigun babes neurri handiagoa ematen zigula buzoak batak baino. Neurriak aldatzen joan bagara ere, erabiltzen duguna da: buzoa, maskara, aurpegi babesgarria edo betaurrekoak eta eskularruak. Buzoak ere txanoa du. Beraz, hor barruan ia guztiz hermetiko gaude. Txanoa erabiltzen ez dugun bakarrak medikuak gara, fonendoskopioa belarritan jartzeko modurik ez genuelako izanen bestela.
Materialarekin nola ibili zarete?
Lanik handiena FFP2 maskarak lortzea izan dugu. Gehien kostatu dena izan da. Horregatik, lehentasuna eman genion maskara, batzuetan bikoitza, eta aurpegi babesgarriarekin erabiltzeari. Horrela, babesa handitzeko. Ez oparitzeko, baina orain baditugu FFP2 maskarak. Haien bizitza luzatzeko gainetik kirurgia-maskara jartzen dugu. Horrela, berrerabilpen eraginkorra, edo arrisku gutxikoa lortzen dugu. Poltsa batean gordetzen dugu eta maskara erabiltzen dugun bakoitzean poltsa botatzen dugu. FFP2 maskarak ez ditugu zazpitan baino gehiagotan erabiltzen. FFP2 maskararekin langile batzuk aurpegi babesgarria erabiltzen dute, eta beste batzuk betaurrekoak. Neurri egokiak dira.
Bestetik, materialaren kudeaketa oso eraginkorra egin behar izan da, izan direlako uneak nitrilo-eskularruak ere ez zeudela eskuragarri. Gure biltegiaren kudeaketa eraginkorrarekin lortu dugu beharrezko materiala izatea, FFP2 maskarak izan ezik.
Hala ere, langileren bat gaixotu da?
Klinikako aurreneko gaixoa ez zen paziente bat izan, osasungintzako langile bat baizik. Koronabirusa gure artean bizi da, kaletik heldu gara eta saihestezina da. Guztira hiru izan dira gaixotu direnak. Dagokien isolamendu aldia pasa dute eta bi dagoeneko lanean daude. Etxean, supermerkatuan edo klinikarako bidean oso ongi eginda ere kutsadura baten ehuneko ehuneko prebentzioa ezinezkoa da. Esaterako, gaixotutako batek ez zuen koronabirusa duten pazienteekin harremanik izan. Badira saihestezinak diren gauzak.
Jendea kontratatu da, ezta?
Nik bereizitako eremuak behar baditut klinikan, langileak ere independenteak izatea behar ditut. Koronabirusik ez dagoen eremuan 24 ordutan langileak behar izan dira. Lehen ez zegoen horrelakorik.
Klinikak ekonomia-ahalegina egin du, beraz.
Lehenik lantaldearen ahalegina aitortuta, klinikak egin duen ekonomia-ahalegina oso handia izan da, bai pertsonal aldetik, bai materialari dagokionez, baita eremuak banatzeko egin beharreko obrei dagokienean ere. Norbera babesteko ekipamenduak, ia erizain kopurua bikoiztu da… Izugarria izan da. Baina bestela, ezinen genuke egin. Argi genuen baliabide guztiak jarri behar genituela kutsatzeak saihesteko. Ezin dena da pertsona bat jokabide-nahasmenduagatik sartzea eta koronabirusarekin gaixotzea. Gerta daiteke. Koronabirusaren hau ez baita bukatu. Patronatuak, gerentziak eta mediku taldeak garbi genuen: gutxienekoak ezin baditugu bermatu, ospitale gunea itxi beharra dago. Zorionez, gutxieneko horiek eta askoz gehiago lortu ditugu.
Klinikako paziente guztiak ez dira ospitale gunekoak.
Paziente asko telefono bidez artatzen segitu dugu. Eguneko zentroaz aparte, ahalegindu gara behar zuten pazienteei babesa ematen. Hau da, kanpo kontsultetara etortzerik izan ez duten paziente asko telefono bidez artatu ditugu.
Senideekin, telefonoz, bideo-deien bidez jarraipena egin daiteke, ez?
Ez. Lagundu edo babesa eman dezakegu. Baina errealitatea da pazientea miatu egin behar dela; auskultazioa egin, han-hemen ikutu… Gauza batzuk telefonoz egin ditzakezu, baina besteak ez. Pazientea ezaguna denean, askotan ikusi dugunean, horiei dei edo bideo-dei baten bidez medikazioaren doikuntza txikiak egin diezaiekegu. Nahiago dena horrela konponduko balitz! Horrela jendeak ez luke ospitaleratu beharko! Teknologiak aurreratzen eta laguntzen laguntzen du, baina ez du guztia ordezkatzen. Aurtengo asmoa da laguntza hori handitzea eta gure kontsulten formatua pixka bat aldatzea, pazienteak ospitalera etorri behar duenean ahalik eta denbora gutxien egon dadin.
Zer ikasi duzue?
Protokoloak ezin dira desagertu. Neurri berriak izanen dira. Erreserba modura taldeak egonen dira halakoei aurre egiteko. Klinikan ez diogu erne egoteari utziko. Aukera handia dago bigarren olatu bat egoteko. Negua etorriko da eta gripeak koronabirusarekin elkartuko dira. Garrantzitsuena da jakitea hori gertatu daitekeela. Eta jakitea trebatuta egon behar dugula, protokoloak eginak izan behar ditugula eta lehenbailehen jarri behar ditugula indarrean. Niretako funtsezkoa da egiten ari garena egiten segitzea, koronabirusa ez baita pasa. Goia jo du. Kurba ospetsua apaltzea lortu dugu, baina, edozein unetan, atzera ere goraka egin dezake kurba horrek: txertorik ez dagoelako, populazioaren % 70 immunizatu gabe dagoelako… Koronabirusa bertan dago. Hau ez da bukatu. Hori da arriskua: bukatu dela pentsatzea eta higiene neurriak, gizarte-distantzia lasaitzea. Kurbak berehala egin dezake goraka. Ez da bukatu.
Ikasi dudana da, lehenik, halako gertaerei aurre egiteko prest egon behar dugula. Zentro guztiek aurreikusita izan behar dute.