Koronabirusa Sakanan

“Ezin gara lasaitu, edozein unetan gerta daiteke”

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko mai. 11a, 10:39

Jendea Aita Barandiaran adinduen egoitza paretik pasatzen.

Pandemia arrasto beltza uzten ari da. Heriotzaren sega-lanak bereziak izan dira adinekoen egoitzetan. Baina ez Altsasuko Aita Barandiaran egoitzan. 

Mª Eugenia Martinez de Goñi Perez Altsasuko Aita Barandiara egoitzako gerentea da. 

Osasun krisialdiarekin kudeaketa eredua aldatu da?
Antolakuntza eta kudeaketa lehengo bera dira. Altsasuko Udalak egoitza kudeatzeko patronatu bat sortu zuen eta hark kudeatzen du. Baina pandemia osasun arazo bat denez, Osasun Departamentuaren aholkuak betetzen ditugu uneoro, horretan haiek agintzen baitute. Harreman handia dugu. Gu Lares elkarteko kide gara (irabazi asmorik gabeko Nafarroako egoitzak biltzen ditu) eta haren bidez etengabeko harremana dugu Osasun eta Gizarte Eskubideen Departamentuekin.

Departamentuen babesa sentitu duzue?
Bai. Baina honek guztiok ustekabean harrapatu gaitu, oso; arazoaren oso ez-jakin. Gure hasierako kezkek ez zuten erantzunik, edo ez behar genuen berehalako erantzunik, guztiak ustekabean harrapatu baikaitu. Jakin ahala eta jendea gehiago sentsibilizatu ahala babestu gaituzte. Esaterako, norberaren babeserako ekipamenduei dagokienez, aurreneko hilabetea ia, gure baliabideekin funtzionatu dugu, biltegian batak, maskarak, gelak eta beste genituelako. Merkatuan hornikuntzarik ez zegoela ikusita, arrazoizko erabilera eginez eutsi diogu. Ondoren Osasunbidearen bidez hornitzen hasi zitzaizkigun. Ez ditugu soberan, baina badugu materiala. Baina bat-batean kutsatu asko bagenitu ez genituzke nahikoak izanen. Aurreneko etapa kasurik gabe pasa dugu. Orduan gainezka zeuden osasun zerbitzu guztiak, Zaintza Berezietako Unitateak eta beste. Orain infekzio kasuren bat izanez gero errazagoa litzateke ospitalera bideratzea, guri ardura hori kentzeko. Azken finean, gu ez gara osasun zentroak, gizarte zentroak gara. Nahiz eta osasun arloko karga handia izan, patologia ugari dituzten pertsonak ditugulako, egoitzak bizi-tokiak dira, ez sendatzeko.

Noiz hasi zineten neurriak hartzen COVID-19a egoitzan ez sartzeko? 
Egoitzarako sartu-irtenak ate bakar batetik izateko martxoaren 2an edo 3an antolatu ginen, hasieratik; gehiago kontrolatu ahal izateko. Eskuak garbitzekoa jarri genuen, tenperatura hartzea eta bisita erregistroa osatzen hasi ginen. Sartzen diren guztiak (langileak, azpikontratatuak, senideak, hornitzaileak, komertzialen bisitak, garraiolariak…) sarrerako koadernoan izen-abizenak, data, ordua, duten tenperatura idatzi behar dute. Baita ziurtatu eskuak higienizatu dituztela ere. 

Langileok eskularruak jarri aurretik eta ondoren higienizatzen ditugu eskuak. Mota guztietako azalerak higienizatu eta desinfektatzen ditugu. Eta departamenduen gomendioei segituz, egoiliarren senideen bisitak mugatu genituen: egoiliar bakoitzeko senide bakar bat, eta ahal balitz, beti bera izatea. Familiek egoki erantzun zuten. Baina bazeuden batzuk bat beharrean hiru etortzen zirela, edo lau goizean eta hiru arratsaldean. Hori kontrolatzea oso zaila zenez, egoiliarrak oso zaurgarriak direnez eta hemen kutsatzea erreza denez, koronabirusari beldur handia genionez eta egoerak okerrera egiten zuela eta kasu ugari agertzen ari zirela ikusi genuenez, esku hartu beharra zegoela erabaki eta bisitak eta egoiliarren kalerako irteerak debekatu genituen. Pena handiz. Oso neurri gogorra da, bai egoiliarrendako bai familiendako. Erresidentziako Parte-Hartze Kontseiluak (alkatea, hiru egoiliar, erizaina, psikoterapeuta eta gerentea) hartu zuen erabakia martxoaren 13an. Osasun eta elkartasun arazo bat da. Bestela, denak konprometituta bukatu behar genuen. Familia guztiak jakinaren gainean jarri genituen eta sarreran oharrak jarri genituen. Gobernuak 16an debekatu zituen bisitak. 

Ondorioz, asteko mezarik ez dago. Esklerosi anizkoitza dutenak ostiral goizetan gimnasioa erabiltzen dute eta pandemiak iraun bitartean ezin izanen dute. Sakana Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari zikloko praktikak ere orduan hastekoak ziren eta bertan behera gelditu dira. Komertzialen bisitak ere debekatu ziren. Guztia telematikoki egiten ari gara. Guk sartzean, maskara jartzen, eskuak garbitzen, tenperatura hartzen eta beste segitzen dugu. 

Egoitza barruan zein neurri hartu dituzue?
Martxoaren 16an egoiliarrak nolabait isolatzen hasi ginen, haien artean segurtasun distantzia jartzen. Jangela nagusian denak oso gertu daudenez, bost jangela jarri genituen; mahai bakoitzean bi pertsona edo egoteko, mahaiak oso aparte. Halako neurriak hartzen hasi ginen. Martxoaren 26an  pasilloka isolatu genituen. Sarrerako solairuan mugikortasun handiagoa duten pertsonak jarri ditugu. Horretarako, egoiliarren bat gelaz aldatu behar izan genuen. Dependentzia (fisiko edo psikiko) handiagoa dutenak goikoan daude. Bakoitza bere gelan daude. Han gosaria, bazkaria, merendua eta afaria ematen diegu. 

42 plazak beteta daude. Eta bakarren bat kutsatuz gero, ezin genuen COVID eremu bat sortu. Horregatik, ezkaratza txiki bat duen eta erabiltzen ez dugun komuna geriatriko bat COVID eremu gisa egokitu dugu. Horretarako, ohe artikulatu elektrikoa alokatu dugu. Butaka batekin, gau-mahai batekin eta Osasunbideak emandako oxigeno ekipoekin prestatu dugu gela hori. Badaezpada.  Ezkaratzean sartzeko eta ateratzeko norbera babesteko ekipamenduak jarri eta kentzeko aukera dugu. 

Gela horren premia izan duzue?
Bitan. Susmagarria izan den kasuren bat izan delako, tenperatura pixka bat altuago zuelako. Pixka bat esan nahi du 37,2 edo 37,6 gradu. Arduragatik izan da. Proba egin eta negatiboa eman bezain laster, atzera ere, euren gelara eraman ditugu. COVIDa aurretik zeuden gaixotasunekin batera bizi da. Egoiliar guztiei tenperatura neurtzen diegu, goizero eta arratsaldero. Hamarreko bat gora egiteak alarmak pizten ditu, horri begira baikaude. Zorionez, alarma faltsuak izan dira. Martxoaren erdialdean egoiliar eta langile guztioi testa egin ziguten (80 bat) eta denak negatibo eman genuen. Ondorioz, uneko tentsioaren baitan, nolabaiteko lasaitasuna dugu. Ezin gara lasaitu, edozein unetan gerta daiteke. Zortekoak gara. Ilbeltzetik ez da egoiliar bat bera hil. Datuen aldetik, hemen ez dago dudarik. 

Egoiliar askok dependentzia handia dute, fisikoa edo dementzia. Nola egokitu dira? 
Tokiz kanpo gaudenak gu gara. Gelan egotearena, kalera atera ezina eta beste gaizki hartuko zutela pentsatzen genuen pertsonak onerako harritu gaituzte. Oso lasai eta entretenituta daude. Okupazio terapeutak lantxoak ematen dizkie: margotzeko, eskulanak egiteko, buruko ariketak egiteko eta abar. Irakurtzea gustuko duena irakurtzen ari da. Nahikoa ongi daude. Hobe eramanen zutela uste eta pare bat gaizki egokitu dira; ez dute gelan etsitzen, senideen falta handiagoa sumatzen dute… Ez dakit zergatik. Burmuina, batzuetan oso zaila da. 

Bestelako neurririk hartu duzue? 
Senideekin whatsapp taldea sortu genuen. Uneoro informatzen saiatzen gara. Astegunetan, 10:00etatik 12:00etara, bideo-deiak egin ditzakete. Gainera, egunean zehar nahi dutenean telefonoz hots egin dezakete. Familiek harremana mantentzeko aukera dute. Ez dago trabarik. Okupazio terapeutak, egoiliar guztiekin, senideei bidali genien bideo bat egin zuen. Amaren eguna baliatuta, senidearen argazkia bidali diegu. 

Arintze neurrien egutegirik baduzue?
Adinduen egoitzak akaberarako uzten ari dira, azken-azkenak izanen gara. Jende zaurgarria dagoelako eta arrisku handia dutelako. Orain arte bezala departamenduetatik esandakoa beteko dugu. Albisteak egun batetik bestera aldatzen dira. Irakurri dudan azkena da garagarrilaren 9tik aurrera agian egoiliar bakoitzeko senide bakarraren bisita mugatua onartuko litzatekeela, hasieran bezala. Baina, nork daki. 

Osasun arreta handitu da?
Osasun Etxean COVIDaz arduratzen den mediku bat eta erizain bat dute eta egunero hots egiten digute jakiteko zein den egoera. Materiala, haiek jaso ahala guri ematen digute. Gainera, guk egunero, 14:00ak baino lehen Nafarroako Gobernuari gure egoeraren berri eman behar diogu, kasuren bat ote dugun, susmagarriren bat… Kontrola badago. 
 
Eta langileak?
Martxoko bigarren astetik oso isolatuta egon gara. Beti langile berak egon gara lanean. Jende berria ez sartzeko, bakarren batek huts egiten zuenean lantaldeko besteren batek ordezkatzen saiatu gara. Beti ere, arriskua murrizten saiatzeko. Eta momentuz lortu dugu, ez baita kutsaturik izan. 

Honen aurretik lan taldea kexu zen langile premia zegoelako.
Arratsalderako erizain bat kontratatu zen. Garbitzailea ere. Lan hitzarmenean urteko lanaldia murriztu denez, doitu beharra dago. Asteburuetan lan egiten duten langile batzuk aldi baterako kontratuak dituzte. Egutegi berria ezarri bezain laster lanaldi osora pasako dira. Arazo honek guztiak egutegia onartu gabe harrapatu gaituenez, egoiliarrak pasilloka banatzean, errefortzu gisa zaindari baten gehiagoren laguntza jarri da asteko egun guztietan, goizez eta arratsaldez. Bi horiek eta haien atsedenaldiak betetzen dituen langilearenak dira gehitu diren lanaldiak. Guztira 24 langile gaude. Gainera, okupazio terapeuta, fisioterapeuta eta azpikontratatutako garbiketa eta sukaldeko langileak daude.

Pasilloen antolakuntza nolakoa da? 
Beheko solairuan zaindari baten arreta dute goiz eta arratsaldez. Goiko bi pasilloetan bakoitzeko bi zaintzaile daude, goiz eta arratsaldez. Eta gauez bi zaindari daude, beti bezala. 

Fisioterapeutaren lan egiteko modua erabat aldatu da? 
Egoiliar batzuekin bakarka lan egiteaz aparte, astean zenbait egunetan bai berak, bai okupazio terapeutak talde jarduerak egiten zituzten. Horiek bertan behera gelditu dira. Egoiliarrekin geletan lan egiten dute, beharrezko prekauzio guztiekin: eskularru bikoitza, maskarak… Gela bakoitzetik ateratzean higiene protokoloa bete beharra dago. Higiene eta ardura handiak. Susmagarriak diren kasuekin bakarrik janzten ditugu batak, bestela, ohiko uniformearekin lan egiten dugu. 

Zer ikasi duzue? 
Aldaketa guztiak kostatzen dira. Bai egoiliarrendako, bai langileendako, guztiendako erabat berria zen egoera batera egokitu behar izan dugu. Langileen portaera ikusgarria izan da eta eskertu egin nahi diet. Erabateko konpromisoa dugu: ez dadila inor gehiago sartu, saia gaitezen gu egiten, dena eman behar dugu, arriskuak murriztu, egoiliarrek kaleko ahalik eta jende gutxienarekin harremana izan dezatela… Langile guztien konpromisoa egon da. Erizainak motor nagusia izan dira eta goraipatu beharra dago. Egoitzako osasun profesional bakarrak dira eta guztia antolatu dute, irizpideak eman dituzte. Haiek esandakoarekin, eta departamentuen gomendioekin, gainerako guztiak mugitu gara protokoloak egiterakoan eta antolakuntza horretan laguntzeko. Baina den-denek bat egin dugu egoiliarrak ongi egon daitezen, haien senideen falta ahalik eta modu hoberenean arintzeko, bizitza ahalik eta atseginena eginarazten. Guk ezin dugu besterik egin, ezin baititugu senideak ordezkatu. 

Bestetik, udaleko garbiketa zerbitzukoei ere eskerrak eman nahi dizkiet. Egunero atea desinfektatzen digute. Gu egiten hasi ginen, baina udalak egitean, denbora hori egoitza barruan beste gauzetara bideratzen dugu. Baita materiala eman diguten enpresei ere. Jendeak babes handia eman digu. Esker oneko hitzak besterik ez ditut. Erabat ezezagunak diren pertsonak hots egin digute esaten gertu bizi direla eta uneren batean premia izanez gero laguntzeko prest daudela. Guardia Civilak, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak astero hots egiten digute nola gauden eta zerbaiten premia dugun jakiteko. Inoren kexarik ez dugu. Arazo bakarra material falta izan da. 

Halako besteren bat etorriko balitz, zein egoeratan harrapatzea gustatuko litzaizuke?
Ez dadila etorri! Prestatuago. Urtero gripea dugu, baina txertoa du. Gutxi gorabehera ezaguna da eta badakigu nola aurre egin. Esaten duten moduan lastailean goraldi bat badator, seinale txarra izanen da, baina, behintzat, prestatuago egonen gara. Behintzat material gehiago izanen dugu. Eskerrak erreserba txiki bat genuen, bestela…  Batere gabe harrapatzen zaitu, merkatuan hornidurarik gabe… Eromena zen. Betiko hornitzaileei hots egin eta ezer ez zutela esaten ziguten ezer galdetu aurretik. Kutsaturik ez izatean ahal izan dugun moduan moldatu gara, ongi.