Galder Gonzalez Larrañaga

“Ikerketa batetik beste bat ateratzen da”

Guaixe 2020ko mai. 25a, 11:21
Galder Gonzalez Larrañaga topaketa batean hizlari. Argazkiak: utzitakoak.

CAF-Elhuyar sariketako dibulgazio-artikulu orokorren mailako saria Galder Gonzalez Larrañagak eskuratu du. Gainera, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kide ere bada altsasuarra. Saritutako testuaz eta elkartearen jardunaz argibide eske jo dugu berarengana. 

CAF-Elhuyar sariketako epaileek Galder Gonzalez Larrañagaren Io eta argiaren abiadura artikulua saritzea erabaki dute. Epaimahaiak esan zuenez, “ikuspegi historikoa aukeratu du zientziak aurrera nola egiten duen azaltzeko, eta lan irakurterraza, erakargarria eta bitxia osatu du, irakurlearen arreta harrapatzen duena”. 

Zorionak!
Eskerrik asko. 

Hasteko, zer da zientzia-dibulgazio artikulu bat? 
Zientzia gai bat, edo hainbat gai, publiko orokorrari azaltzea; gaian aditua ez den norbaitek ulertzeko moduan. Beti ez da posible, kontzeptu batzuk ulertu beharra dagoelako. Badira gai batzuk oso-oso korapilatsuak izan daitezkeenak ulertzeko, batez ere gai horretan adituak ez direnendako, eta batzuetan gaian adituak direnendako zailak direnak. Askotan kontakizun batekin, edo analogia batzuekin edo bitxikeriaren batekin lortzen da. CAF-Elhuyar sariek eskatzen dute zientzia gai bat publiko orokorrari azaltzea. 

Zein ezaugarri izan behar ditu? 
Irakurriko duenak zientziarekiko interesa duela pentsatu behar da, baina gaian aditua ez dela, ez duela hori ikasi. Zeren ikasi badu, beste modu batez azalduko luke, edo lortuko luke hori jakitea. Askotan nahasten da zientziaren historia, edo bitxikeriekin… Egon daiteke jendea gai batzuetan oso aditua dena, baina bitxikeria horien bitartez ikusten duena istorio sakonago bat dagoela, edo orain arte ikusi gabeko loturak… Halakoak. 

Zein gai aukeratu zenuen?
Zientziaren eta gizartearen arteko lotura are zabalagoa. Hori zen aurtengo gaia. Ni aspaldi bueltak ematen ari nintzaion istorio bat kontatu nuen. Hiruzpalau tokitan zerbait irakurtzen duzu eta esaten duzu: aurrekoan irakurri nuenarekin lotuta dago. Lotura horiek egiten joan nintzen. Egia esan denbora nahiko behar izan nuen. Ez da bakarrik loturak egin eta esatea: artikulu bat egin daiteke. Jupiterren Io satelitearen eklipseen tauletatik abiatuta argiak abiadura daukala aurkitu zuten. Hori da gaia. 

Bestela esanda? 
Jupiterrek hainbat satelite ditu eta horietako lau erraz ikusten dira. Ikusten den txikiena Io da. Galileok satelite horiek aurkitu zituenean ikusi zuen ia egunero buelta bat ematen zuela eta oso erraza zela astronomia erloju gisa erabiltzea: “eklipsea zein ordutan dagoen baldin badakit, zein ordu den dakit”. Zein ordu den jakitea ez da tontakeria bat. Batez ere itsasontzi batean bazaude, zein ordu den baldin badakizu, jakin dezakezu zein longitudetan zauden. Garai hartan jendea itsasoan zegoenean ez zekien non zegoen eta kosta jotzen zuten. Espainiako inperioa ahaltsuena zen eta diru nahiko eskaini zuen itsasoan longitudea jakiteko metodoa lortzen zuenarendako. Galileo horretan tematu zen. 30 urtez saiatzen aritu zen, sistema batekin taula batzuk egiten itsasontzi batean ikusi ahal izateko. Guztiz absurdoa, ez zuen inolako garapen posiblerik. Konplexua zen. Baina Ioren kokapenaren eta abarren inguruko taula batzuk egin zituen. Denbora asko aritu zen hori ikertzen, ea sari hura lortzen zuen. Bere bizitzaren azken egunetara arte aritu zen horretan. 

Kontua da ez zuela lortu dirua. Baina bai metodo bat longitudea zehazteko. Gero hainbat astronomo horrekin mapak egiten aritu ziren. Astronomo daniar bat konturatu zen Galileoren kalkulu horiek ez zirela batere zehatzak: Lurra Jupiterretik urrun bazegoen Ioren eklipseak Galileok kalkulatutakoa baino beranduago ziren, eta gertu baldin bazegoen goizago ziren. Horren azalpen posible bakarra da argiak denbora behar duela Iotik guregana iristeko. Ez dago beste azalpen posiblerik. Galileo baino ia mende bat beranduago konturatu zen horretaz. 

Kontakizun hori egin dut: ikerketa batetik beste bat ateratzen da. Agian bi belaunaldi pasa arte ez dugu kalkulatzen horrek daukan garrantzia. Galileorena erabili zen, baina beste gauza baterako zen. Egun hauetan eztabaida handia dago koronabirusaren txertoa eta abar direla eta. Badirudi dena aurkitu daitekeela: hasten gara fuerte pentsatzen eta bospasei hilabetetan posible dela. Eta batzuetan ez da posible gauzak horrela egitea. Batzuetan duela 20-30 urte egindako ikerketa batetik abiatuta posible da. Hori ere hausnarketarako: zientzia ez da ni jartzen naiz eta eginen dut. Agian da ni jartzen naiz eta hurrengo belaunaldian beste zerbait eginen dute horrekin. 

Analogiak, bitxikeriak… halakoak ere beharko zenituen zuk ere. 
Idatziz hau guztia azaltzea askoz errazagoa da. Zer asmatu zuen jartzen duzu, zergatik egiten zuen. Azalpena emanda, adibide batzuekin, ikusten da. Zer tresna erabili zituen, bitxikeriaren bat, esaterako, nola Frantziako erregeak esan zuen lur gehiago kendu ziotela astronomoek gerrek baino. Longitudea begiratzen hasi zirelako eta konturatu zirelako Frantzia uste baino txikiagoa zela. Halako bitxikeriekin osatu dezakezu kontakizuna. 

Irudiek ere lagunduko dute.
Bai. Baina zientziaren historia denez, pertsonaia edo asmakizun batzuen irudi libreak lortu ditut. Eta  Jupiterren satelitearekiko distantzia azaltzeko irudi bat egin nuen. Eskema bat behar duzulako. Halakorik ez baduzu zaila delako konturatzea zer ari den gertatzen. Nik egin nuen eskema Romerrek egindako bertsio berritu bat euskaraz. Bera marrazki bat eginez konturatu zen. 

Aurretik zientzia dibulgazioan aritu zara? 
Zerbait bai, baina lehiaketa batera aurkeztuta, ez. 

Euskarazko Wikipedia
Wikipedia sustatzen duen Euskal Wikilarien kultur elkartekoa zara. Hor ere badago dibulgazio lana. 
Publiko osoari ezagutza helaraztea da entziklopedia bat. Dibulgazioa dago. Ez da genero bera, zeren zientzia dibulgazioan normalean bitxikeriak-eta kontatzen baitira. Entziklopedia batean ez dituzu espero bitxikeriak edo “tontakeriak”. Badaude, baina normalean kontakizun linealagoa da. Zaletasun bezala, Wikipedian artikuluak egiten eta haren inguruko proiektuetan ibiltzen naiz. Elkarte bat daukagu. Zaletasuna izateaz aparte, azken urteetan horretan lanean nabil, hezkuntza programak egiten. Hau da, unibertsitateetan Wikipedia erabiltzeko programak, ikastaroak eta horrelakoak egiten, erakundeekin elkarlan batzuk eta halakoak. Sakanan ikastetxeetan baten bat egin genuen joan den urtean. 

Zergatik kultur elkartea?
Wikilari deitzen diogu ez delako bakarrik Wikipedia entziklopedia. Badaude inguruko proiektuak ere: irudia, jatorrizko testua, datuak… Guztiak wiki familia horretan. Eta elkarteari wikilari deitzen diogu, guk asmatutako neologismoa. Erakundeekin gauzak egin ahal izateko elkartea sortu behar duzu. Halakoak egiten dituen wikilari taldetxo bat gara. 

Zein helburu ditu? 
Wikipedia eta inguruko proiektua bulkatzea. Gure kasuan euskarazkoak. Beste hizkuntza eta herrialdeetakoak badaude. Esaterako, gure kasuan Wikimedia España eta Wikimedia France existitzen dira. Haiek lurralde batean egiten dute. Gu hizkuntza batean aritzen gara. Hau da, egon daiteke gauza bat Wikimedia Espainiak Iruñean egiten duena eta guk beste bat egin dezakegu Iruñean. Baina gurea da euskararen alde eta beraiena da, orokorrean, Wikipediaren alde. Horrela hartu beharko genuke. 

Horretarako zein lan egiten du elkarteak?
Entziklopedia saltzaileak gara, termino klasikoan. Makina bat jenderekin saiatu. Edukiak, datuak… dituztenekin saiatu haiek lortzen, ikastaroak antolatu, kontzientzia zabaltzea, ezagutaraztea…  Nire ogibidea dena, unibertsitateetan adibidez: irakasleekin egoten gara, zer egiten dugun azaltzen diegu eta saiatzen gara ikasleek klaseko lan bezala izan dezatela Wikipediako artikulu bat idaztea. Momentu honetan gure proiekturik handiena hori da. Horretarako dirulaguntza daukagu. Hiru urte pasa daramatzagu horretan. Ikasleek hiru milioi eta erdi hitz baino gehiago idatzi dituzte.  

Elhuyar fundazioak ere hizkuntzalaritzan eta hiztegigintzan eskarmentu handia dauka. Beraiekin tresnak garatu ditugu beraien hiztegia eta gure entziklopedia batzeko edo euren artean hobeki lotzeko. Dagokienekin terminologiako gaiak landu, unibertsitateetan eta abar. Denetarik egiten dugu. Gure helburua da Wikipedia dena ahalik eta hobekien egotea euskaraz. Kasu honetan ezagunena da entziklopedia, egunero erabiltzen dugun tresna horretan saiatzen gara. Esaterako, DBHn behar diren artikuluak unibertsitarioekin lantzen ditugu. 

Euskarazko Wikipediako 100.000 eta gutxi artikulutik gora zerbitzatzen dira egunero. Egunean 300.000 bisita pasa dira. Ikasle guztiak etxean egon diren egun hauetan, adibidez, ikusi dugu bisitek gorakada handia izan dutela. Ikusi da sarean baliabideak egotea zein garrantzitsua den. Azkenean, ikasleek behar dute ikasteko. Eta norbaitek idatzi behar du. Gu boluntarioak gara eta esku gehiago behar ditugu. Elkartea horretarako da. 

Wikipediaz aparte, elkarteak proiektu gehiago lantzen dituela esan duzu. 
Jendeak, normalki, Wikipedia ezagutzen du, entziklopedia delako. Baina artikuluetan irudiak edo bideoak daude. Ikusi ahal dira. Irudi horiek libreak izan behar dira, edozein ezin dugu hartu. Izan behar da norbaitek apropos libre utzi duena, erakunde bat edo norbanako bat… Irudigintzan irudiak igoko dituen jendea behar dugu. Orain dela gutxi oso proiektu polita egin dugu Aiurri tokiko hedabidearekin, Tokikom elkartekoa dena. Beraien artxiboko 90eko hamarkadako 2.000 irudi igo genituen. Halako gauzak egiteko norbait, denbora eta dedikazioa behar dira. Dirua ere bai. Horrelako gauzak egiteko sortzen dira elkarteak. 

Beste proiektu bat, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustok, BBVAk eta Euskaltzaindiak duela urte batzuk egin zuten zientzia literaturako klasikoen bilduma bat. Deskatalogatuta dago. Baina lortu dugu itzultzaileen baimena liburu horiek gure Wikitekan jartzeko, gure liburutegi librean jartzeko. 

Datuak. Orain IXA taldearekin unibertsitatean eta Elhuyarrekin euskarazko hitzen deklinabidearen inguruko programa batzuk egiten, makinek etorkizunean euskara hobeto ulertzeko. Itzulpengintzako kontu batzuk lotzen itzultzaileekin eta horrelako gauzak egiten ditugu. Egia esan, ez gara aspertzen. 
  
Auzolana eta jakintza askea duen entziklopedian edozeinek parte har dezake. 
Hori da. Badaukagu jendea fisikan oso ona dena fisikaz idazten, baina, esaterako, nik orain ez dakit Osasunan zein jokalari dauden. Bat mendizalea delako mendien inguruan pila daki, bada, mendien inguruan ere idatzi behar da: non dauden, nola igotzen den… Badago jendean artearen historia gustatzen zaiona eta, agian, ez da aditua, baina gustatzen zaio artearen historiari buruz idaztea… Biografiak idaztea gustatzen zaion jendea dago, horretan oso apasionatua dena. Zure herriko historia… Azkenean, hain irekia da denetarik idatzi daitekeela. Euskaraz gauza asko ez ditugu, esate baterako, jende gutxi daukagu serieen inguruan idazten duena. Ingelesezko Wikipedian asko kontsultatzen dira. Guztira aldi berean ezin gara iritsi. Badago jendea musikaren historia pila gustatzen zaiona, disko pila ditu talde harena eta bestearena… Horren inguruan ere idatzi behar da. 

Elkartean denetariko jendea dago: jakintza informatikoa duena, programa batzuk egin ditzakeena gauzak errazteko, baina gero ezagutzaren inguruan ez du hain interes handia. Edo egon daiteke jendea eduki libreetan interesa duena: zuek idatzi, nik hau hedatu nahi dut. Besteak: nik ezagutzen ditut udalak honen inguruan interesa izan dezaketenak… Oso anitza da. 

Edozeinek idatzi dezake. 
Bai. Elkarteko gehienak horretan ibiltzen gara. Eta Wikidepia, berez, librea da eta elkarteak ezin du ezer erabaki Wikipediaren inguruan. Nahi duena sar daiteke, editatu dezake. Irakurle batek nahi badu, begira dezake bere herriko artikulua nola dagoen. Zerbaitekin ados ez bazaude, edo hobetu badezakezu, goian Aldatu jartzen duen botoia dauka. Sakatu eta aldatzen duzu. Aldaketak onerako direla ziurtatzeko filtro batzuk daude. Baina orokorrean horrela funtzionatzen du: bakoitza gure ezagutza gehitzen goaz. Agian norbaitek gai baten inguruan asko daki, baina beste batzuk eskapatzen zaizkio. Esate baterako, Urbasa ezagutzen dut, eta bertan dauden perretxikoak ezagutzen ditut, baina landareez ez dakit ezer. Ba, idatzi zure partea. Etorriko da botanikoa eta idatziko du berea. Alde horretatik, oso irekia da. 

Entziklopediaren sarreretan bilakaera dago? Jendea animatzen da? Edo elkartekideak aritzen zarete? 
Elkartekideak jo ta fuego gaude, baina elkartekide asko ez direnak ere badaude. Euskarazko Wikipedia nahiko ongi dago osasunez. Orain dela gutxi egin ditugu 358.000 artikulu. Euskaraz idatzi den obrarik handiena da. Nahikoa zabala da. Denetarik du. Baina badaude arlo batzuk hutsik. “Jo, euskarazko Wikipedian ez dago ezer iPhone modeloen inguruan!” Ba ez, zuk idatzi. Gero badaude gailu batzuk gai garrantzitsuenen sakonera neurtzen dutenak. Hor, hizkuntza guztien artean, lehenengo 40etan gaude. Artikulu kopuruaren arabera uste dut 31. garela orain. Datuen berrerabilerarako WikiData proiektuan euskarazko Wikipedia 11. da datu horien erabileran.  Agian jende askok ez daki baina WikiBigDatan hiztegi bat dago eta euskara da esanahi gehien dituen hizkuntza. 

Alde horretatik, kanpora joaten garenean esaten dute: jo, euskara, nola dabil hor, ez? Apustua egin dugu elkartean eta mea opatu dugu hor. Gaztelaniazko edo ingelesezko Wikipediarekin konparatzen bagara, jakina, beti aterako gara galtzaile. Hau ez da lasterketa bat, baina gu konparatu behar gara gure mailan dauden hizkuntzekin: hiztun kopuruan, inguruko egoera… Esaterako, galesek esaten digute beraiek euskara adibide gisa dutela, guk hiru aldiz artikulu gehiago ditugulako. Eta guk beti kataluniarren egoerari erreparatzen diogu. Gure bikoitza dute. Katalanera gaztelaniatik itzultzea askoz ere errazagoa da, zortzi edo bederatzi aldiz hiztun gehiago dira, eta errazagoa izan daiteke alde horretatik. Kristoren lana egiten dute. Guretako gauza askotan adibide dira. Gure hizkuntzaren tamainarekin alderatuta, oso-oso ondo gaude. Turkiaren aurretik gaude, 80 milioi hiztun dituen hizkuntza nazional bat da. 

Baina ez da bakarrik artikulu kopurua. Badira beste gauza batzuk ere: sakonera, gaurkotuak egotea… Eta hori da zailena dena. Zeren artikuluak sortzea sortzeagatik erraza da, baina gero mantentzea ez da hain erraza. 

Sakanari buruzko artikuluak badaude Wikipedian? 
Sakana bera artikulu bezala oso ongi dago. Hobetu daiteke, baina ongi dago. Altsasukoa ere. Badago. Herri guztiak sartuta daude, inguruko mendiak, errekak… Gauza horiek baditugu. Hortik aurrera gutxi daukagu: herrietako pertsonaiak, kultura, ohiturak, basoak, dermioak, kontakizunak,  historiako pertsonaiak, herriko pertsonaiak…  Aurrekoan hitz egin genuen: Bakaikuri buruzko artikulua badaukagu, baina bertako komunala, gaztainak eta ez dakit zer, ez daukagu. Hori sakondu behar da. Behar ditugu. Sakanan bere herriko historian interes handi daukan jendea dago eta, adibidez, hor makal gabiltza. Herrietako historiaren inguruan badago zer kontatu. Herri gehienetan nahikoa ahul dago. Lortzen ere zaila da. Hori ere egin beharreko zerbait da. Herri bakoitzaren euskararen inguruan idazteko ere asko dago. Eta Sakana horretan oso-oso aberatsa da. Badaukagu bide bat egiteko, ahoskerak eta horrelakoak. Hori pixka bat zailagoa da. Baina horrelakoak ere behar ditugu. Norbera bere herrikoan sar daiteke, begiratu zer dagoen. 

SGAren eskutik ikastetxeetan aritu zarete ikasturte honetan. Zer moduz?
Plazera, egia esan. Ni joan nintzen eta oso ongi pasa nuen. Uste dut beraiek ikasi zutela. Eta asko egin genuen. Uhartekoak izan ziren inoiz izan ditugun wikilari gazteenak eta gero Urdiaingoekin egon ginen eta gainditu zituzten. Beste hizkuntzetako wikipedia elkarteetan galdetu genuen eta, badirudi, munduan Wikipedia editatzen gazteenak izan direla urdindarrak. 

Uharte Arakilgo eta Urdiaingo eskoletan eta Iñigo Aritza ikastolan egon ginen. Uharteri eta Urdiaini buruzko informazioa hobetu dugu Txikipedian, umeendako entziklopedian, gure beste proiektu bat. Uharten herrian zein zerbitzu dauden landu dute. Bakoitzera joan ziren galdetzera: ordutegia, eskaintza… eta denda eta zerbitzu bakoitzari argazki bat atera zioten. Eta hori igo. Kristorena. Unibertsitatean egiten dugunean ez dute hainbeste ikertzen. Urdiaingo kultura eta jaiei buruz batez ere, zer abesti kantatzen den bakoitzean… Urdiaindarrek toponimiaren inguruan ere lan egin dute. Kezka dago galtzen ari den zerbait dela. Sakanako toponimia oso aberatsa da eta gauza asko esaten dizkigu. Baina badirudi belaunaldien arteko etena dagoela, transmisioa: zer den, zergatik deitzen den horrela eta abar. Duela belaunaldi bat edo bi esaten zenion ume bati joan ez dakit nora eta eman osabari merienda, eta bazekien, ez bakarrik non dagoen, baizik eta nola joaten den. Hori gaur egun galdu da. Horren inguruko proiektua egin genuen. Pena ezin bukatzea. Zeren azkeneko partea zen txangoa egitea eta argazkiak egitea. Baina konfinamendua bukatu arte ezinen da hori egin. Baina oso polita. Bakoitzak hiru toponimoren zergatia galdetu zuen etxean. Ederra, egia esan. Eta Urdiain, Altsasu eta Olatzagutiko inauterietako pertsonaien inguruko informazioa hobetu dugu. 

Segida izanen du proiektuak? 
SGArekin hor ari gara, hurrengo urtera begira horrelako zerbait egiten dugun, edo nola garatzen dugun. Guk segitzea espero dugu. “Eginen dugu proba pilotua”. Baina oso ongi ateratzen denean, ez dakit nola, baina segitu behar dugu. Konfiantza dut aurten egin ditugunak heldu den urtean ere segitu nahiko dutela. Ea herri berrietatik gehitzen diren. Elkartetik lortu dugu bidetxo bat hau egin ahal izateko. Guretako oso interesgarria. Eta ez bakarrik Sakanan. Urdiainen egin genuena publikatu genuenean beste herri-eskola txiki batzuetatik deitu digute esanez: guk hori egin nahi dugu. Oso esperientzia polita da eta esportagarria. Zeren umeek pila bat ikasten dute. Eta, gainera, mugagabea da. Zure herriari buruz ikasi: toponimia, zuhaitzak, trikuharriak… edo nahi duzunaren inguruan. Aukera polita da. 

Zergatik izan wikilaria? 
Ez da derrigorrezkoa. Ezagutza guztion eskura jartzeko gogoa baldin badauka eta, horretaz aparte, euskaraz egotea nahi baldin badu, euskarazko wikilari izan daiteke. Txineraz nahi badute, Txinako Wikipedian ere eskertuko dute. Eduki libre horiek, jendeak gero eta gehiago kontsultatzen duenez, ezagutza daukan edozeinek eta parte hartu nahi duen edozeinek, ba jasotzera irekiak gaude. Eta horretaz aparte euskaraz egin nahi duenak, gurean badauka txoko bat. 

Erlazionatuak