Wikipedia gaitasun digitalak lantzeko

Guaixe 2019ko aza. 21a, 10:36
Ikasleak gelan ordenagailuekin.

Uharte Arakilgo eta Urdiaingo eskola publikoak eta Iñigo Aritza ikastola ekimen pilotu batean parte hartzen ari dira. Sakanapediarako pausoa emanen dute ikasleek. 

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) egunerokoan erabiltzen ditugu. Baita haurrek edo ikasleek ere. Jakinik bizitzaren arlo guztietan IKTak modu kritiko eta seguruan erabiltzea gero eta beharrezkoagoa dela, gaitasun digitalak lantzeko ekimena pilotua martxan jarri dute Uharte Arakilgo eta Urdiaingo ikastetxe publikoetan eta Iñigo Aritza ikastolan. Sakanako Garapen Agentzia (SGA) eta Euskal Wikilarien Elkartea (EWE) dituzte laguntzaile. Babeslea Nafarroako Gobernua da. Arlo digitaleko ezagutza zabaltzea helburu duen ekimen hori Sakanako Plan Estrategikoaren baitan kokatuta dago. 

SGAko Iker Manterola Matxainek azaldu digunez, ekimenaren helburuak dira “ikasleen teknologia gaitasuna lantzea eta, wikipedia proiektuarekin bat eginda, herri-ezagutza modu partekatu batean sortzea eta ezagutaraztea”. Horretarako, ikastetxe bakoitzeko talde batek, gai jakin baten inguruko informazioa bildu eta aztertu ondoren, wikipediak eskaintzen dituen hainbat tresnaren bidez entziklopedia askean argitaratuko dituzte edukiak. Uharte Arakilgo eskola publikoak herriko zerbitzuak landuko ditu. Urdiaingoak, berriz, herriak sareetan duen irudia aztertu eta osatzea izanen du helburu. Azkenik, Iñigo Aritza ikastolakoek mitologia landuko dute. 

Ekimena behar bezala aurrera eramateko ikastetxeek EWEren prestakuntza eta prozesuan zeharko norberari egokitutako laguntza jasoko dituzte. Batetik, entziklopedia askearen proiektuaren hainbat tresnaren berri emanen diete: wikipedia, txikipedia… Ondoren, ikastetxe bakoitzaren proiektua lagunduko du EWEk. Manterolak jakinarazi digunez, ikastetxe bakoitzeko talde bana parte hartzen ari da egitasmoan, “horrela eredua probatu eta egokitzapenak egiteko”. Azaldu digunez, “beste lurralde batzuetan izandako arrakasta kontuan izanda, datozen urteetan egitasmoa Sakanako hezkuntza komunitatean zabaltzea litzateke helburua”.