Arabako Zaballa espetxean daude preso Altsasuko Auziagatik epaitutako gazte altsasuarrak. Adur, Jokin, Oihan (1286 egun preso), Jonan eta Julen (752 egun preso) presondegian daude eta Iñaki eta Aratz (752 egun preso) 3. graduan, hau da, lo egitera kartzelara joan beharra dute baina eguna espetxetik kanpo ematen dute. COVID-19 birusak sortutako alarma egoerak goitik behera aldatu zuen gazte hauen egunerokoa: espetxerako bisitak eta aurrez aurreko bisitak bertan behera geratu ziren, eta baita ere asteburuan ateratzeko Adurrek, Jokinek eta Oihanek jasotako baimenak. Jonanek eta Julenek baimen berezi horiek ere eskatu zituzten, baina oraindik tramitatze bidean daude. Bestalde, Iñaki eta Aratz 3. gradua etxean betetzen ari dira, eskumutur telematikoa soinean dutela.
Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren erantzunaren zain
Altsasuko Gurasoak taldeko Antton Ramirez de Aldak eman du egoera honen aurrean eman daitekeen albisterik onenetakoa: Zaballako espetxeko zuzendaritzak Altsasuko Auziagatik epaitutako Adur, Jokin eta Oihan 3. gradura pasatzeko eskaera egin dio Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari. “Zaballako zuzendaritzak joan zen astean egin zuen eskaera, eta uste dugu hilabete bat edo 40 egunetan jasoko dutela Madrilgo erantzuna. Horiek izaten omen dira epeak. Ea behingoz berri onen bat iristen den egoera nahasi honetan; orain garrantzitsuena da jakitea ea Madril gure gazteei 3. gradua onartzeko prest dagoen ala ez” adierazi du Ramirez de Aldak.
Alarma egoerarengatik ezin da beste probintzia batera joan
Izan ere, alarma egoeragatik 2 hilabete luze daramatzate euren semeak ikusi gabe. “Egoera guztiz aldrebesa da. Konfinamendua arintzeko faseak ezarri dituzte Zaballako espetxean, eta kartzelako baimena jaso dugu gure semeak bisitatu ahal izateko. COVID-19 dela eta, gehienez 2 pertsona joan gaitezke bisitara (lehen 4 ziren) eta eskularruekin eta maskara jantzita sartu behar gara. Bisitetarako orduak zehaztuak ditugu, baina kontua da alarma egoera dela eta ezin garela probintzia batetik bestera pasa. Pentsa nolako egoeran gauden: semea bi hilabetez ikusi gabe egon eta gero, ezin dugu Nafarroatik Arabara joan” dio Ramirez de Aldak.
Alarma egoerak dioenez, soilik lan arrazoiengatik edo ez ohiko arrazoiengatik joan gaitezke beste probintziaren batera, edo mendekotasuna edo gaixotasun larriren bat duen senitarteko baten ardura zuzena badugu. “Hitz egiten ari gara, ea gurea ezohiko arrazoitzat jo ote dezaketen, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso. Egoera nahasia da, eta dauden isunak ere ez dira makalak” gaineratu du Altsasuko Gurasoak taldeko kideak.
Bestalde, Adurrek, Jokinek eta Oihanek, asteburua etxean pasatzeko baimen berezia jasoa zuten gobernuak alarma egoera ezarri bezperetan. Koronabirusarengatik bertan behera geratu zen, baina orain baimena eska dezakete. Kontua da, espetxetik ateraz gero itzultzerakoan 15 eguneko isolamendua egin beharko luketela, bakartuta egon beharko lukete, eta egoera aldatu arte ez dute eskatuko, are gehiago Zaballako zuzendaritzak guztiendako 3. graduko eskaera egin duenean eta horren erantzunaren zain daudenean.
Ostiraleko elkarretaratzeak hasteko baimena, eskatuta
Alarma egoera baino lehen ostiralero gazte altsasuarren askatasuna eskatzeko kontzentrazioak egiten ziren Altsasun. Osasun krisiarengatik bertan behera geratu ziren, baina elkarretaratzeak hasteko baimena eskatu du Altsasuko Gurasoak taldeak. “Printzipioz gure gazte guztiak 3. gradua lortu arte ostiralero bilkura egingo genuela erabaki genuen, eta hori da asmoa” zehaztu du Ramirez de Aldak. Baimena lortutakoan egingo dute elkarretaratzeko deialdia.
Etxarri Aranazko presoak, bisitarik gabe
Sakanako Sarek salatu duenez, bisitarik gabe geratuko dira Etxarri Aranazko preso politikoak. Urrunduta daudenez eta alarma egoera dela eta probintzia barrutik atera ezin denez, euren senitartekoak bisitak egiteko trabak ez dituzte besterik.