Ikasturte honetan Intxostipunta gazte gunearen eta gazteen arteko zubigintzan zortzi berri emaile aritu dira: Sakana Lanbide Heziketa institutuan Jonathan Laura eta Mara Martis dira berriemaileak, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan Aroa Gonzalez eta Iñigo Cidoncha, Iñigo Aritza ikastolako Eneko Andueza eta Aimar Gracia eta Sagrado Corazon ikastetxean, azkenik, Santiago Ruiz eta Yahir Romero.
Haien egitekoa izan da Intxostiapuntaren jardunari eta gazteendako intereseko diren berriei buruzko informazioa zabaltzea lagunen artean eta beraien ikastetxean. Horretarako, ikastetxeetan jarritako Gazte Informazio Gunea eta sare sozialak erabili dituzte. Programa maiatzaren 22an despeditu zen eta zortzi berriemaileek diploma bana eta saria jaso zuten.
Blanki Torres gazteria teknikariak berriemaileen “ inplikazioa, parte-hartzea eta kolaboraziorako jarrera nabarmendu ditu. Izan ere, hilabete hauek zailak izan arren, taldekide guztiek ilusioari eta konpromisoari eutsi diote maiatzaren akaberara arte”. Eta esker ona azaldu die gazteei eta ikastetxeei. Torresek gaztigatu duenez, berriemaileen programak segida izanen du, “balio handiko esperientzia izan dela uste baitugu, bai maila pedagogikoan, bai Gazteria Zerbitzuaren helburu asko lortzeko”.