Adur, Jokin eta Oihan 2016ko azaroaren 14tik daude preso eta gaur kartzelan 1300. eguna egiten dute. Atxilotu zituztenetik Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaian gertatutakoa terrorismoa ez zela jaso arte FIES edo jarraipen bereziki presoen fitxategian izan ziren hirurak, 2018ko garagarrilaren 7ra arte hain zuen. 1.300 egunetan hainbat espetxetatik pasa dira: Adur Soto del Real, Aranjuez, Iruñea eta Zaballa; Jokin Soto del Real, Extremera eta Zaballa eta Oihan Soto del Real, Navalcarnero eta Zaballa.
Altsasuko auzian epaitutako Aratz, Iñaki, Jonan eta Julenek gaur 766 egin dituzte preso. Atzeneko biak Zaballako kartzelan daude, eta aurreneko biak, berriz, hirugarren graduan daude. Laurak bitan izan dira atxilotuak Altsasuko auziagatik. Aurrena 2016ko azaroaren 14an eta 32 egun egon ziren preso Soto del Realen eta Alcala Mecon. Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren ondoren, atzera atxilotu eta preso sartu zituzten, 2018ko garagarrilaren 5ean, gaur bi urte. Soto del Real espetxean sartu zituzten eta 2018ko irailean Zaballara lekualdatu zituzten. Iñaki Arabako kartzelara iritsi aurretik, Iruñekotik pasa zen. Zortzigarren auzipetua Ainara da, bi urte baino gutxiagoko zigorra zuenez, kartzelan sartu ez zena, baina hainbat kontrol neurri bete behar izan dituena.
Preso dauden bost altsasuarrendako Zaballako espetxeko zuzendaritzak 3. gradua eskatu zuen maiatza erdialdean. Eskaeraren inguruan bere iritzia eman behar du Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. Bitartean COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik presoak martxoaren 2. astetik bisitarik gabe utzi ditu, ez mintza tokian ez aurrez aurrekoak. Telefonoz eta bideo deien bidez mantentzen dituzte harremanak senide eta lagunekin. Eta gaitzaren inguruko neurriak arindu direnean probintzien artean ezin mugitzeak eragotzi dizkie bisitak jasotzea. Bestetik, Aratzek eta Iñakik gailu elektronikoa gainean dutela, ez dira kartzelara lotara joan behar izan.
Kontzentrazioak bueltan
Dozena bat aste “kale” egin ondoren, Altsasuko auziagatik preso daudenen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioak gaur bueltatuko dira. Altsasu Gurasoak taldetik segurtasun neurriak bete beharko direla gaztigatu dute, hau da, maskarak jarri eta distantzia errespetatu beharko da. Bestalde, Altsasukoak Aske herri plataformak elkartasun materiala salgai jarriko du. Ohi bezala, udaletxe parean eginen dira, 20:00etan.