Altsasu Gurasoak-ek presoendako gradu aldaketa eskatu du

Guaixe 2020ko eka. 12a, 10:10

Distantziak gordez egiten dira orain kontzentrazioak.

“Gaur egungo testuingurua ikusita, borondate pixka batekin, bide hori gure semeei zabaltzea posible litzatekeela uste dugu. Ez litzateke kondena bukatuko, baina, beraien bizimodua berreskuratzeko aukera izanen lukete”. Gaur kontzentrazioa, 20:00etan.

Ohi baino bakanduago eta espazio gehiago hartuz, makina bat jendek bat egin zuen Altsasukoak aske aldarrikapenarekin aurreko ostiralean. Hiru hilabeteko etenaren ondoren bueltatu ziren auzia salatu eta presoen askatasuna aldarrikatzen duten kontzentrazioak. Egun seinalatuan egin zuen buelta, Adurrek, Jokinek eta Oihanek preso 1.300 egun egin zituztela bete baitziren ostiralean. Gainera, egun horretan bertan bi urte betetzen ziren Aratz, Iñaki, Jonan eta Julen bigarren aldiz atxilotu zituztela. 

Altsasu Gurasoak taldeko ordezkariek azaldu zutenez, “lastailean Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia injustua berretsi zenetik, gure semeek zigorra ahalik eta baldintza humanoenetan bete dezaten saiatzen ari gara, baita espetxe-erregimenaren progresioa azkartu dadin ahalegintzen ere”. Argitu zutenez, Adurrek, Jokinek eta Oihanek “hirugarren gradua eta horri dagozkion baimenak lor litzakete aurki. Horrek azken hiru urte eta erdietan eragindako sufrimendua arinduko luke hein batean, baina ez luke haien eta gure gainerako semeen aurka egindako aberrazio juridikoa konponduko”. 

Gaineratu zutenez, “Jonanek eta Julenek bigarren graduan jarraitzen dute eta oraingoz ez da haien egoeran aldaketarik aurreikusten”. Aratz eta Iñaki abenduaz geroztik hirugarren graduan daude. COVID-19 gaitza dela eta ez dira astegunetan espetxera bueltatzen eta zigorra kontrol telematikoaz betetzen ari dira, “eta ordu jakinetan etxean egon beharra daukate”. 

#SOSpresoakCOVID19
Pandemiak kartzelatan duen eragina salatu du Altsasu Gurasoak: “hain toki zaurgarria den horretan, ziurgabetasuna, beldurra eta sufrimendua eragin dizkie preso guztiei zein haien lagun eta familiei: isolamendua handitu egin da, komunikazioak eten, baimenak izoztu, preso gaixoak eta edadetuak egoera penagarrian daude…” Horregatik, Etxerat, Salhaketa eta Sarerekin batera #SOSpresoakCOVID19 manifestua eta dinamika sustatu zuten. Haren bidez Espainiako Gobernuari eskatu diote Osasunaren Mundu Erakundeak, Nazio Batuen Erakundeak eta Torturaren Kontrako Batzordeak esandakoak bere egiteko, “logika, eskubide eta gizatasun kontua da, besterik ez”. 

Azkenik, gogorarazi zuten gaurtik aurrera Altsasukoak Aske herri plataformaren elkartasun materiala salgai izanen da.