COVID-19 gaixotasunak udako igerilekuen ohiko funtzionamendua itxuraldatu du, osasun-agintariek murrizketak eta prebentzio neurriak ezarri baitituzte. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, “hartu beharreko osasun-neurriek zailtasun ugari eragiten dituzte, eta horrek asko baldintzatzen du azken instalazio horiek irekitzea”. Horregatik, udalak erabaki du Dantzalekuko igerilekuak aurten ez zabaltzea eta Zelandikoak udako igerileku gisa egokitzea.
Altsasuko kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo Altsasu SL enpresa publikoko gerentziak azaldu duenez, “Zelandi kiroldegiko igerileku estalia eta ondoko ikastetxeko berdegunea garilerako eta agorrilerako aisialdirako igerileku gisa prestatuko da”. Igerileku gune berria garilaren 1ean zabalduko dira. Altsasu Atabotik gaztigatu dutenez, kiroldegian edukiera une oro kuantifikatzeko aukera ematen duten sarbide-tornuak ditugu, baita berdegune handiagoa ere, non banakako eta taldeko partzelak prestatuko diren osasun-kontrol segurua bermatzeko”. Eta gogorarazi dute haurrendako parkea eta kirol-pistak ere badaudela.
Dantzalekukoa zergatik ez
Atabo Altsasuko gerentziak gaztigatu dutenez, “edukiera %30era murriztu behar dela kontuan hartuta, diru-sarrerak oso txikiagoak izanen direla aurreikusten da eta, aldi berean, gastuak asko handituko dira, aparteko neurriak eta langileak izan behar baitira garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko, bai eta orokorrean osasun-betebeharrak kontrolatzeko ere”. Eta gogorarazi dute Dantzalekuko igerilekuetara uda guztietan kanpaleku eta kolonietako gazteak eta herri edo erkidego mugakideetako bizilagunak joaten direla. “Haiei ezin zaie bereizkeriarik egin sarbidea ukatuz; horrek are gehiago murriztuko lituzke Altsasuko erabiltzaileendako plazak”.
Enpresa publikoak, bestalde, jakinarazi duenez Dantzalekuko igerilekuetan “eraberritze-lanak egingo dira, urte askotan zerbitzuari berari eragin dioten arazoak konpontzeko”.
67.000 euro
Dantzalekuko igerilekuak zabaltzeak diru-zulo hori sortuko lukeela estimatu dute. Zelandikoak “gastu askoz txikiagoa dakar, Atabo Altsasuk bere gain har dezakeena”.