Sarek bide izateko deia egin du

Guaixe 2020ko eka. 19a, 10:39
Altsasuarrak larunbateko eta astearteko mobilizazioetara deitzen.

Iruñeko Sarasate pasealekutik Iruñeko kartzelara martxan eginen dute larunbatean, 17:30ean. Asteartean, 19:30ean, Altsasun herri martxan antolatu dute.

Sare herritarrak Izan bidea dinamika martxan du eta haren bidez Euskal Herriak dituen biztanleen pareko kilometroak ibili nahi ditu: 3.127.326. Sarek horrela presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko pausoak eman nahi ditu, bide egin nahi du: “etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Denok izan behar dugulako bide horren parte”. Dinamika horren baitan kokatzen dira Iruñeko biharko eta Altsasuko astearteko mobilizazioak, eta haietan parte hartzera deitu du. 

Deitutako mobilizazioekin Sarek Espainia eta Frantziako gobernuei eskatu nahi die “euskal presoei ezarritako salbuespen legedia behin betiko bertan behera uzteko, egoerak berak erakusten duen urgentziaz”. Saretik espetxeen egoeraren berri ematen duten hainbat datu jakinarazi dituzte: gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daude; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden euskal presoen %80 etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean daude eta han dauden 198 euskal presoetatik 156 1. graduan daude. 

COVID-19 gaixotasuna dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak ekarri dituela gaineratu dute Saretik: “urruntze politikagatik bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den”. Egoerak “euskal presoen egoerari irtenbide bat emateko dagoen premia agerian uzten du berriz ere”.