Espetxeetan euskal presoek bizi dituzten salbuespen egoerak, beraiei ezarritako urrunketa politika eta presoen eskubide urraketa salatzeko mobilizazioa hartuko du gaur Altsasuk. Sare Herritarrak martxan jarritako Izan Bidea dinamikaren baitan dago deialdia. Haren bidez presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko pausoak eman eta bidea egin nahi dira: “etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Denok izan behar dugulako bide horren parte”.
Sarek deituta, larunbatean Iruñerako kartzelara martxa egin zen. Haren akaberan Sareko kideek gogorarazi zuten COVID-19ak eragindako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu duela: urruntze politika dela eta bisitak debekatu dira, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den. Horregatik eskatu zuten, “Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin betiko”.
Hori lortzeko, “estatuak mugiarazteko, denak izan behar dugu parte. Presoen korapiloa askatuko duen bidean elkartu behar gara denak”. Horregatik, “ jendartearen aktibazioa beharrezkotzat” jo zuten, “salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko, eta preso, iheslari eta deportaturik gabeko etorkizun bati ateak zabaltzeko”. Azkenik, herrietan Izan Bidea lan-taldeak sortzera deitu zuten.