Adurrek baimena jaso du

Guaixe 2020ko eka. 26a, 11:37

Altsasu Gurasoak utaldeko kideak joan den ostiraleko kontzentrazioan.

Aste bete kartzelatik kanpo emanen du kontrol neurriekin.

Altsasuko auziagatik 1318 egun preso egon ondoren Adurrek asteartean bere aurreneko baimena jaso zuen eta aste batez kartzelatik kanpo egonen da. Adur Soto del Real, Aranjuez, Iruñea eta Zaballa espetxeetan izan dute preso. Eta 2016ko azaroaren 14tik 2018ko garagarrilaren 7ra arte FIES edo jarraipen bereziki presoen fitxategian sartuta izan zuten. Altsasuarrendako berezia da San Joan bezperan eta eguna. Alarma-egoerak ospakizunak itxuraldatu ditu, baina Adurrek baimena jasota herrian zegoela jakiteak ospakizun “arraroa” goxatu zien altsasuarrei. 

Adurren egun kopuru bera (1321) preso daramate Jokinek eta Oihanek eta haiendako baimena noiz iritsiko zain dauden senide eta lagunak. Biei espetxe zuzendaritzak espetxetik ateratzeko baimena otsaila erdialdean eman zien. Adurri beranduxeago. Hiru eguneko baimenekin martxoan ateratzekoak ziren: Oihan 12an, Adur 13an eta Jokin hurrengo astean. Baina 11n kartzelan jakinarazi zieten COVID-19agatik ezarritako alarma egoeragatik ez zirela aterako. Araudia zehaztu zutenean baimenarekin ateraz gero, kartzelara bueltatzean prebentzio neurriengatik 15 egun bakartuta egon behar zuten. Aukera baztertu zuten. Adurrek bi baimen bateratuta atera da. Bestalde, Zaballako kartzelako zuzendaritzak, bestalde, hirurendako 3. gradua eskatu du. Hau da, astegunetan gaua kartzelan pasatzeko modua izan dezatela. 

Bestalde, Aratzek, Iñakik, Jonanek eta Julenek 787 egun egin dituzte preso gaur. Aurreneko biak 3. graduan daude. Pandemia dela eta kontrol telematikoa dute eta zenbait orduz etxean egon behar dute. Bestetik, Jonanek eta Julenek baimenarekin kalera ateratzeko eskaerak eginak dituzte. Jonanek  dagoeneko jaso du epailearen baimena, orain eskaera egin beharko dio kartzelari. Amaia Amilibiak azaldu duenez, “bi baimen batu nahi dituzte kalera ateratzeko”. Amilibiak jakinarazi duenez, 2. graduan preso dagoen batek urtean 36 baimen egun izan ditzake. Azkenik, Ainarari ilbeltza akaberan kendu zioten epaitegira sinatzera joateko beharra eta atzerrira bidaiatu dezake. 

Gurasoak
Altsasu Gurasoak taldeko kide Koldo Arnanzek esan digunez, “zain gaude. Ez dugu datarik buruan, ilusiorik ez zapuzteko”. Adurren moduan bi baimen bateraturekin aterako diren edo hiru eguneko birekin ere ez dakite. Arnanzek gogorarazi duenez, “aho batez onartutako txosten baikor batekin” espetxeak Adur, Jokin eta Oihanendako 3. gradua eskatu du. “Zer ebatziko zain gaude, 40 bat egun behar zirela esan ziguten, betetzear dira. Baina ez dakigu 3. gradua emanen dieten edo bigarrenean segitu ateratzeko baimenekin”. 

Azkenik, pandemiagatik ezarritako neurriak ere arintzen ari dira eta erkidego arteko mugikortasuna baimendu denez, presoek senide eta lagunen bisitak jasoko dituzte. Hala ere, kartzelak neurri batzuk ezarri ditu. Bisitak ordu erdikoak dira, lehen 40 minutu ziren, eta soilik bi pertsona joan daitezke, lehen lau. Araudia egokitzen ari dira ere. Lehen baimenarekin ateratako presoa bueltan 14 egunez ziega batean bakartuta izaten zuten, orain modulu batean da. Aurreaz aurreko bisitarik gabe segitzen dute presoek. 

Alarma egoerak iraun bitartean senide eta lagunekin harremana mantentzeko asteko 14 telefono deiak izan dira. “Presoek bideo deiak zituztela saldu zuten telebistan. Baina kartzela guztirako bizpahiru mugikor besterik ez zeuden eta gu bi bideo dei besterik ez ditugu izan” kexatu da Arnanz. “Bideo deia egin ondoren hurrengo deirako eskaera egin behar zuten, baina…” Bideo deien baldintzekin ere kexu da Amilibia: “telefonoa gelaren punta batean zegoen eta presoak interfono bidez hitz egin behar zuten. Oihartzuna sortzen da eta hitz egiteko ez da batere modu ona. Herria edo etxea erakusteko, akaso. Teorian 15 egunean behin bide dei baterako eskubidea zuten. Orain bideo deien eta bisiten artean aukeratzeko eman diete eta bisiten alde egin dute”. Semeak ikusi gabe eman dituzte asteak luze egin zaizkie gurasoei. 

Auzibidea
Espainiako Konstituzio Epaitegian helegiteak aurkeztuak dituzte auzipetuen abokatuek. Arnanzek esan duenez, horrekin ere “zain gaude, luzatu daiteke, eta egungo egoera honekin, gehiago”.