Altsasuko Gurasoak taldeak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Adurrek (8 urte eta erdiko zigorra), Jokinek (8 urte eta erdiko zigorra) eta Oihanek (9 urte eta erdiko zigorra) hirugarren gradua jasoko dute bihar. Horren ondorioz bihar bertan gradu horrek dauzkan onurak baliatu ahal izanen dituzte. Hau da, astegunetan egunez kalean egonen dira eta gaua kartzelan emanen dute. Eta asteburuak kalean emanen dituzte.
Adurrek aurreko astean zazpi eguneko baimena izan zuen eta 1.318 egunen ondoren zapatu zuen kalea berriro ere. Astelehenean bueltatu zen Zaballako espetxera. COVID-19 gaixotasunaren kontrako protokoloagatik apartako modulu batean berrogeialdia pasatzen ari zen, egoera berdinean ziren beste preso batzuekin. Jokinek eta Oihanek bihar aterako. Hirurek 1.327 egun egin dituzte preso gaur.
Altsasuko auzoagatik 2. graduan preso geldituko dira Jonan eta Julen (7 urte eta erdiko zigor bana). Biek gaur 793 egun egin dituzte preso. Bai Jonan bai Julenek Espetxe Zaintza Epailearen oniritzia dute kalera ateratzeko baimenak jasotzeko. Hala jakinarazi zieten pasa den astean. Orain kartzelako zuzendaritzak datei oniritzia ematea falta da. Altsasuarren asmoa da bi baimen batzea eta horrela espetxetik zazpi egunetarako ateratzea. Bueltatzean kartzelan pandemiaren kontrako neurriak ez badira aldatu, aparteko modulu batean pasa beharko lukete berrogeialdia. 2. graduan preso dagoen batek urtean 36 baimen egun izan ditzake. 3. graduan daudenak, berriz, 48 egun.
Aratz (4 urte eta 2 hilabeteko zigorra) eta Iñaki (3 urte eta erdiko zigorra) 3. graduan daude abenduaren 20tik. Astegunetan espetxera joan beharra zuten, baina pandemiagatik kontrol telematikoa dute eta zenbait orduz etxean egon behar dute. Biek Jonan eta Julen moduan 793 egun egin dituzte preso. Laurak bitan izan dira atxilotuak auziagatik: 2016ko azaroaren 14an eta 35 egun preso pasa ondoren aske utzi zituzten, hurrengo atxiloketa 2017ko garagarrilaren 5ean izan zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako aurreneko epaia jakin ondoren. Azkenik, Ainarari (urte eta erdiko espetxe zigorra, ez zuten kartzelara sartu) ilbeltza akaberan kendu zioten epaitegira sinatzera joateko beharra eta atzerrira bidaiatu dezake.
Auzipetuen abokatuek babes helegitea aurkeztu dute Espainiako Konstituzio Auzitegian. Altsasu Gurasoak eta auzipetuak “zain” daude.