Altsasuko auziagatik 800 egun preso egin dituzte Aratzek, Iñakik, Jonanek eta Julenek. Aurreneko biak 3. graduan daude abenduaren 20tik; eta azkeneko biak, ordea, Zaballako espetxean bigarren graduan preso daude. Biek Espetxe Zaintza Epailearen oniritzia dute kalera baimenarekin ateratzeko. Jonanen eta Julenen asmoa da bi baimen lotzea eta, horrela, kartzelatik kanpo aste bat ematea. Zaballako zuzendaritzak datak zehaztea falta da. Bigarren graduan preso dauden presoek batek urtean 36 baimen-egun izan ditzakete. 3. graduan daudenek, berriz, 48 egun.
Biek baimena izanez gero, kartzelara bueltatzean, COVID-19agatik berrogeialdia pasa beharko dute modulu batean. Bestalde, gaitzagatik kartzelak bisitak 40 minututik 30era murriztu ditu, eta bisitariak lau izan beharrean bi dira. Aurrez aurreko bisitarik gabe daude martxoaz geroztik.
Preso 800 egun egin duen laukoa bitan izan zen atxilotua. Aurreneko aldiz 2016ko azaroaren 14an. Soto del Realen eta Alcala Meco kartzeletan 32 egun preso egon ondoren baldintzapean aske utzi zituzten. Ia urte eta erdi baldintzapean aske egon ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia jakin eta berehala, 2018ko garagarrilaren 5ean, atzera atxilotu eta preso sartu zituzten. Soto del Real espetxean sartu zituzten eta 2018ko irailean Zaballara lekualdatu zituzten. Iñaki Arabako kartzelara iritsi aurretik, Iruñekotik pasa zen.
Beste laurak
Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 1334 egun egin dituzte preso. Joan den ostiralean eman zieten hirurei hirugarren gradua, kartzelan 1.328 egun preso egon ondoren. Astegunetan kartzelan lo egiten dute, eta asteburuetan aske daude. Zortzigarren auzipetua Ainara da eta urte eta erdiko zigorra jaso zuenez, ez zen kartzelan sartu, baina ilbeltzera arte hainbat kontrol neurri bete behar izan ditu.
Auzibideak aurrera segitzen du abokatuek babes helegitea aurkeztu baitute Espainiako Konstituzio Auzitegian. Justizia administrazioaren “zain” daude Altsasu Gurasoak, presoak, senideak eta lagunak.