2016ko azaroaren 14tik aurreneko aldia da: Altsasuko auziagatik preso daudenetako batek berak ere ez du asteburua kartzelan pasatu. Lehen atxiloketak izan eta 1.337, egunera 2. graduan preso gelditzen diren Jonanek eta Julenek aurreneko baimena izan dute, eta asteburua kalean eman dute. 801 egun preso egin ondoren irten ziren baimenarekin. Gaur, Zaballako kartzelara bueltatzean, modulu berezi batera eramanen dituzte. COVID-19 gaitza kartzelan ez zabaltzeko han eginen dute berrogeialdia, baimena izan duten beste preso batzuekin batera. Jonanek eta Julenek 804 egun egin dituzte preso, eta Altsasuko auziagatik preso daudenen artean kartzelatik baimena jasotzen azkenak izan dira.
Altsasuko auziko gainontzeko presoak 3. graduan daude: Aratz eta Iñaki abenduaren 20tik (804 egun preso) eta Adur, Jokin eta Oihan garilaren 3tik (1.337 egun preso). Zortzigarren auzipetua den Ainarak urte eta erdiko zigorra jaso zuenez, ez zuen kartzelara sartu beharrik izan, baina hainbat kontrol neurri bete behar izan ditu ilbeltza bitartean.