Altsasu-bonuak mugitzen hasi dira

Guaixe 2020ko uzt. 27a, 10:20

San Joan kalean jendea.

Herriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko 4.600 bonu banatu ziren bederatzi egunetan. Irailaren 30era arte erabil daitezke 80 establezimendutan.

Altsasuko merkataritzan, zerbitzuetan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonuak dagoeneko banatuta daude. Herritar bakoitzak bina bonu eskuratu zitzakeen. Bonuak 40 euro edo gehiagoko erosketetan baliatzeko aukera dago. Kasu horretan, bezeroak 30 euro pagatuko ditu eta gainontzeko 10 euroak udalak. Beraz, 10 euro aurreztuko ditu erosketan bezeroak. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, bonuak eskuratu dituztenen %87 altsasuarrak dira eta gainontzeko %13a herrietakoak. Generoari erreparatuta, Iortia kultur gunetik bonuak jasotzera pasa zirenen %55 emakumezkoak ziren eta %45 gizonezkoak. 

Altsasuko Dendarien Elkarteko (ADE) presidente eta Gertu Sakanako bazkide Rebeca Alenek esan duenez, “aurreikuspenak oso onak dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu Altsasuko Udaleko talde guztiei proiektu hau abiatzeagatik. Guretako erronka da Altsasu osorako merkataritza berraktibaziorako kanpaina hau kudeatzea. Ez da gure bazkideendako bakarrik, baizik eta merkataritza gune guztiendako. Altsasu bonu guztiak trukatzea espero dugu, Altsasu eta Foru Ogasunarendako ona izango delako”.

Alenek azaldu du kanpainaren balorazio egiteko goiz dela. Hala ere, aurreratu duenez, “dagoeneko txartelak erabiltzeko joerak ikusten dira. Esaterako, senideek beraien bonuak elkartzen dituzte erosketan deskontu handiagoa lortzeko. Sustapenak aukera hori baimentzen du, txartelak ez baitira izendunak eta erosketa bakarrerako bonuak batzea baimentzen baita”. ADEko kideek, kanpaina despeditzean, bonuak gastatu diren aztertuko dute. Aldi berean, ADEk kontsumoari buruzko joerak eta pistak bilatuko ditu, baita herriko indarguneak eta ahulguneak zein diren ere. 

Kontsumo-bonuen kanpaina ADEk eta Altsasuko Udalak sustatu dute. Kanpaina horrek herriko ekonomian 184.000 euro sartuko ditu. Horietatik 46.000  euro Altsasuko Udalak jarriko ditu bonuetan, eta gainontzeko 138.000 euroak, berriz, hobaridun erosketak egin dituztenek. Javier Ollo Martinez alkateak adierazi duenez, “jendearen konpromisoa esanguratsua izan da”. Kanpainari buruzko argibideak elkartearen www.sakanakogida.eus jaso daitezke. 

Erlazionatuak