Eva Azpilikueta

"Kontatzen dugunak asetzen gaitu"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 28a, 12:39
Eva Azpilikueta aktore altsasuarra. UTZITAKOA

'Etxerik txikiena' antzezlana baino zerbait gehiago da aktore altsasuarrarendako. Bidean asko ikasi duela dio. Erriberri jaialdi "magikoan" izanen da bihar

Duela urte bat eta erdi inguru, Etxerik txikiena haur errefuxiatuen gaia jorratzen duen antzezlana mustu zuen Eva Azpilikueta aktore altsasuarrak. Erriberrin "bizi" da egun hauetan, izan ere, Etxerik txikiena antzezlana eskainiko dute bihar, garilak 29an, 22:00etan, La Cava espazioan, eta, gainera, beste proiektu batekin hasi dira.

'Etxerik txikiena' mustu zenutenetik, nolakoa izan da esperientzia?
Antzezlan honekin oso pozik gaude. Emanaldi asko atera zaizkigu. Prozesua ere oparia izan zen. Trebakuntza izugarria izan zen. Konfinamenduaren aurretik, mugak apurtu behar genituen, nolabait esateko. Nafarroako konpainioi asko kostatzen zaigu Euskal Herritik kanpo aritzea, baina, kasualitatez, aurten Kanarietara, Ibizako Jaialdira, Igualadara, Malagara eta abarretara joan behar ginen. Are gehiago, Granadako jaialdi batera gindoazela, dena ixten hasi ziren, eta alarma egoera hasi zen. Orain dena berrantolatzen ari gara.

Ez duzue ilusioa galdu.
Inola ere ez. Plazera da hau egitea. Kontatzen dugunak asko betetzen gaitu, eta bidean hainbeste ikasi dugunez, nahi dudana egiten ari naizen sentsazioa daukat. Etxerik txikiena berriro hastea modukoa izan da guretako. Lan egiteko beste modu bat izan da, aurrera begira ere mantenduko duguna. Ilusio handiarekin egin dugu.

Erriberrin eskainiko duzue. Zer ekarri dizue Erriberrin egoteak?
Guretako Erriberrin egotea beste opari handi bat da, are gehiago, egoera honetan. Ez dakigu gauzak aterako diren edo ez. Beraz, Erriberrirako deitu zigutenean, ilusio handia egin zigun. Erriberriko Antzerki Klasikoko jaialdian egotea ohorea da. Oso pozik gaude, gogoz. Gainera, Etxerik txikiena-ren bermustutzea bezala izango da. Itzulera.

Erriberrin egotea helburua da aktoreendako?
Aktoreendako dena da helmuga, areto txikiena ere bai. Kultur etxe txikiena ere guretako erronka da. Luxua da eramaten gaituzten leku guztietan gure istorioa kontatu ahal izatea. Baina, noski, Erriberriko jaialdiak badu izena. Berezia da. Eta egoera honetan jaialdia aurrera eramateak are bereziagoa egiten du. Dena dela, ni aurretik egona naiz. Duela urte batzuk mikroteatro batekin egon nintzen, eta badakit gazteluaren barruan interpretatzea zer den. Magikoa da. Beste konpainia batekin erresidentzia egin nuen ere. Aurten Yarleku konpainiak Etxerik txikiena-ren emanaldia eginen du, eta erresidentzia ere eman digute. Horrek esan nahi du proiekturen batekin hasteko dirulaguntza ematen digutela.

Lan bikoitza, beraz.
Oraintxe bertan, topera gaude. Konfinamenduan ikerketa lan izugarria egin dugu. Erresidentziara aurkezteko lan oso txukuna egin genuen, eta eman digute. Zuzendari itzela etorriko da: Maria Frias, Maria pa’ rato konpainiako aktorea. Txotxongilo eta objektu konpainia da. Berak objektuekin lan egiten du, eta beste urrats bat emanen dugu berarekin. Plazera da berarekin aritzea. Etxerik txikiena-rekin pausu handia eman genuen, eta honekin handitzen jarraitu nahi dugu. Ikertzen eta ikasten jarraitu nahi dugu, eta berritzen. Oso pozik gaude. Ikastea den guztia ona da.

Oraintxe bertan Erriberrin bizi zarete ia. Nolakoa da egun bat?
Ia, ez; Erriberrin bizi gara. Modu intentsiboan hasi gara. Proiektu berriarekin lehenengo kontaktua da. Gainera, erdi lokartuak geunden, eta berriz hasi behar izan dugu; mekanismoa berriz martxan jarri behar izan dugu. Oso inplikatuta gaude. Berriz lan egiteko desiratzen gaude. Gure lana maite dugu. Hala ere, aktore guztiek bezala sufritzen dugu ere, bilatzen galtzen garelako. Emozioekin lan egiten dugu, eta, batzuetan, barruko gauza asko mugitzen dira. Hortaz, batzuetan gogorra izaten da. Baina gustura gaude. Proiektuak ez dira hutsetik sortzen. Bide honetan ikasitakotik abiatuta, ikasten jarraitu nahi dugu. Bigarren aldiz lantalde bera ari gara lanean, eta oso polita da. Konfiantza handia dugu. Maialen Diazek idatzi du testua. Hemendik ez dakigu zer aterako den. Garrantzitsuena da emaitzara zuzenean ez joatea eta ikertzeko denbora izatea. Sormenezko lanak egiteko, ikerketarako denbora behar da. Hau lehenengo gerturatzea bat da.

Lan handia egiten duzue, beraz, ikuskizun bakoitzean. Nahiko baloratzen da?
Bokazio handiko lana da. Baina atzetik ordu asko, jende asko eta esfortzu handia dituen lana da. Energia handia eskatzen du. Batzuetan, baliabiderik gabe, hutsetik hasten gara. Baina borrokatzeko gogoa ematen dute sortzeko gogoak eta honetaz bizi nahi izateak. Proiektua kudeatzeko, laguntzak eskatzeko eta mugitzeko ahalmena ematen dute. Itxialdian, kultura beharrezkoa dela ikusi da. Gezurra dirudi administrazioa konturatu ez izana eta kultura ez zaintzea eta gehiago ez mimatzea.

Nolakoa da antzerkia egoera berri honetan?
Kulturan osasun protokoloak eta neurriak betetzen ari da. Askotan konparatzen gaituzte beste jarduera batzuekin, baina kulturan edukierak murriztu dira, publikoak derrigorrean maskara darama, kontrolak egiten dira… pena ematen digu jendeak beldurra sentitzeak. Kultura oso segurua da. Gauza hauek oso ongi antolatzen ari dira, eta lan handiarekin egiten ari dira, prebentzio handiarekin. Sentsazioa arraroa da. Oraindik ez naiz agertokira igo, eta ez dakit nola sentituko dudan publikoa. Distantzia egon behar du… baina oraindik ez dakit nola sentituko naizen.

Jaialdia dagoenean, giro berezia nabaritzen da Erriberrin.
Egia esan, ezin dut asko kontatu gu gure txoko horretan itxita gaudelako eta ez dugulako asko ikusteko aukerarik izan. Lagun batzuek emanaldia egin zuten, eta izugarrizko poztasuna izan zen. Aurten bereziki, alaitasuna handiagoa da, eta gogoa handiagoa da. Uste dut energia oso positiboa dagoela. Erriberrik zerbait berezia du. Magikoa iruditzen zait. Ukitu berezia du.

Inspirazioa hartzeko ere balio dezake, ezta?
Ikustea ikastea da beti. Konpainia bakoitzak estilo bat dauka; aktore eta zuzendari bakoitzak mundu bat erakusten du. Proposamen ugari ikusten dira. Antzerkia oso anitza da, eta estilo eta forma guztietatik zerbait har daiteke.

Ikerketa lana egiteko baliatu duzu itxialdia, zer moduz moldatu zara?
Nik oso gaizki pasa dut. Hasieran oso ongi hasi nintzen: proiektuarekin hasi ginen, eta lana aurreratu genuen. Baina lankideekin hitz eginez, ondorio berera heldu ginen guztiok: askatasuna kentzen digutenean, kasu honetan itxialdian, hain egoera surrealista eta arraroa izanik, sormenaren zaina nolabait itxi egiten da. Sortu nahi, baina ezin. Geure burua berrasmatu beharko dugula uste dugu. Gogorra izan da, blokeoa.

Nola dator etorkizuna?
Momentuz, datozen hilabeteetarako lana dugu, baina datorren urtera begira, etorkizun oso iluna dugu. Ezjakintasun handia dago, eta errespetua ematen du. Gu ez gara gelditzen. Orokorrean, gure lanbideak hori ere badu. Bere hasieratik aldarrikatzailea izan da, beraz, ezin gara gelditu. Borrokan jarraituko dugu. Gure ematearekin jarraitu nahi dugu; honetatik bizitzen jarraitu nahi dugu. Ilusioa ez da inoiz galtzen.

Erlazionatuak