Siemens Gamesa enpresak Agoitzen duen lantegia ixteko iragarpenaren eta enplegua erregulatzeko espedientearen aurrean Altsasuko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak adierazpena onartu zuen hilaren 9an. Udalak gogorarazi du enpresaren erabakiak 239 langileri eragiten diela. Horien artean 32 sakandar daude, eta haietatik 17 altsasuarrak dira.
Altsasuko Udalak onartutako adierazpenean, langileei babesa eta elkartasuna adierazi die. Horrekin batera, Altsasuko Udalak adierazi du ez dagoela ados ekoizpena deslokalizatzeko erabakiarekin. Eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio lan egin dezala, Trantsizio Ekologikoko Ministerioarekin, enpresarekin eta sindikatuekin batera, enpleguari eusteko eta Nafarroa energia berriztagarrien arloan erreferentziazko erkidego gisa finkatzeko.