Lanetarako 186.600 euro bideratuko ditu udalak

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 16:20
Eraikuntza enpresa bateko kamioia hilerriko atean.

Herriko hainbat kaletan eta hilerrian hobekuntza lanak bideratuko du diru hori.

Altsasuko Udalak kaleak eta udal-hilerria hobetzeko 186.000 euroko aurrekontu-aldaketa onartu zuen atzo. Zehazki bost kaletan eginen dira hobekuntza lan horiek. Batetik, Nafarroa kaleko zati bateko zoladura konponduko da, izan ere, Burunda eta Gipuzkoa kaleen artean dagoena egoera txarrean dago. Bestetik, Sorgingainbera kaleko edo Zubelzu aldapako zoladura aldatuko udala, egungo porlana asfaltoagatik ordezkatuz. Porlana irristakor dago eta udalak kexa ugari eta ondare-erantzukizuneko erreklamazioak jaso ditu gidarien eta oinezkoen aldetik. Horregatik, ibilgailuentzako itsaspen berezia  duen asfaltoa jarriko da kalean. Eta elurra kentzeko botatako gatzak egoera txarrean utzitako espaloiko hormigoia berritu eginen du.  


Bestetik, Altzania kalera ematen duen Kale Txikiren muturrean pasabide goratu bat jarriko da. 2016an egindako aparkaleku publikorako sarbidea izateaz aparte, bi denden artean egonen da zebrabide goratu berria. Eta hori ere bada arrazoia lan hori egiteko, aipatu kalea Altsasuko merkataritza-eremuaren barruan dagoela. Horretaz aparte, Erburua kaleko zoruak konpontzeko aparteko premia du, Zelai kalearen eta beilatokiaren arteko zatian eginen dira lanak. 

Azkenik, Altzania kaleko 18 eta 22 zenbakien arteko aparkalekuak aldatu eginen dira. Orain ibilgailuak lerroan aparkatzen dute, lerroan. Baina lanak egin ondoren baterian aparkatzera pasako dira. Horrela, Hirigintza Batzordeak 2019ko abuztuaren 22an emandako irizpena beteko da. Aldaketa hori egin ahal izateko egungo plazendako dagoen hormigoizko zoladura kendu eta dena asfaltatuko da. Gainera, dagozkion seinale horizontalak jarriko dituzte.



Hilerria
Kanpo santuko panteoien eremu zaharreneko kaleak berritzeko lanak eginen dira. Zorua hobetzeko lanekin batera, euri-urak bideratuko dituzte. Hilerriaren alde berriko korridoreetan lan horiek 2015ean egin ziren. Eta, beraz, aurten egindako lanekin hilerriko pasabide guztiak berrituta gerako lirateke. Kanpo santuan egindako azken lana 2016an izan zen, horma-hobi gehiago jarri zirenean.

Gehiago
Bilkura berean Altsasuko Udalak 12.000 euroko aurrekontu-aldaketa onartu zuen. Diru horrekin Intxaurrondo kaleko euri-urak behar bezala bildu eta hustu nahi dira, gaur egun sortzen diren ur-iragazketak konpontzeko. Lan horien finantzazioa finantza-erakunde batek Intxaurrondo kaleko 14-12-10ean kokatutako 40 etxebizitzako kanpoko urbanizazio-lanak egin zituen enpresa batek eta haren alde finantza-erakunde batek abala jarri zuten. Abal horrekin finantzatuko dira lanak. 

Azkenik, atzoko bilkuran udalak argi berdea eman zion 148.000 euroko aurrekontu aldaketa bati. Haren bidez, Dantzalekuko igerilekuetan konponketa lanak eginen dira.