Ezkabako ihesaldia gogorarazteko mendi irteera

Guaixe 2020ko abu. 20a, 09:49
Ezkabako gotorlekua.

Irailaren 5ean, larunbatean, gotorlekutik Saigotsera eta irailaren 6an, igandean, Saigoitsetik Urepelera. Zubirin lo eginen dute. Tokia erreserbatzeko lehenbailehen eman behar da izena.

1936ko estatu kolpearen ondoren Ezkaba mendi gaineko gotorlekua espetxe bihurtu zuten eta han errepublikaren aldekoak preso sartu zituzten. 1938ko maiatzaren 22an 2.487 preso zeuden. Egun hartan, iluntzean, 795 presok hanka egin zuten, Iparralderantz jo zuten. Baina zaindari batek ihesaren berri eman zuen. Azkenean 585 preso hartu zituzten, 207 hil egin zituzten eta 3 besterik ez zuten askatasuna lortu. 

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak gertakari hura gogoratuko du iraileko aurreneko asteburuan. Horretarako, GR 255 ibilbide luzeari segika Ezkaba eta Urepel arteko bidea eginen dute. 53 km-ak bi etapetan eginen dituzte. Zubirin lo eginen dute mendizaleek. Haiekin batera joan nahi dutenak, lehenbailehen eman beharko dute izena, lotarako lekua erreserbatu ahal izateko. 

Ibilbide horri eta gainontzeko irteerei buruzko informazio gehiago (trackak, wanpoints eta abar) nahi duenak www.altsasukomendigoizaleak.com web orria opatuko du. 

Erlazionatuak