Nafarroako Parlamentuak Ospa Eguna "irmo gaitzetsi" du

Guaixe 2020ko ira. 7a, 13:21
Nafarroako Parlamentua. Artxiboa.

Erakunde adierazpena Navarra Sumak eta PSNk aurkeztu dute eta haiek izan dira aldeko botoa eman dutenak. EH Bilduk kontrako botoa eman du, eta Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek 1. puntuaren kontra bozkatu dute, eta 2. eta 3. puntuetan abstenitu egin dira.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak erakunde adierazpena onartu du gaur, eta haren bidez “irmotasunez arbuiatu” du “Ospa Eguna delakoaren harira programatutako eta azkenean egindako ekintzak, helburu zutenak Guardia Civileko, Polizia Nazionaleko, Foruzaingoko eta Udaltzaingoko kideak eta haien senide eta lagunak jazartzea, iraintzea eta gorrotoa eragitea”.

Adierazpenak jaso duenez, “Ospa Eguneko ekintzak elkarbizitza askearen eta printzipio eta balio demokratikoen aurkakoak dira, pertsona eta talde guztiz errespetagarriak jazarriz eta irainduz herri bizitzatik kanpo uzten saiatzeagatik”. Azkenik, adierazpenak aipatutako segurtasun taldeetako kideei, senideei eta lagunei babesa adierazi die, “bereziki Altsasun eta Nafarroako gainerako herrietan lan egiten dutenei”.