Ospa: "Errepresioaren kontra antolatzeko eta borrokatzeko deia egiten dugu"

Guaixe 2020ko ira. 1a, 15:02
Ospa hitzak herrian barna zabaldu zigtuzten.

Errepresioaren kontrako borrokaren zilegitasuna eta beharrezkotasuna aldarrikatu zituen Ospa mugimenduak. “Errepresioak etenik ez duen moduan, horren aurkako borrokak ere ezin dezake geldiunerik izan”. Errepresioaren kontrako taldeak sortzera deitu zuen. 

Ospa mugimenduak antolatuta, “Zuek zarete birusa! Alde Hemendik!” lelopean, Ospa Eguna hartu zuen Altsasuk larunbatean. Arratsaldeko manifestazioaren bukaeran gaztigatu zuenez, “okupazio indarren erasoetatik defendatzeko behar ezinbestekoa da errepresioaren kontrako mugimendua”. Eta salatu zuten “Osparen kontrako jazarpena eta kriminalizazioa”. Adierazi zutenez, “Ospa Egunik nahi ez baduzue, armak entregatu eta disolbatu zaitezte. Bitartean, errepresioa salatu eta horren aurrean elkar babesteko mekanismoak sortzeko hautuan berresten gara”.

Ospako kideek beste behin errepikatu zutenez, “ofentsiba kapitalista baten testuinguruan errepresioaren kontrako mugimendua indartzeko garaia da. Errepresioaren aurrean elkartasuna adieraziz, elkar babestuz, errepresio indarrak desobedituz, zirikatuz, autodefentsa eraikiz, saretuz…”. Horretarako, ezinbestekotzat jo zituzten “antolakuntza eta borroka”. 

Mugimendutik aitortu zutenez, “errepresio indarrek funtzio sozial garrantzitsua dute” gizartean. “Kapitalismoak galbidera daraman gizarte hau organismo osasuntsu batean bilakatu nahi duen espresio borrokalariarekin akabatzeko funtzioa dute errepresio birusek”. Gizarte “osasuntsu” baten parte izan nahi zutela adierazi zuten Ospako kideek. “Horretarako, ezinbestekoa da izanen da birus horrengandik defendatzeko mekanismoak sortzen joatea”. 

Pandemiaz 
Aurtengo Ospa Eguna COVID-19 gaitzak markatu du. “Egoerak, jada, langileen bizkar erortzen hasi den ekonomia krisiaren etorrera azkartu du”. Ospako kideen iritziz, “eskubide politiko eta zibilen desagertze praktikoa ekarri duen salbuespen egoera ezarri digute, ekoizpenerako besterik balio ez duten automaten antzera tratatu gaituzte. Salbuespen egoeraren gordina langile klaseko sektore prekarioenek jasan dute”. 

Ospakoek gaztigatu dutenez, “betikoek jarraitzen dute boterean”. Gaineratu zutenez, “kapitalaren ofentsiba sakontzeko erabilia izan da pandemia. Estutzen dituztenak menpean mantentzeko geroz eta errepresio mekanismo indartsuagoak behar dira”. Bestetik, mugimendutik salatu dutenez, “zentzu horretan besterik ezin da ulertu hedabideek, politikariek eta errepresio indarrek beraiek salbuespen egoeran errepresio indarrak zuritzeko egin duten saiakera”. Eta konfinamenduan, txaloen garaian, segurtasun indarrak Iortia kultur guneko zabalgunera agertzea deitoratu zuten. “Zuek Euskal Herritik alde egiten duzuenean eginen dugu guk txalo”.  

Bestetik, Guardia Civilak Ospa Egunaren antolatzaileak salatu ditu. Batetik, “osasun segurtasun neurriak bete ez zirelako. Zehazki, parte-hartzaile askok ez zutelako musukorik erabili eta segurtasun distantziak ez errespetatzeagatik”. Bestetik, salatu ditu “Gobernu Ordezkaritzari ekitaldia aldez aurretik ez jakinarazteagatik”. Eta, azkenik, “martxan zehar Guardia Civilari zuzendutako keinu gordinengatik”. Bestalde, Foruzaingoko APF sindikatuak Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari “halako hitzorduaren aurrean ezer esan ez izana” leporatu die. 

Hospa 
Aurreko urteetan hedabide erdaldunek Ospa Eguna Ihesaren Eguna gisa itzuli dute. Real Academia Españolaren hiztegian Hospa sarrera dago. Han jaso denez, Hospa Kantabriako lagunarteko interjekzioa da, eta Oxte hitz parekidea ematen du, gutxi erabilia dela zehazten duena, zeinaren esanahia den: endredatzen, iraintzen edo mintzen duen norbait edo zerbait baztertzeko erabiltzen da.