J. Gasanz eta J. Bereziartua

"Gertukoekin harremana sendotzeko sekulako esperientzia izan da"

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 14a, 13:09

Gazte altsasuarrek 12 aldiz igo eta jaitsi zuten Bargagain, aurretik Axio Aranburu zenak egin zituen 11 aldiak gaindituz. Nahiz eta gogorra izan, esperientzia polita eta aberasgarria izan dela argi dute eta eskerrik beroenak eman dizkiete euren ondoan egon ziren lagun eta gertukoei

24 ordutan Altsasuko Gurutzeko igoeren errekorra lortzeko saiakera ongi atera zitzaien Jabi Gasanzi eta Jokin Bereziartu mendizale altsasuarrei. Duela lau urte Alpeetan zendu zen Axio Aranburu mendizaleak 11 aldiz egin zuen igoera eta jaitsiera, 16 ordu pasatxotan, eta Jabik eta Jokinek 24 orduko muga jarri zuten kopurua igotzeko. 21 ordu eta 33 minutu behar izan zituzten 12 igoera egiteko. 

Ostiralean 19:00etan hasi zenuten erronka, sekulako beroarekin, baina gero eguraldia zeharo aldatu zuen, asko hoztu zuen. Zer moduz etorri zitzaizuen aldaketa?
Jabi: Igual hobeto.
Jokin: Eguraldiarena oso kuriosoa izan zen. Hasieran beroa zegoen, 30 gradu zeuden arratsaldeko zazpietan. Goizeko laurak arte tirantedun kamisetarekin aritu ginen, baina goizeko zazpietan kristoren hotza zegoen.
Jabi: Ipar haizea sartu zen, lainoa sartu eta hor hasi ziren miseriak...

Zuen estrategia igoera eta jaitsialdi bakoitza gutxi gorabehera ordu eta erdikoa izatea izan zen. Ongi atera zitzaizuen?
Jabi: Estrategia aldatu egin behar izan genuen. Hasiera batean igoerak oso motel egin genituen, eta jaitsierak azkar. Baina igoerak eta jaitsierak egin ahala, konturatu ginen igoeratan gehiago estutuz, atseden tarteak gehiago luzatuko genituzkeela. Hortaz, igoeratan gehiago estutu genuen. 

Gauean zenbat igoera egin zenituzten?
Jabi: Goizeko zazpiak arte 7 igoera eta jaitsiera egin genituen. Hori izan zen, akaso, unerik okerrena. Eguzkia atera eta pentsatzen guaindo okerrena gelditzen zela.. 

Biak erritmo berean joan zineten? Edo uneren batean bateon batek beherago egin zuen besteak baino?
Jabi: Ez, nahiko pareko egon ginen..  
Jokin: Igoeretan ongi aritzen ginen eta jaitsiera suabe-suabe egiten genuen, hankak ez kargatzeko.  Iritsi zen une bat non zenbat jaitsiera geratzen zitzaizkigun kontatzen genituen, ez igoerak. 

Axio Aranburuk 11 igoera eta jaitsiera egin zituen, hori zen aurreko errekorra. Noiz berdindu zenuten?
Jokin: 18-19 ordu pasa aldera, arratsaldeko ordu biak inguruan. Orduan pentsatu genuen orduak sobera genituela eta lasai egingo genuela 12. eta azken igoera, deskantsatuz, suabe-suabe. 

Hortaz, ez zineten 24 ordutan ahalik eta igoera gehien egitera joan, baizik eta 11ko errekorra gainditzera.
Jokin: Ez, argi genuen 12 egitera aterako ginela, ez gehiago egitera. 
Jabi: 13 egiteko denbora sobera genuen, baina argi genuen ezetz. 

Esperientzia gogorra izan da? Une gozoak bai, baina beheraldiak ere izango zenituzten. 
Jabi: Nik beheraldi bakarra izan nuen eta izan zen goizeko seiak aldera. Gora iritsi ginen, pixkat hoztu nintzen eta une batean pentsatu nuen: “zertan ari naiz hemen?” Baina minutura animatu nintzen:  “6 daramatzagu, eta amaitzera. Hona iritsi bagara, egurra!”. 

Zuek bi zineten, baina halako erronka bat bakarrik egitea, aurretik Axio Aranburuk, Enekok eta beste hainbatek egin zuten bezala, gogorragoa izango da, ez?
Jokin: Askoz gogorragoa. Gu bi ginen, eta eskerrak uneoro jendearekin egon ginela. Igoera guztiak jendearekin egin genituen. Hori eskertzekoa da; hitz egiten zoaz, animoak ematen dizkizute… erronkaz beraz ahaztu egiten zinen. 
Jabi: Uneoro lagunekin eta jendearekin egin genituen igoerak. Esaterako, Tasiok, koadrilako batek, 5 aldiz egin zuen bidea gurekin, Aguraingo bat beste 5 aldiz igo zen gurekin, Etxarriko bat beste 4 aldiz… Jende askoren babesa izan genuen.  
Jokin: Goian koadrilakoak zeuden, hor pasatu zuten gaua, eta behean koadrilako neskak. Eta gurekin igo zirenak hor zeuden ere. Eskertzekoa da, bestela ez dakit lortuko genukeen. 
Jabi: Bai, hemendik eskerrik beroenak ematen dizkiegu. 

Gaua izan zen, akaso, gogorrena?
Jabi: Nik uste gogorrena gauean egin genuen azkeneko igoera izan zela. Ipar haizea sartu zen eta lainoa, eta gainera frontalarekin eta lainoarekin pantaila efektua egiten zuen eta oso gutxi ikusten zen. 
Jokin: Baina momentu onak ere bai. Gaueko 12:00etan 12 pertsona igo ginen batera Bargagainera. Horrek animoak ematen zituen. 
Jabi: Iturmendiko eta Urdiaingo gazte dezente agertu ziren bidean, eta kristoren animoak eman zizkiguten. 

Beraz, giro polita egon zen Bargagainen.
Biak: Bai, jende pila egon zen ikusten eta animatzen, eta eskerrak. Oso giro ona egon zen. 

Zer jan zenuten?
Jabi: Ez dago sekreturik: makarroiak, arrotza, Aquarius, Coca Cola, barritak, gelak, gatz batzuk, magnesioa, ura... Gelak gutxi, egia esan. 
Jokin: Nire gurasoak egon ziren kozinatzen. Salda ere egin zuten, eta gauean oso ongi etorri zitzaigun gorputza berotzeko. 

Momenturen batean erronka uzteko tentazioa izan zenuten?
Jokin: Ez. Momenturen batean pentsatzen zenuen: oraindik 5 geratzen zaizkigu... baina koadrilakoak ikusten zenituen eta pasatzen zitzaizun. Animatzen ginen. 
Jabi: Hainbeste jende mugituta, eta genuen gogoa kontuan izanda, ezinezkoa zen erronka uztea. Gainera, ordu pila bat soberan genituen, beraz, nola edo ahala egin beharra genuen. 

Arratsaldeko zazpiak arte egon zineten Bargagainen edo 12. igoera egin eta gero erretiratu zineten?
Jabi: Azkeneko igoera, hamabigarrena, lau eta erdiak aldera amaitu genuen, eta kuadrillakoekin eta han bildutakoekin han egon ginen tarte batean. Jende pila bat egon zen azkeneko igoeran, 40 inguru; argazki batzuk atera genituen, suziria jaurtiki, eta laster guztia bildu eta herrira jaitsi ginen. 

Herrian 12 igoerak ospatu zenituzten? Gorputza horretarako al zenuten?
Jokin: Etxera iritsi, dutxatu, zerbait jan, eta poteatzera atera ginen. Baina gaueko bederatzietan erretiratu nintzen, sekulako logurarekin. 
Jabi: Nik 2 kaña hartu nituen, eta erretiratu nintzen. 

Sekulako agujetak izango zenituzten hurrengo egunean, ez?
Jokin: Harritzekoa, baina ezta bat ere. 
Jabi: Nik uste nuen jota egongo nintzela, baina bi egunetara ia-ia berri. 
Jokin: Eta hori kilometro pila atera zitzaizkigula, 70 km inguru, eta 7.200 metro desnibel positibo. 

Hortaz, ia-ia Everestinga egin zenuten…
Jokin: Bai... (kar kar).

Lasterketarik ezean, halako erronkak egiten jarraitu beharko duzue hemendik aurrera?
Jabi: Halako erronkak gogorrak dira. Oraindik 20 urte ditugu, ez gaude prestatuta.
Jokin: Bargagainerako ez genuen prestaketarik egin eta...
Jabi: Momentuko burugogorkeria bat izan zen (kar, kar...), badakizu, poteoan muturra berotu, eta horrela atera zen.  

Beraz, zer esan daiteke esperientziaz?
Jabi: Prestaketa minimo bat izan behar dela halakoak egiteko.
Jokin: Guk gehienez lau orduko entrenamenduak egiten ditugu, eta halako erronka baterako entrenamendu luzeagoak egin behar dira, intentsitate gutxiago eta ordu gehiago. Dena den, esperientzia polita eta aberasgarria. 
Jabi: Bai, kuadrilakoekin eta gertukoekin harremana sendotzeko sekulako esperientzia izan da. 

Axio Aranburu zena gogoratzeko aukera polita izan zen ere. 
Jabi: Bai, pena da Axio hemen ez egotea, baina… mendiaren beste aldea da gertatu zitzaiona. 

Nafarroako Federazioan, zuen artean… zer komentatzen da mendi lasterketez? Noiz hasiko dira jarraikortasun batekin?
Jokin: Zaila da egoera honetan lasterketa bat antolatzea. Segurtasun neurri asko eskatzen dituzte eta azkenean zaila da guztia bermatzea. Tritoiena ospatu zen, nik parte hartu nuen, gustura, eta oso pozik. Proba maskararekin hasi behar izatea, tenperatura neurketak, korrikalarien arteko distantzia... normaltasun berria.