Ezkila-errepikak akabo

Guaixe 2020ko ira. 14a, 13:48
Belen Rubio, Josu Larrea Martinez eta Felix Martinez.

Hurrengo urtera arte ez da eguerditan errepikarik izanen.

Maiatzaren 3an hasi eta irailaren 14an bukatu. Gurutzetik gurutzera ezkila-errepikak jo dituzte eguerdiro Altsasun. Gaurkoa, azkena, ia 20 minutuko iraupena izan du. Jesus Irisarri Garasa, Felix Martinez Mazkiaran eta Belen Rubio Urizar izan dira atzeneko eguneko jotzaileak. Asier Beramendi, Mikel Santamaria eta Iñaki eta Jesus Bengoetxea ere izan dira haiekin batera jotzen udaberrian eta udan. Gainera, agorriletik aurrera, Felixen iloba Josu Larrea Martinezen (14 urte) laguntza ere izan dute . Ikustera igotzen zen hasieran eta ezkila txikien ardura hartu zuen gero. Gurutzetik gurutzera dauden 134 egunetatik ezkila errepikak soilik bitan huts egin dio eguerdiko hitzorduari. Huts egin duena Enrike Zelaia izan da. XX. mendeko 70eko hamarkada hasieran errepika berreskuratu zenetik, estreinakoz aurten ez du parte hartu, baina jotzaile gaztea taldera batzeak poztu du. 

Ezkila-joleek gaztigatu dutenez, kanpaia ertaina konpondu beharra dago. Bestetik, ezkila-dorrea usoak ez sartzeko eta bertan kakik ez egiteko sarea jarri zen 2011n. Kanpai-dorrean mendebaldean dagoen sarea dagoeneko hautsi da. 

Gehiagotan 
Garai batean ezkila errepika urteko beste bi egunetan jotzen zela azaldu dute Rubiok eta Martinezek. Alde batetik, Urteberri-egunean, 20:00etan, Gure Etxea eraikinean auzatea zegoen bitartean. Auzatean gaur egun kantuan aritze dira altsasuar batzuk. Beste errepika Santa Ageda bezperan jotzen zen, otsailaren 4an. Kintoak mezatik atera ondoren herrian barnako kalejira egiten dute. Garai batean kalejirak irauten zuen ordua ezkila-errepika izaten zen. “Besoak neka-neka eginda bukatzen genuen”, gaztigatu du Martinezek. 

Erlazionatuak

Ezkilak saretan hartuta

Guaixe 2011 uzt 07 Altsasu