Parlamentuak atzoko istiluak gaitzetsi ditu

Guaixe 2020ko ira. 14a, 14:10
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordearen bilerako unea.

Herritarren erantzukizun indibiduala eskatu duen erakunde adierazpena onartu du.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Altsasun atzi izandako istiluak gaitzetsi ditu; “bai eta kalte materialak eta pertsonalak eragiten dituzten antzeko indarkeriazko adierazpenak ere”. Horrekin batera, batzordeak berretsi du “herritar guztien banakako erantzukizunerako deia, agintariek ematen dituzten osasun-neurriak errespetatzeko, COVID-19aren pandemiari eta bizi dugun osasun-krisi larriari aurre egiteko”. 

Erakunde adierazpena PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk aurkeztu dute. Harekin bat egin dute Navarra Sumak eta I-Ek. EH Bildu aurreneko puntuan abstenitu egin da eta bigarrenaren alde bozkatu du.

PPren adierazpena 
Nafarroako PPk gaitzetsi egin du Altsasun igande goizaldean Guardia Civilak, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak “jasan zuten erasoa; izan ere, ehunka pertsonak harriak, botilak edo aulkiak jaurti zituzten polizia-ibilgailuen aurka, agenteak Foruen plazan makrobotelloi bat sakabanatzera zihoazenean”.

Popular nafarren presidente Ana Beltraken esan duenez, “asteburuan Altsasun bizi izandakoa bezalako gertaerak ez dira kasualitatea. Nafarroan Estatuko erakundeen aurkako gorroto kanpainekin Pedro Sanchezen eta Maria Chiviteren Gobernuaren permisibitatearen oihartzunak dira”. Buruzagi 'popularrak gaitzetsi du PSOEk gidatutako Espainiako Gobernua eta PSNk gidatutako Nafarroako Gobernua “segurtasun indarren aurkako jazarpena txalotzen duten alderdien eskutik” joaten jarraitzen dutela. “Bateraezina da Estatuko erakundeak defendatzea eta, aldi berean, zuritzea eta suntsitzea bilatzen dutenen eskutik joatea”, argudiatu du.

Beltranek ohartarazi duenez, "Nafarroako Segurtasun Indar eta Kidegoen aurkako jazarpen ekintza onartezinen aurrean, egiten duten lanagatik eta ahaleginagatik gure babesa eta esker ona erakusten jarraituko dugu. Are gehiago Altsasun, Espainiarekin zerikusia duen guztia gorrotatzen duen udalerri batean. Gorroto, erradikaltasun eta indarkeria hori oraindik ere egotearen errudunak dira, Altsasun eta Nafarroan gobernatzen dutenak, horretarako baimena ematen eta onartzen dutelako, eta batzuetan animatu ere egiten dutelako, beti ere borreroen alde jarrita biktimen alde baino" gaineratu du.

Erlazionatuak