Garilaren 3an, kartzelan 1328 egun preso egin ondoren 3. graduarekin atera ziren kartzelatik Adur, Jokin eta Oihan. Udaletxe parean dagoen kontagailuak egun hartan gelditu zuen bere zenbaketa, 1328an. Eta ostiralera arte horrela egon da, eta hura aldamenean dutela turista askok egindako argazkietan kopuru horrekin ageri da.
Altsasukoak Aske herri plataformak zenbaketaren definizioa aldatu beharra ikusi zuen Adur, Jokin eta Oihan kalera ateratzean. Beraz, kartzelatuta egunen ordez, auzipetuak zigorpean dauden egunak kontatzera pasa da. Aldaketa egitea kosta bada ere, ostiralean markagailu berritua, atzera ere, udaletxe parean jarri zuten. Haren arabera, Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 1401 egun daramate zigorpean eta 867 Aratz, Iñaki, Jonan eta Julen. Azken bi horiek dira 2. graduan preso gelditzen diren bakarrak. Horregatik, ez-festetan egindako kontzentrazioan bereziki biak izan zituzten gogoan. Azkenik, Ainarari ezarritako hainbat neurri murriztaile dagoeneko kendu dizkiote.