Euskaraz eta ETB1n. Fikziozko edukiak gure hizkuntzan ikusteko eskaerak gero eta oihartzun handiago hartu du. Urte bukaerara arte Euskal Telebistaren lehen katean hiru telesail ikusteko aukera izanen da: Koldo Almandozek zuzendutakoa eta Hondarribiko alardeari eta Altsasuko auziari buruzkoak. Lau ataletako telesailak izanen dira. Guztira dozena bat ordu. Altsasuko auziari buruzko telesailaren zuzendaria da Asier Urbieta San Martin da zuzendaria. Esan duenez, “bazen ordua! Eskertzekoa da fikzioa euskaraz egiteko egiten ari diren ahalegin hori”. Gaineratu duenez, Hondarribikoaren eta Altsasukoaren kasuetan ETBk “aktualitateari lotutako gaiak aukeratu ditu telesailak egiteko”.
Urdietak aitortu duenez, “lau urtetan gertatu dena lau kapitulutan laburbiltzea, erronka handia da. Gainera, benetako historia denez, gertatutakoarekin ardura handia dugu”. Horregatik, egin zuten aurreneko gauza “ahalik eta dokumentazio lanik sakonena” egitea izan zen. “Gero erronka izan da hori guztia laburbiltzea hain denbora gutxian”. Urbietak azaldu duenez, telesailari “pertsonaien emozioetatik helduko” diote. Gaineratu duenez, “argi dago hau injustizia handi bat izan dela. Guk gehien bat pertsonetan oinarritzen gara. Nola bizi izan duten beraiek auzi hau; zer sentitu izan duten. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela berriro gerta ez dadin”.
Zuzendariak azaldu duenez, protagonistekin harremanak izan dituzte. “Proiektua eskatu zigutenean, lehenengo ahalik eta gehien dokumentatu ginen. Eta hortik aurrera, gazteekin elkarrizketatu ginen”. Ez guztiekin, garai hartan Adur, Oihan, Jokin, Jonan eta Julen kartzelan zeudelako. “Kasu horietan haien gurasoekin hitz egin genuen. Gero izan dugu aukera Adur, Oihan eta Jokinekin hitz egiteko; baina Jonanekin eta Julenekin ez”. Haiekin eta gurasoekin izandako elkarrizketak hartu dituzte oinarri gisa.
Erronkak
Altsasuko auziak aurki lau urte beteko ditu. Baina telesailak aurreneko biak besterik ez ditu jasoko. “2018ko epaiketarekin bukatzen da. Beraz, telesailak ez du akabera zoriontsurik izanen, zigortu egin zituzten eta bukaera ez da oso zoriontsua”.
Urbietak azaldu duenez, “oso telesail konplexua da pertsonaia asko dituelako. Gazteak dira protagonistak. Gurasoak ere badaude. Herria ere badago, guardia civilak, Espainiako boterea, epaileak, abokatuak… Eta figurazio aldetik masiboa da, herriaren erantzuna oso handia izan zelako. Kaleak betetzeko jende asko behar dugu”. Gaineratu duenez, “oso konplexua da kontatu duguna”. Obra koral horretan hainbat aktorek parte hartuko dute. Zuzendariak ez digu izenik eman nahi izan eta horren ordez jolasa proposatu du: aktoreak herrian ikustean pentsa dezatela zein pertsonaia jokatu dezakeen.
Grabazioa astelehenean hasi zen eta lastailaren 23an despedituko da. Gure etxea eraikina, gimnasioa, hilerria, pisu bat… Lantaldeak lokalizazio horietan grabatu du aste honetan. Bost astetan ariko dira grabatzen eta telesail gehiena Altsasun bertan grabatuko dute. “Garrantzitsua iruditzen zaigu lokalizazio errealak izatea”. Altsasuko auziko gertaerak eguneko edozein ordutan izan ziren eta horrek grabazioari ere konplexutasuna gehitu diola esan du zuzendariak: “gau eta egunsenti asko dauzkagu, ilunabarrak… Gure lan ordutegia ez da zortzi ordutakoa izanen. Nahiko eroak dira gureak”.
COVID-19 garaian grabatzea ere erronka izanen dela aipatuta, zuzendariak esan duenez, “horrekin ahaztuta nago. Hainbeste erronka ditugu! COVIDa ekuazioan sartzen badugu, agian ez nuke lorik eginen”. Osasun agintariek emandako neurriak beteko dituzte grabazioak irauten duen bitartean, “eta espero dezagun inolako konplikaziorik ez izatea”.
Lantaldeak grabatzeko denbora gutxi izanen du. Baina irudiak muntatzeko ere “apenas izanen dugu denbora”. Urbietak jakinarazi digunez, ETB1ek aurten eman nahi du. Abenduaren 7an, astelehenean, mustuko litzateke telesaila. Hurrengo hiru astelehenetan emanen lituzkete gainontzeko atalak, abenduaren 14an, 21ean eta 28an. Telesaila ETBren eta TV3ren arteko ekoizpena da eta telesaila Katalunian ere ikusiko dute. “Guri gustatuko litzaiguke ahalik eta toki gehienetan erakustea, ahalik eta jende gehienak historia hau ezagutu dezan”.