Altsasuko auziagatik preso dagoen Jonan baimenarekin atera zen kartzelatik eta Julenek ere aste honetan gauza bera eginen du. COVID-19 gaitzak sortutako pandemiagatik, baimenarekin ateratzen diren presoak kartzelara bueltatzerakoan isolamenduko moduluan 10 eguneko berrogeialdia pasa behar dute. Akaberan gaitza duen proba egiten diete eta negatiboa ematen badute beraien ohiko modulura eramaten dituzte. Hori jakinik, Jonan eta Julen ahalik eta irteera baimen gehien pilatzen saiatzen ari dira irteera bakoitzean. Esaterako 3 eguneko bat 6 eguneko beste batekin lotzen dute. Baina halako baimenak izateak presoendako ere lotura bat badakar: bitan joan behar dute poliziarengana eta beste behin kartzelan aurkeztu beharra dute.
Bestalde, hilaren 12an Zaballako kartzelako 4. moduluan Leitzako 32 urteko preso batek bere buruaz beste egin zuen. Modulu horretan daude preso Jonan eta Julen. Heriotza gertu ikusi zuten eta hunkituta gelditu ziren. Altsasu Gurasoak taldeko kideek nabarmendu dutenez, “kartzeletan medio gehiago behar dira”.