Julene Mazkiaran

"Fibromialgia gaixotasun estalia da; ez da erraza onartzea gaitz hori duzunik"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 5a, 15:11

Fibromialgia eta halako gaixotasunak dituztenei jarduera fisikoko ikastaroa ematen 7 urte daramatza Julene Mazkiaran Aramendi altsasuarrak, Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Euren bizi kalitaterako oso ona delako, bertan izena ematera animatu ditu sakandarrak

AFINA elkarteak (Asociacion Fibromialgia de Navarra), Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren, Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Irurtzungo Udalen eta Sakanako Osasun Etxeen  laguntzarekin, aurten ere fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa antolatu du. Ikastaroak urrian hasi berri dira, baina oraindik ere izena eman daitekeela azaldu du Julene Mazkiaran Aramendi kiromasajistak.

Noiztik zara fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoko irakaslea?
Kiromasajista naiz. Kiromasajista eta Kiromasajean Teknikari Espezialista ikasketak ditut. AFINA-tik deitu ninduten, ikastaroa nire gain hartuko nuen proposatzeko eta jada 7 urte daramatzat. AFINA ikastaro hau aurretik antolatzen hasi zen, duela 11 urte inguru. 

Fibromialgia, Neke Kronikoaren Sindromea, Sentiberatasun Kimiko Anikoitza... izen potoloa duten gaixotasunak dira.
Bai. AFINA-k hiru gaitz horiek lotzen ditu. Batzuetan bata bestearekin daude erlazionatuta. Ez guztiek, baina pertsona batzuek fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromea izaten dituzte batera. 

Zer da fibromialgia?
Labur esanda, lotailuak, giharrak eta tendoiak mintzen dituen gaixotasuna da. Nekearen sentsazioa sortzen du, eta minberatua egotearen sentsazioa. Medikuek, gaixotasun honen diagnostikoa egiteko, gorputzean min ematen duten 18 puntu bilatzen dituzte. “Punto gatillo” izenarekin deitzen diete puntu hauei, eta bizkarrezurrean, lepoan, bizkarraldean, gerrian, ukondoan, belaunetan, aldakan... bilatzen dituzte. Medikuak mina ematen duten 18 puntu baino gehiago aurkitu baditu, pertsona horrek fibromialgia duela diagnostikatuko du. Adibidez, niri lepoa edo bizkarra ikutzen badidazu, ziur puntu hori aurkituko didazula, hor pilatzen zaidalako tentsio guztia. Fibromialgia dutenei, lepoan ukitu eta min hori dute, ukondo ondoan ere mina dute... 18 min puntu badituzte, fibromialgia dela kontsideratzen dute medikuek. 

Sendatzen da?
Gaixotasuna ez da sendatzen, soilik arindu daiteke, eta arintzeko soinketa edo ariketa fisikoa egin behar dute, eta elikadura egoki bat izan. Elikadura oso garrantzitsua da, dietak jartzen dizkiete. Ez da erraza. Gaixo hauek tarteka krisi une batzuk izaten dituzte. Esaterako, egun batean ukondoan sekulako minarekin jaikitzen dira, hurrengo egunean mina dute belaunean, edo batzuetan gorputz atalak puztu egiten zaizkie, hanturak izaten dituzte. Ez da erraza gaixotasun hau duzula onartzea. Gaixotasun estalia deitzen zaio. Mina dutela esaten dutenean sarritan kexati batzuk direla uste du jendeak, edo alferrak direla.

Gaixotasuna ezagutu ahala, ez da pertzepzio hori hobetu? 
Oraindik osasun arloan ez dakit gaixotasun bat kontsideratzen duten. Nik nire zalantzak ditut. Sarritan gaixoa espezialista ezberdinetara bidaltzen dute. Edo medikuak pilula batzuk ematen dizkie mina kentzeko eta antiinflamatorioren bat hantura kentzeko. Honek momentuko mina edo hantura arintzen du, baina ez dakit gaixotasuna bere osotasunean kontuan hartzen den. Hau bukatzen ez den soka da. Izan ere, min horrek pertsona hori depresiora edo antsietatera eramaten du, nekeak jota uzten du, ez dio ariketa egiten uzten… Eta oso zaila da zirkulu horretatik ateratzera. 

Gaixotasun hauek gehienbat jende helduak dauzka?
Asko helduak dira, baina gazteak ere badaude, nik baditut ikastarora datozen gazte batzuk. Gazteek beste modu batera eramaten dute, normalean aurretik ariketa fisikoa egin dutelako, eta zentzu horretan beraiendako ez da zaila ariketa egiten hastea. Aldiz, heldu gehienek ez dute aurretik soinketarik egin. Paseo bat, gehienez, edo mendira joan. Orduan gehiago kosta zaie ariketak egitea. Eta minak asko eragiten die. Sarritan diote “gaur ez nago ondo, gaur ez noa soinketara” eta horrela ez da euren egora konpontzen; are gehiago, gaizki daudenean ikastarora joatea askoz hobe da. 

Fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoko ikastaroan zer lantzen duzue?
Klasea ordu eta erdikoa da, astean bi egun. Lehenik eta behin automasajea lantzen dugu, gorputza berotu eta prestatzeko, eta duten min hori arintzeko. Automasajearekin beraiei ere baliabideak eman nahi dizkiet, gero beren etxean daudenean egin dezaten. Haur bati ez diogu erakutsi behar erortzen denean zer egin behar duen: instintuari jarraituta, haurrak mina duen tokira eramaten ditu behatzak, eta min hori arintzeko behatzak sartzen ditu. Urteak pasa ahala galdu egiten dugu instintu hori. Automasajea da min hori arintzea, baina ez suabe-suabe, baizik eta behatzak ongi sartuta. Odola arinduko dugu horrela. Gero luzaketak egiten ditugu, suabe, jakina. Yoga ariketak sartzen dizkiet, Tai Chi ariketa batzuk, Pilates, mota ezberdinetako ariketak… Gurea ez da ariketa fisiko gogorra egiteko klase bat. Beraiek ezin dute. Ariketa suabeak behar dute izan, gorputza guztia mugitzeko, baina modu ez bortitzean. Ondoren oreka eta indarra lantzen ditugu, eta azkeneko unean, erlaxazioa. 

Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun dira klaseak, ezta?
Bai. Irurtzunen goizez, Kultur Etxean, asteartetan eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara. Altsasun, Zelandi kiroldegian, asteartetan eta ostegunetan, 14:00etatik 17:30era. Eta Etxarri Aranatzen arazoa dugu. Osasun Etxean ematen genituen klaseak, baina COVID-19 dela eta, orain ezin dira bertan ikastaroak eman, eta beste aukera batzuk aztertzen ari dira klaseak emateko. Gauzak ongi eta tokia zehaztu bitartean, astelehenetan eta asteazkenetan izanen dira, 16:00etatik 17:30era. Urriarekin batera hasi dira klaseak. 

COVID-19 pandemia dela eta, jende gutxiagok eman du izena?
Nabaritu da, jendeak beldurra du. Nik ulertzen dut, baina beldur berdina dut erosketak egitera joaten naizenean edo kafe bat hartzera noanean. Egia da egoera ez dagoela ondo. Birusa hor dago, baina ezin gara etxean gelditu. Joan den urtean Altsasun 10 ikasle nituen eta aurten 4rekin hasiko naiz. Irurtzunen 5 ikasle izango dira eta Etxarri Aranatzen iaz 2 ikasle nituen eta aurten 3k eman dute izena. Jakina, segurtasun neurriak hartu ditugu. Ikasleak distantziara jartzen ditut, bakoitza punta batean, eta orduan, kirola egiteko orduan kenduko dituzte maskarak. Aldiz, nik maskara erabiliko dut uneoro. Eskuak garbituko ditugu, distantziak mantendu, eta bakoitzak bere koltxoneta, ur botila eta bere gauzak eramango ditu.

Norbait animatzen bada ikastaroan izena eman dezake?
Jakina, Mankomunitateko Kirol Zerbitzura hots egin dezala lasai asko (948 464 866). Ikastarora ez datoz bakarrik fibromialgia eta halakoak dituztenak, baita ere beste kiroletan beren tokia aurkitzen ez duten pertsonak, gaixotasun ezberdinak dituztenak, ebakuntza baten ondoren indarra berreskuratzera datozenak… denetatik. Behin ikasle bat izan nuen hasi zenean ez zuena indarrik. Eta indarra eta oreka berreskuratzea eta muskulu masa berreskuratzea lortu zuen. Berak uste zuen ez zuela lortuko, baina lortu zuen. 

Hortaz, ikastaroari onurak ikusten dizkiote.
Bai, baina denbora behar da. Ikastaroa sortu zenetik urtero etortzen den ikasle bat dut. 11 urte eramango ditu. Bera ezin zen supermerkatuko beheko apaletaraino makurtu, eta iaz poz pozik esan zidan lortu zuela. Halakoak lortzeko konstantea izan behar zara eta urteak pasa behar dira...

Beraz, urteroko martxa beharko luke ikastarora joateak. 
Bai. Emakume honek ez du utzi, urtero jarraitzen du, eta horri esker bizitza kalitate jakin bat du. Kalitatea lortzen da, baina bakoitzak beretik jarri behar du. Nik ezin diet nire ikasleei animorik eman; beraiek jarri behar dute gogoa eta beren alea. Bestetik, taldean egoteak beti ondo egiten du. 

Kiromasajista zara, baina psikologikotik asko izanen du ere ikastaroak.
Topera, zer esango dizut (kar, kar…). Gure gaitzak eta kezkak beste batzuekin konpartitzeak laguntzen gaitu. Munduan bakarra ez zarela konturatze horrek. Dena barruan gordetzen badugu, zakar poltsa egiten dugu. Ixilean gordetzen diren gaixotasun hauek zuk bezalako sentipenak dituenarekin konpartitzea errazagoa da. Jendea ezagutzen da eta harremana dute. Oso pozik nago hiru herrietan. Talde oso ezberdinak dira hirurak, baina talde onak. Etortzen diren gehienak emakumezkoak dira. 

Beraz gizonezkoak, emakumezkoak, gazteak, edadetuak… guztiak animatuko ditugu ikastaroan izena ematera.
Bai, anima daitezela, oso ongi etorriko zaie. AFINA-k gaixo dagoen jendeari euren bizi kalitatea hobetzeko irtenbidea eman nahi die. Nafarroa osoan 20 pertsona gaude gaixo hauekin ariketa fisiko espezifikoa lantzen, baina zerbitzu horretaz gain AFINA-k beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu: psikologoak, nutrizionistak, abokatuak...

Ziur ondo pasatzen duzuela.
Bai. Nik harreman oso politak egin ditut; oporretan deitzen naute ea zer moduz nagoen galdetzeko, nik zer edo zer dutela jakiten badut ere hots egiten diet… azkenean harremana estua izaten da gureak talde txikiak direlako. Eta hori beste plus bat da, jende anitza ezagutzen duzulako. Jendea animatzen dut, bere osasunerako ona delako.