Iparraldeko Autobiako zorua berrituko dute

Guaixe 2020ko urr. 15a, 12:03

Errepideetako zorua konpontzeko makinen ilara aparkatuta autobiaren ondoan.

Bideen segurtasuna eta erosotasuna handitzeko lanak datozen asteetan eginen dira.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak Iparraldeko Autobian (A-1) bide-zorua sendotzeko lanak eman ditu eta aurki hasiko dira konpontzen. Zirkulaziorako azalera seguruagoa eta erosoagoa ematea da asmoa. A-1 autobidean Gasteizko noranzkoko galtzadan 400+500 eta 400+900 puntu kilometrikoen artean eginen dira lanak. Murgilgo tunelen iparraldean dagoen tartea da, NA-1000 errepide gaineko zubia hartzen du. Eremu batzuetan errodaduraren gainazalean kalteak eta irregulartasunak hauteman dira, eta, kasu batzuetan, materiala altxatu eta zuloak sortzen hastea dakar horrek.

Lanak Asfaltos de Biurrun, S.A. enpresak eginen ditu 640.000 euroren truke. Konponketarako, beharrezkoa da zoladura fresatzea eta birjartzea gehien hondatutako zatietan, eta errodadura-geruza bat zabaltzea nahasketa bituminosoekin, erregularizazio eta fresatze eremuetan. Gainera, zabalduko den asfaltoa ezaugarri drainatzaileak eta zahartzearekiko erresistentzia handiagoa izanen ditu, plubiometria eta trafiko handia dagoelako; batez beste 16.263 ibilgailu pasatzen dira egunean, eta horietako hirutik bat ibilgailu astuna. Obren barnean, dagozkion itsaspen-ureztatzeak eginen dira, eta kaltetutako seinale horizontalak margotuko dira ere.

Erlazionatuak