Txilen kalea duen alkate ohiaz

Guaixe 2020ko urr. 20a, 11:01
Jose Manuel Goikoetxea Askorbe, Juan Cruz Alli eta Jose Antonio Ardanzaren artean.

Jose Manuel Goikoetxea Askorberen, "Fardelen", lagun talde batek duela pare bat urte “ekintzaile handi, berritzaile errepikaezin eta pertsona on baten figura aldarrikatzeko" egindako ahaleginaren emaitza da argitaratu berri den liburua.

Jon Gurutz Gomez Goikoleak, Luis Miguel Macias Pereda eta Luis Javier Telleria Orriolsek elkarrekin liburu bat idatzi dute: Una calle en Ancud. Jose Manuel Goikoetxea Askorbe (in memoriam). 200 orritan jaso daiteke altsasuarraren berri. Hiruko idazleak Noticias de Alava egunkariak aste honetan argitaratutako iritzi artikuluan adierazi duenez, "liburua Goikoetxeari Euskadik eta, bereziki, bere lehen sektoreak zor dion omenaldia izan nahi du. Baina profesional handi baten aldarrikapena ere bada”. 

Goikoetxearena lan kolektibo baten barnean kokatu dute, egungo Euskadiren oinarriak jarri zituen XX. mendeko 80ko hamarkadako politikariena. Eta egindakoa liburuaren bidez eskertu nahi izan diote. "Bere humanismoaren jatorriaren eta konpromiso sozial negoziaezinaren errepasoa da. Eta bere obraren eta merezi duen aitorpenaren aldarrikapena da”.

Gomezek, Maciasek eta Telleriak Goikoetxea "gizarte-bokazio sakona eta bizi izan zen gizartearekiko eta kide sentitzen zen herrialdearekiko irismen luzeko konpromisoa zituen gizon” gisa definitu dute. "Beraren kemenaz, ezagutzaz eta gogo biziaz gozatu zuten lekuetan hobera egin zuen bere bultzadaz”. Idazleek altsasuarrari aitortu diote Euskadin industriaren aurren galbidera zihoan "lehen sektorearen eraldaketarako eta aurrerabiderako palanka” izan zela. Azaldu dutenez, Goikoetxeak Eusko Jaurlaritzako sailburu gisa bultzatu zituen politiken ondorioen artean zerrendatu dituzte: kalitatezko nekazaritzako elikagaien ekoizpenak, landa-ingurunea duintzea, bertan lan-bizitza eta bizitza pertsonala garatzen dutenendako zerbitzu duinak sustatzea. 

Kalearena 
Bere bizitzako azken urteetan Txilen denbora asko eman zuen Goikoetxeak. Idazleek azaldu dutenez, Ancud Txileko Chiloé estatuko hiriburua da. Eta bere kaleetako batek altsasuarraren izen-abizenak ditu. "Horrela omendu dute hark egindako interesik gabeko lana, konpromiso sakona eta Chiloeren ongizatea eta garapen iraunkorra bultzatzeko egin zuen ekarpen handia. Bere lehen helburua behartsuenen bizitza duintzea eta errenta eta lan-baldintzak hobetzea izan zen”. 

Gaztigatu dutenez, "gaur egun, estatu hartako landa-turismoaren eskaintza erreferentzia bat da munduan. Kalitate eta esperientzia paregabeak eskaintzen ditu, eta jarduera ekonomikoaren dibertsifikazio-prozesu bat sortu du, zeinaren errendimendu osoa auzotarrek jasotzen baitute. Horregatik, Ancudeko kale batek ekintzaile bat gogoratzen du, estatuko biztanle guztien bizi-baldintzak hobetzeko hainbeste aktibatzeko gai izan zena”.

Altsasu  
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez, "hiru idazleek Goikoetxea oso ongi ezagutu zuten bere bizitzaren hainbat pasarteetan”. Aurreratu duenez, liburuan protagonistaren gazteria garaietatik heriotzara artekoak jaso dira. Goikoetxearen familiak liburuaren aurkezpen publikoa egin nahi izan zuen irailean. Pandemiaren kontuagatik, asmo hori, momentuz, bertan behera gelditu da, momentuz.

Ollok azaldu digunez, "liburua Altsasuko liburutegian hartu daiteke maileguan. "Ale bakarra dago, baina eskaera ikusita bigarren bat ere eramanen dute. Momentuz, hori da liburua eskuratzeko modu bakarra”. 

Erlazionatuak