Aurtengo efemeridea joan den urtekoa baino bareagoa izan da. Izan ere, joan den urteko lastailaren 9an jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko auziari buruzko epaia: urte bat eta sei hilabete eta bederatzi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak. Epaia irmoa zen, bete beharrekoa. Herritarrengan, atzera ere, bidegabekeria eta neurrigabetasun sentipenak islatu ziren. Etorriko ziren mobilizaziok prestatzeko garaia zen ere.
Laugarren urteurrenean ez dago halako girorik. Eta “gatz” pixka bat jarri diotenak ETBrako telesaila grabatzen ari direnak dira. Bitartean udaletxe parean dagoen kontagailuan zenbakia gero eta handiagoa da. Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 1.433 egun egiten dituzte zigorpean, haietatik 1.326 preso. 3. graduan daude eta irailaren 8az geroztik besoko telematikoa dute eta herrian bizi dira. Aratzek, Iñakik, Jonanek eta Julenek 899 egun egin dituzte zigorpean. Aurreneko biak abenduaren 20an atera ziren kartzelatik 588 egun preso egon ondoren. 3. graduan daude, herrian eta kontrol telematikoa dute. Zigorrik txikiena jaso zuen Ainarak ez zuen kartzelara sartu behar izan eta aske da dagoeneko.
Jonan eta Julen dira gaur egun preso dauden auzipetu bakarrak. Dagoeneko biek bina baimen izan dituzte espetxetik kanpo egun batzuk emateko. 3. gradura pasa eta egunak kalean eta gauak kartzelan pasatzeko eskaera egina dute eta horren zain daude. Bitartean, COVID-19 pandemiagatik, biak aurrez aurreko bisitarik ez dute eta mintza-tokian kartzelak lehen lau bisitari onartzen bazituzten, gaur egun bi dira. Bestalde, auzibideak bere martxan segitzen du.