Euskal kulturarekin, sortzaileekin eta artisteekin konpromisoa

Guaixe 2020ko urriaren 22a

'Zaldi Urdina' antzezlana izanen da larunbatean Altsasun. UTZITAKOA

Sakanako BERRIAlagunak taldeari eta Sakanako Mankomuniteari esker larunbatean, 19:30ean, Zaldi Urdina antzezlana izanen da Iortia kultur gunean. Egoera "zaila" izan arren, emanaldiarekin aurrera egitea erabaki dute. 

BERRIAk Sakanan euskara eta euskal kultur sustatzeko Sakanako Mankomunitatearekin eta Altsasuko Udalarekin batera urtero kultur ekitaldi bat antolatzen du, udazkenean. 2013. urtean hasi ziren ekimen honekin eta dagoeneko urteroko hitzordu bat bihurtu da. Ordutik, Gariren kontzertua, Zazpi aldiz elur antzezlana, Anariren kontzertua, Sakanako hotsak ekimena, Ez dok hiru antzezlana, Manez eta kobreak taldearen kontzertua eta Erlauntza antzezlana izan dira Altsasun. Goi mailako euskal kultur ekimenak. 

2020. urtearen aurrean egoera "zaila" izan zitekeela aurreikusi zuten antolatzaileek, baina ekitaldiari eustea erabaki dute, "beti ere unean uneko osasun baldintzetara egokitua". Beraz, sarreren salmenta martxan jarri zutenean, edukieraren %75 bete zitekeen, baina orain %30 besterik ezin da sartu. "Pena handia da ekitaldia baldintza hauetan egitea, aretoa bete zitekeelako Zaldi Urdina antzezlana iksuteko, sarreren salmenta eten egin behar izan delako, eta saldutako hainbat sarrera ezeztatu behar izan direlako". Esaterako, GUAIXEk antzezlana ikusteko bi sarrera bikoitzen zozketa egin behar zuen, baina edukiera berriaren aurrean, bertan behar utzi behar izan zuen.

"Hala ere, ekitaldia egitea erabaki dugu, euskal kultura ezin delako gelditu". Murrizketa izan arren, "aurrera egin" behar dela gaineratu dute antolakuntzatik. "Inoiz baino gehiago. Ekitaldia egitea euskal kulturarekin, euskal sortzaileekin eta euskal artisteekin dugun konpromisoa adierazteko modu bat izango da". 

Erlazionatuak

Hitzak askatuz

Erkuden Ruiz Barroso 2020 urr 21 Altsasu