Hitzak askatuz

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko urr. 21a, 14:03
'Zaldi Urdina' antzezlanaren une bat. UTZITAKOA

'Zaldi Urdina' antzezlana izanen da urriaren 24an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Sakanako BERRIAlagunek antolatu dute emanaldia, Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin

Aingeru 17 urteko gazte bat da eta festa batean egon ondoren ihes egin du. "Lehenengo aldiz trapitxeatu du. Zaldi Urdina deitutako droga bat saldu du. Festa horretan gazte bat hil da, eta beldurrez Aingeruk ihes egiten du". Ximun Fuchs Zaldi Urdina antzezlanaren zuzendaria da, eta road movie bat bezala aurkeztu du: "Familia Aingeruren bila joaten da eta Euskal Herria zeharkatzen du". Bidai horrek drogak Euskal Herrian izan duen eraginaren inguruko hausnarketarako aukera emanen du.

Egoera asko aldatzen ez bada, ur riaren 24an, larunbata, 19:30ean, Zaldi Urdina antzezlana Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da. Axut, Artedrama eta Dejavu kolektiboen elkarlanaren ondorioz sortutako lan bat da, eta Sakanako BERRIAlagunei eta Sakanako Mankomunitateari esker izanen da Altsasun. Nafarroako Gobernuak koronabirusaren eragina kontrolatzeko hartutako azken neurrien ondorioz, edukiera %30era jaitsi da eta dagoeneko sarrerak agortu dira.

Antzezlanaren abiapuntua droga da. "Droga Euskal Herrian gaur egun eta atzo. Atzotik gaur egunera izan duen eragina". Arazo indibidualak kolektiboak bihurtzen direnean sortzen diren galderak planteatzen dituzte Zaldi Urdina obran: "Zer da familia, nor naiz ni, nor da Aingeru, zeintzuk dira gure ametsak, zer da gazte euskalduna izatea…". Galdera intimoenak sortzen direla azaldu du Fuchsek.

"Artisten funtzioa galderak sortaraztea da. Iztukutako minak eta zauriak azaleratu behar ditugu". Drogak "sarraski" bat eragin du Euskal Herrian, "eta ez da inoiz epaitu. Droga nahita sartu zuten". Memoria kolektiboaren kontakizuna falta da eta antzerkiaren lana memoria "plazaratzea" dela esan du antzerkigileak. "Guk ez diogu jendeari esaten ez duela droga kontsumitu behar. Guk hausnartzen dugu ea zertarako erabaili den droga Euskal Herrian, zer eta nor dagoen horren atzean, nola sortu zen industria hori eta nor aberastu da guzti horrekin".

Euskal Herriko izkutatutako historia kaleratzea da, besteak beste, Zaldi Urdina antzezlanaren helburua. Horretarako, gaur egunetik atzerako begirada egiten du. Lanaren oinarrian A los pies del caballo Justo Arriolaren liburua dago. "Zehazki esaten da droga sartua izan zela". Antzezlana sortzeko "gertu" zuten informazioa erabili dute ere, eta auzoetara jo zuten familiei galdetzeko. "Droga sarraski bat izan da. Milaka eta milaka pertsona hil dira. Guztiak ez dira drogagatik zuzenean hil, batzuk istripuan hil dira, gaixotasun baten ondorioz hil dira…". Zauria ez da itxi eta ez da epaitu. "Familia horiek ez dira biktima gisa kontsideratu. Desbideratze bat bezala agertzen da. Gaitz baten moduan geratu da". Kulpa biktimen gainean gelditu dela azaldu du Fuchsek. "Ez da justizia egin, arazoa hor dago".

Gaia
Gaur egungo egoera batetik abiatzen den arren, "galderak" agertzen direnean ezinbestekoa da iraganera joatea. "Euskal Herria drogaren oasi bat da. Gaur egun ere bada, baina orain ez da heroina lehen bezala. Beste droga sintetiko batzuk daude orain". Hortaz, familiaren bidaian galderak sortuko dira eta Euskal Herriko drogaren historia kontatuko dute.

Zaldi Urdina antzezlana duela urte bat mustu zuten. Ordutik, "antzokiak bete dira". Jende askok ikusi du. "Ez da konpainiagatik edo antzezlanagatik, gaigatik da". Fuchsek azaldu duenez, familiek aukera dute drogaren gaia ateratzeko eta horri buruz hitz egiteko. "Familia askotan kide bat egoera horretan egon da, eta antzezlanaren bidez horri buruz hausnartzeko aukera dute". Hitzak askatzen dira. "Antzerkiak hitza askatzen laguntzen du; gaia kolektibizatzeko". Antzezlan "oso bortitza" da. Baina ez da mingarria. "Goxotasunetik landuta dago".

Bi urtez aritu dira antzezlana lantzen. Egoera pairatu zuten familiei galdetu zien eta horrekin hausnartzen hasi ziren. Ondoren, testua idazten zuten eta aktoreek entseatzen zuten. Unai Iturriaga eta Igor Elortza dira gidoiaren idazleak. "Joan etorriko bidai bat izan zen: idatzi, entseatu, entseatu, idatzi". Antzezlanean 21 pertsonek lan egiten dute guztira, eta aktoreak Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Rekondo, Mirel Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide dira.

Egoera berezia
Koronabirusak eragindako egoera "guztiok bezala" pasatzen ari direla esan du Fuchsek. "Kultura ez da babestu. Ez da lehentasunezko gauza bat bezala hartu. Konplikatua izaten ari da". Egoera "gaizki" kudeatu dela esan du zuzendariak. "Kulturako gauzak murriztu ziren lehen. Are gehiago euskal kultura". Euskal kultura ukitzen bada, euskara ukitzen da: "Zapaltzen da. Hizkuntza bat ukitzen denean izatea bera ukitzen da". Konfinamenduan plataforma "handiek" gora egin dute eta hauek "erdaraz" dira. "Euskal kultura aldarrikatu behar dugu. Lehentasunezko sektore bat gara". Kulturak komunitatea egiten du, "eta hitzek pertsonak". Arte eszenikoak "egoera larrian" daudela esan du Fuchsek: "Beharrezkoak dira, eta horietan inbertitu behar da". Pandemia pasa ondoren "kolorezko mundu bat sortu behar dugu".

Fuchs "kasualitatez" iritsi zen antzerkira. "Nola iritsi baino zergatik jarraitzen dudan antzerkian esan beharko nuke". Bizitzak eraman dio antzokira. "Antzerkia demokraziaren espazioa da. Herriak pentsatzeko, bizitzeko eta filosofatzeko espazioa". Antzerkiak, gainera, arte guztiak biltzen dituela azaldu du zuzendariak.