Altsasuko auziagatik kartzelan preso segitzen duten bakarrak Jonan eta Julen dira. Bigarren graduan daude. Espetxeen Erregelamenduko 100.2 artikuluak presoekin salbuespeneko neurriak hartzeko aukera ematen die kartzeletako Tratamendu Batzordeei. Zaballakoak oniritzia eman zien Jonanek eta Julenek kalean lan egiteko aurkeztu zituzten eskaerei, lan eskaintza bana baitute. Baina kalera lanera ateratzeko aukera hori atzera bota zuen Espainiako Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusiak lastailaren 21ean.
Jonanek eta Julenek 920egun egin dituzte gaur preso. COVID-19 gaitza kartzeletan ez sartzeko Espainiako Gobernuak haiek ixtea erabaki zuen. Ordutik Zaballan preso dauden bi altsasuarrek astean 30 minutuko bi senide edo lagunen bisita besterik ez dute. Aurrez aurreko edo bisean biseko bisitak kendu dituzte. Telefono deiak astean hamar dira eta pandemiaren hasieran hainbeste iragarritako bideo-deien arrastorik ez da gelditzen. Jonanek eta Julenek aldian behin egun batzuetarako kartzelatik baimenarekin ateratzeko aukera dute. Baina ongi hausnartutako erabakia izan behar du, kartzelara bueltan hamar egun bakartuta egon behar baitute.