2016ko azaroaren 14. 8:00ak, eta Altsasun Guardia Zibilaren eta poliziaren presentzia handia zen. Kale batzuk moztu zituzten. Operazio horretan urrian ospatutako ferietan izandako liskarragatik Audientzia Nazionalean irekitako salaketan agertzen ziren bederatzi altsasuarrak atxilotu zituzten. Hurrengo egunean, haietako sei espetxean sartu zituzten: Iñaki, Oihan, Jonan, Julen, Jokin eta Aratz. "Izaera terrorista duten lesio delituak" egitea egotzi zizkieten. Eta baldintzarik eta bermerik gabeko espetxe zigorra ezarri zieten hasiera batean. Ihes egiteko arrisku handia zegoela argudiatu zuten, urriaren bukaeran gazteak Nafarroako epaitegian borondatez aurkeztu baziren ere. Zazpigarren gaztea, Adur, Auzitegi Nazionalean borondatez aurkeztu zenean atxilotu eta espetxeratu zuten, egun batzuk beranduago. Ordutik ia 1500 egun pasa dira; lau urte.
2016ko azaroaren 14an izan ziren Altsasu Auziagatik lehenengo atxiloketak. ARTXIBOA
Altsasu Auziaren lehenengo atalak izan ziren. Lehenengo atxiloketak eta haiek salatzeko lehenengo mobilizazio jendetsuak izan ziren egunotan duela lau urte. Urte hauetan iraun du elkartasun adierazpenak. Esaterako, ostiralero Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske plataformak deituta kontzentrazioak egiten dira Altsasuko Udaletxearen aurrean. Pandemiaren ondorioz eragindako konfinamenduan baino ez zituzten kontzentrazioak eten. Denak aske izan arte egiten jarraituko dute.
Orain, egoera desberdina da. Jonan eta Julen dira espetxean dauden bakarrak, eta aurreko asteko guaixe astekarian lanera ateratzeko baimena ukatu zietela esan bazen ere, ikastera ateratzeko baimena eskatu zutela jakinarazi zuten Altsasu Guraso taldetik. Dena dela, bi gazteak bigarren graduan daude eta aldian behin egun batzuetarako kartzelatik ateratzeko baimena dute, baina gero hamar egun bakartuta egon beharra daukate. Adur, Jokin eta Oihan, 1326 egun preso egon ziren, eta gaur egun hirugarren graduan daude; besoko telematikoa dute. Aratz eta Iñaki aurreko urteko abendutik hirugarren graduan daude eta kontrol telematikoa dute ere. 588 egun preso egon ziren. Ainarak ez zuen kartzelara sartu behar izan zigor txikiena zuelako.
4 urte. Altsasukoak Aske
Altsasuko ferietako liskarra izan ondoren Altsasu herriaren eta izenaren kontrako informazioak zabaltzen hasi ziren. Kontran, herriak erantzun zuen eta 2016ko azaroaren 26an #Altsasu lelopean manifestazio jendetsua egin zen herrian. Hasieratik ere Altsasuren eta zigortutako altsasuarren eta haien senideen aldeko elkartasun keinuak hamaika izan dira. 2019. urtean azaroan zehar Hiru urteko laberintoa zikloa antolatu zuten.
Aurtengo egoera bereziak ez du aurrekoetan bezala urteurrena modu berezian aldarrikatzen utzi, baina larunbatean atxiloketen lau urte betetzen diren egunean, Elias Taño artistak egindako panel bat eta 4 urte. Altsasukoak Aske eskultura eta panel informatiboa jarriko dituzte Foru plazan Altsasukoak Aske plataformak eta Altsasu Gurasoak taldeak. Ekimena goizean zehar izanen da.