Auzitegiaren eta espetxearen arteko komunikazioak luze egiten dira erabakiaren zain dauden preso, senide eta lagunendako. Hala gertatu da oraingoan ere. Azaroaren 18an jakin zen Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak Jonan eta Juleni 100.2 artikuluaren malgutasun printzipioagatik lanera eta ikastera ateratzeko baimena onartu ziela. Baina 15 egun behar izan dira baimen hori gauzatu eta Jonan eta Julen kartzelatik atera ahal izateko. Hori bai, lanera eta ikastera joanen dira eta, ondoren, kartzelara bueltatuko dira, lotara. Eta asteburuak preso egon beharko dute Zaballan. Bigarren graduan preso segitzen baitute biek. Jonanek eta Julenek gaur 946 egun egin dituzte preso.