Auziari buruzko telesaila pantailara

Guaixe 2020ko abe. 4a, 12:28

Foru plazan grabazioko lantaldea.

ETB1 abenduaren 9an hasiko da ‘Altsasu’ telesaila ematen. Haren aurreneko atala igandean, 13:00etan, Iortia kultur gunean ikusteko aukera izanen da. Lantaldeko kideak ere bertan izanen dira.

ETBrendako eta TV3rendako “Altsasu” telesaila ikusteko garaia iritsi da. Heldu den asteazkenean, XXXetan, emanen du ETB1ek aurreneko atala. Asier Urbieta San Martinek zuzendutako telesaila 50 minutuko lau atal ditu eta guztiak abenduan ikusteko aukera izanen da. Lau orduko telesaila 2016ko lastailaren 15a eta 2018ko garagarrilaren 1a arteko epea hartzen du telesailak, hau da, Altsasuko ferietan liskarra izan zenetik Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen epaia jakin arte. Telesaila irailaren 21a eta lastailaren 23a bitartean grabatu zuten. 

Hain zuzen ere epaiaren 450 orriak izan dira telesaila egiteko oinarria. Elkarrizketak epaiko transkripzioetatik atera dituzte. Bestalde, auzipetuekin, gurasoekin eta hainbat altsasuarrekin ere elkarrizketak izan zituzten. Hala, dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikekin osatu da telesailaren bizkarrezurra. Hau da, protagonistak kuadrilla eta interes desberdinetako zortzi gazte dira, elkarren artean harreman sendorik ez zutenak. Zerbitzuz kanpo zeuden bi guardia civilekin taberna batean ordu txikitan izandako liskar batek guztiak prozesu judizial batean sartuko ditu. Mundu arrotz bateak ezustean harrapatutako pertsonaien bizitzako gorabeherak kontatu eta fikziozko bihurtu dituzte. 

ETBk telesaila eman aurretik, Altsasuko Iortia kultur gunean aurre estrenaldia eginen da, igandean, 13:00etan. Telesaileko arduradunak ere bertan izanen dira. 

Lantaldea
Eider Gabilondo, ekoizlea. 
Jon Sangroniz eta Txarli Argiñano, argazkia. 
Esti Salinas, arte zuzendaritza. 
Demetrio Elorz, edizioa.
Elena Setien, musika. 
Andoni de Carlos, Harkaitz Cano eta Mikel Alvarez, gidoilariak. 

Aktoreak 
Auzipetuak: Jon Olivares (Urko), Erik Probanza (Aitor), Nikola Zalduegi (Eki), Aia Kruse (Naiara), Asier Oruesagasti (Ander), Julen Jimenez (Gorka), Xabier Elizalde (Haritz) eta Ander Azurmendi (Jonmi). 
Guardia Zibilak: Cristian Merchan (Carlos), Jorge Monje (Raúl) eta Yasima Drissi (Maria Isabel, Guardia Zibilaren neska laguna). 
Aktore taldea: Jose Ramon Soroiz (Xabier), Miren Gojenola (Izaskun), Jose Ramon Argoitia (Joxe) eta Itziar Atienza (Leire abokatua).

Lokalizazioak
Altsasu, Iruñea, Oiartzun eta Segoviako kartzela.